Ia 17.000 ikasle ari dira atzoz geroztik HABEren euskara azterketa egiten

Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako deialdiez gain, Madrilgo eta Bartzelonako Euskal Etxeetan ere egingo dute euskara azterketa

Euskara azterketa, atzo, Barakaldoko BECen. BERRIA.
gotzon hermosilla
2021eko maiatzaren 6a
00:00
Entzun
Atzo hasi ziren euskara maila egiaztatzeko HABE Helduen Alfabetatze eta Berreuskalduntzerako Erakundeak prestaturiko azterketak. Ia 17.000 lagun arituko dira horretan larunbatera bitartean, eta haien euskara mailari dagokion proba gainditzen saiatuko dira. Azterketak bost lekutan egingo dituzte: Gasteizko Buesa Arena zentroan, Barakaldoko BECen (Bizkaia), Irungo Ficoban (Gipuzkoa) eta Bartzelonako eta Madrilgo Euskal Etxeetan.

Orotara, 16.831 ikaslek egingo dituzte euskara proba horiek. Gehienak, 10.700 inguru, euskaltegietan aritutako ikasleak dira, eta beste 6.200 lagun deialdi irekira aurkeztu dira. Horiei guztiei beste 513 ikasle gehitu behar zaizkie, duela bi aste HOBE sistema erabilita azterketak ordenagailuz egin zituztenak. Beraz, guztira, 17.344 pertsonak parte hartuko dute euskara mailak egiaztatzeko HABEren prozesuan, iaz baino ia 3.000 gehiagok.

Barakaldoko BECek hartuko ditu ikasle gehien: 9.045 lagunek egin behar dute bertan azterketa. Ficoban, berriz, 5.338 dira euskara azterketa egiteko aukera dutenak, Buesa Arenan 2.384, Madrilen 44, eta Bartzelonan 20.

Segurtasun neurriak

Jokin Azkue HABEko zuzendari nagusiak adierazi duenez, proba guztiak «osasun agintarien aholkuei jarraituz eta ikasleen eta prozesuan parte hartzen duten guztien osasuna zainduz eta segurtasun neurri guztiak bermatuz» egingo dira.

HABEk bereizten dituen lau mailetako bat egiaztatu ahal izango dute ikasleek azterketa hauen bidez: B1 (erabiltzaile independentea), B2 (erabiltzaile aurreratua), C1 (erabiltzaile gaitua) eta C2 (erabiltzaile aditua). Atzo eta gaur, maila horietako bat eskuratu nahi duten deialdi irekiko ikasleek izan dute azterketa, Arabakoek, Bizkaikoek zein Gipuzkoakoek. Bartzelonan ere atzoko eta gaurko prestatu dute proba, eta Madrilen, berriz, maiatzaren 8an egingo dute azterketa. Euskaltegietan izena eman duten Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako ikasleek, berriz, ostiralean eta larunbatean egingo dute azterketa.

Proba idatzia izango da oraingoa; izan ere, mintzamen probak ekainean eta uztailean egingo dituzte.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.