Koronabirusa

Jaurlaritzak atzera egin du, eta salmenta zuzeneko azokak baimendu ditu

Argudiatu du oinarrizko zerbitzuak ez diren jardueren barruan kokatu zuela debekua. Higiene neurri zorrotzak ezartzeko agindu du

Barazki eta fruta ekoizle bat, Oñatin atzo eginiko merkatuan. ANDONICANELLADA / FOKU.
jon ordonez garmendia
2020ko apirilaren 12a
00:00
Entzun
Eusko Jaurlaritzak atzera egingo du, eta tokian tokiko azokak baimenduko ditu. Atzo, koronabirusari buruzko eguneroko agerraldian egin zuen iragarpena Estefania Beltran de Heredia Segurtasun sailburuak. Aste honetan erabaki zuen Jaurlaritzak azokak debekatzea, jendearen joan-etorriak eta pilaketak eragozteko argudioarekin, baina neurri horrek kontrako erreakzio ugari jaso ditu egunotan, eta, azkenean, debekua kenduko du.

Beltran de Herediak gogoratu du asteartetik aurrera oinarrizkoak ez diren zerbitzuak eta industria jarduerak ere berriro martxan izango direla, eta testuinguru horretan kokatu du Jaurlaritzak azoken inguruko araudia aldatzeko erabakia. Azpimarratu duenez, azoketan ere bete beharko dituzte «indarrean dauden osasun eta higiene neurri zorrotzak».

Jaurlaritzak atzera egin badu ere, hainbat udalek —EAJ eta PSE-EErenak ere bai— iragarria zuten ez zutela agindua beteko, eskumena eurena delako eta ez Jaurlaritzarena, eta hark, azoken funtzionamendua arautu badezake ere, ezin dituelako debekatu.

Atzo ireki zituzten, adibidez, Ondarroako, Eibarko, Oñatiko eta Zarauzko merkatuak, segurtasun neurri jakin batzuekin. Azpeitian, Bergaran eta Ordizian ere zabaldu dituzte egunotan. Ondarroako Udalak argudiatu du azokak lehentasuneko zerbitzua direla, eta saltzaileen eta kontsumitzaileen eskubidea dela «nolako elikadura eredu ekoiztu eta kontsumitu nahi duten erabakitzea», eta horretarako beharrezkoa dela bitarteko guztiak ipintzea.

Oñatiko Udalak, berriz, azaldu du bere erabakiarekin herriko lehen sektorea lagundu nahi izan duela, eta berretsi du tokian tokiko eta garaian garaiko produktuen sustapen politikarekin aurrera jarraituko duela. Gogoratu duenez, «bizi dugun alarma egoera» dela eta, higiene eta segurtasun neurriak egokitu zituzten, merkatua lekuz aldatu eta saltzaile kopurua eta aldi berean erosten ari diren bezeroen kopurua mugatu zuten.

Haserreari erantzuna

Ordiziako Udalak ere gogoratu du inork ezer agindu aurretik arautu zuela berak nola ahalbidetu zuzeneko salmenta. Beste baldintza batzuen artean 65 urtetik behera izatea ezarri zuten, arrisku taldekoak direlako adin horretatik gorakoak, eta azaldu du horrek postu kopuruaren jaitsiera eragin zuela, asteazkeneroko azokara joaten diren baserritar asko eta askok ez dutelako baldintza hori betetzen.

Neurri batean gizartearen presioaren ondorioa ere izan da Jaurlaritzak atzera egitea. Debekua ezarri eta berehala eragin zuen baserritarren eta talde ekologisten haserrea. Merkatuak irekitzeko eskaerarekin bat egin zuten hainbat ekoizlek, kontsumo elkartek, sindikatuk eta alderdi politikok; guztira, 200 bat eragile. Erabakiarekiko desadostasuna agertu zuten, eta salatu zuten azokak debekatu baina saltoki handiak irekita daudela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.