Bizitako garaiaren narratzaile

Luisa Carnesen 'Hamahiru ipuin' itzuli du Danele Sarriugartek, eta Ereinek argitaratu du. Idazleak 1931 eta 1963 bitartean idatzi zituen ipuinak, testuingurua ardatz hartuta

Danele Sarriugarte itzultzailea eta Uxue Razkin editorea, atzo, Donostian, liburuaren aurkezpenean. JON URBE / FOKU.
aitor biain
2022ko urriaren 12a
00:00
Entzun
«Bere izena askotan aipatu da azken urteetan, eta liburu dendetara ere iritsi dira haren obrak, baina orain arte ez zaio kasu askorik egin. 27ko belaunaldikoa da, baina zerrendetan ez da haren izenik ageri». Ereinen editore lanak hasi zituenetik argi zuen Uxue Razkinek euskarara ekarri nahi zuen idazleetako bat zela Luisa Carnes. Eta argi zuen, halaber, nork itzuli behar zituen haren lanak: Danele Sarriugartek. Halaxe egin dute, bada: Hamahiru ipuin kaleratu du argitaletxeak, Sarriugartek berak euskarara ekarria. 2016an kaleratu zuen liburua Hoja de Lata argitaletxeak, idazleak argitaratu gabe zituen ipuinak bildu ostean; hura hartu dute oinarri itzultzeko. «Liburu horri esker ezagutu nuen Carnes nik, eta amari esker ere bai, berak esan baitzidan haren liburuak irakurri behar nituela».

1905ean jaio zen, Madrilen, eta idazlea eta kazetaria izan zen Carnes. Errepublikazalea izanik, 1936ko gerra hastearekin batera erbestera alde egin behar izan zuen, eta, horren ondorioz, «eten» egin zen haren literatura ibilbidea, Razkinek azaldu duenez. «Mexikora alde egin zuen, eta han hil zen, istripu baten ondorioz». Erbestealdia hasi baino bi urte lehenago kaleratu zuen ordura arteko lan bakarrenetakoa: Tea Rooms, mujeres obreras. Hura da haren lanik ezagunena ere. Baina Razkinentzat ipuin bilduma izan zen idazlea ezagutzeko giltza: «Gazteleraz irakurri nituenean, euskaraz imajinatu nuen bere ahotsa, eta horregatik erabaki genuen ipuinekin hastea. Euskaraz irakurri eta entzun nahi nuen nire buruan ahots hori».

Izenburuak jasotzen duen legez, hamahiru ipuinek osatzen dute liburua. Carnesek 1931 eta 1963 bitartean idatzi zituenak dira, hots, erbestera joan aurretik eta ondoren ondutakoak. Hori dela eta, lau ataletan bana daitezke ipuinak, editoreak azaldu duenez: Errepublika garaikoak, gerra garaikoak, Mexikori buruzkoak, eta nazioartean garai hartan «pil-pilean» zeuden gaiak lantzen dituztenak. «Errealismo sozial handiko ipuinak dira, eta nik uste dut merezi duela ipuinotan agertzen diren gaiak euskaraz irakurtzea: hala nola errepresio frankista, preso eta erbesteratuen egoera edota emakumeen borroka».

Garai eta lekuen tonuak

Sarriugartek ez zuen inoiz irakurria Carnes, ordea; entzuna zuen haren izena, baina ezezaguna zitzaion haren obra. Aitortu duenez, jakin bazekien haren nobela berrargitaratu zutela, «hainbat urtetan bazterrean utzita egon eta gero», eta irakurria zuten ingurukoei «asko» gustatu omen zitzaiela ere bazekien. «Baina nik irakurri gabe daukat oraindik», esan du itzultzaileak. «Tira, ipuinak oso gertutik irakurtzeko aukera izan dut honi esker».

Hori dela eta, eskerrak eman dizkio Razkini, itzultzeko bera aukeratzeagatik eta emandako «konfiantzagatik». Esker oneko hitzak izan ditu Uxue Alberdirentzat ere: «Ipuinak irakurri ditu, eta asko lagundu dit: zuzenketa eta iradokizun emankorrak eta aberasgarriak egin dizkit».

Sarriugartek aitortu duenez, ipuinetan ageri den «giroa, estiloa eta tonua» ongi «harrapatzea» izan du lan nagusia. Izan ere, eremu geografikoaren aldaketa zein denboraren joana oso agerikoak dira kontakizunetan: «Ipuinak hainbat hamarkadatan idatzita daude, eta tonuak ezberdinak dira, [idazlea] bera ere askotariko egoeretan egon zelako. Lehenengo ipuina, esaterako, oso laburra da, eta oso dibertigarria. Baina gero, hori aldatzen da». Horregatik, ipuinak bere osotasunean baino gehiago, pasarteak eta pertsonaien hizketa moldeak ongi jasotzea izan da erronkarik handiena itzultzailearentzat: «Garai batzuk islatzea».

Hori zaio azpimarragarri Sarriugarteri, hain zuzen ere, lekuak eta garaiak ipuinen idazketan duten eragina: «Leku eta garai bateko hizkuntzatik hurbil idazten du, eta horren baliokideak topatzea euskaraz eta 2022an, eta ez 1945ean Gaztelan edo Andaluzian, ba hor badago zailtasun bat». Garai jakin baten lekuko izan baitzen Carnes, eta haren ipuinak garai horien «zuzeneko testigantza» dira, Razkinek gogora ekarri duenez. Horregatik, «kronika itxura» dute ipuin askok. Ama ereilearen unea edota Akelarre dira Sarriugartek aipatu dituen adibideetako bi. «Nahiz eta ipuin guztiek daukaten alderdi sozial hori, ipuin batzuen kasuan hori dago sartuta narratiba baten edo pertsonaia batzuen bilakabidean. Eta kasu horietan bereziki ikusten da bere kazetari sena».

Alderdi poetikoa nabarmena da ipuin guztietan, editoreak azaldu duenez. Eta, bereziki, kontakizunen hasierak eta bukaerak dira adierazgarriak haren idazketan: «Kontalari bikaina da». Deskribapenak egiteko eta irudiak sortzeko gaitasuna azpimarratu dizkio Sarriugartek, ostera. «Ipuin bat baino gehiago oinarritzen du elkarrizketetan, eta hor ere egiten du lanketa bat». Hainbesteko dramaren artean idazleak darabilen «umorea» ere nabarmendu du itzultzaileak.

Egindako lanagatik zoriondu du Razkinek Sarriugarte, eta, esan duenez, idazlearen senitartekoek ere pozik hartu dute haren obra euskaraz argitaratu izana: «Ilusioa egin die euskarazko itzulpenak».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.