Pastor
DARWIN ETA GU

Gau bat Sandokanekin

2021eko otsailaren 27a
00:00
Entzun
Bonboi kutxa bat zen bizitza, Forrest Gumpentzat; kondoi kutxa bat da insomnioaren giltza, zuretzat. Festa dute ondoko gelan. Festa, astearte batean. Gauerdia da, eta astrapalak ez dizu lorik egiten uzten. Batez ere, itxuraz oheburuak hormaren kontra jotzen dituen kolpe gero eta ozenagoek. Eta neska baten plazerezko intziriek.

Festa, sexu festa. Entzungailuak jarri dituzu sakelakoan eta Rock Antenne irratia bilatu. Zaratak eta hotsak itoko ditu rockaren ahotsak? Amorratzen hasi zara eta horrek berpiztu egin zaitu. Lasai, laster amaituko da. Oraindik ez dakizu txingitxanga gau osoan luzatuko dela, aldamenean Sandokan ari dela, jo eta su, gelditu gabe.

Telebistan ikusitakoa errepasatzen hasi zara, zeure burua entretenitzeko: Katalunia, pandemia... ETBn birusari buruz hitz egin dute hiru lagunek. 24h katean harritu egin zaitu hizkera frankista duen aurkezleak, Eusko Jaurlaritzari el gobierno regional deitu dionean. Erregioa gara. Europako eredu autonomiko garatuena omen duen estatu ia federaleko telebista publikoak ez du estilo libururik, EAE erregiotzat jotzea debekatzen duenik? Irratiko musika ozenago jarri duzu, baina badirudi horrek Sandokan indartu duela, «I want it all, I want it all, I want it all, and I want it now», hotsak, oihuak, biziagoak baitira. Eta orduan gaua luzea izango den errezeloa izan duzu, hobe duzu bere horretan utzi, let it be, ez odol txarrik egin.

Bete-betean asmatu duzu. Eta berriro ernegatu. Hiruretan korridorera irten zara eta hiru danbada eman dituzu atean. Alferrik. Nekaezina da Sandokan. Laurek jo dute eta lanean segitzen du Malaysiako tigreak, jardunean. Non ibiliko da orain? Malakako itsasarte epelean barrena ala oraindik Kinabalu malkartsuan gozatzen? Telebistan Sandokan seriea eman zutenean abesten zenuten kanta zozoa etorri zaizu burura: «Sandokan, Sandokan, tiene la ..... como un tobogán». Eta Kabir Bedi aktorea, Sandokan, Madrilgo kaleetan korrika, atzean andre saldo bat zuela, «zure ume bat nahi dugu!» oihuka, su uterinoak hartuta. Ondoko gelako neska hamaika emakumeren ametsa betetzen ari da, bere bularrak Sandokanen besoen azpian bilduak. Edo modu ahaldunduago batez: bere izterrak Sandokanen gerriaren gainean kiribilduak. Ohea ere boterearen gudu-zelaia baita, Josep Vicent Marquesek liburu hartan azaldu zuenez.

Inbidia puntu bat ez ote duzun pentsatu duzu. Garrantzia kendu diozu: nork ez du halako gau bero likitsa izan? Hala ere, zu beste aldean zaude orain. Gazteagoa zinenean gertatua oroitu duzu. Pisuan bisitan zegoen neska batek zarata iluna eta serenata lizuna entzun zituen gau batean. «Horrek oso ondo egiten du», esan zion goizean bikotekideari. Eta gizonak asaldatuta moztu zuen, «ixo!», macho urguilerian min. Nolaz onartuko zuen neska-lagunak beste tipo baten abilezia eta potentzia sexualak txalotzea bere aurrean? Eta ikasle garaiko beste eszena bat piztu da zure buruan: pisuko lagun bat besteen neska-lagunei errepasoa ematen, «ederra da. Ondo tiratzen du?». Harik eta behin, nazka-nazka eginda, aurrean zuen mutilak haren neskak kristoren izterrak zituela esan zion arte. Orduan altxatu eta ohera joan zen ahozabala, sutan: «Pasatu egin zara». Gizonak.

Ohean geratu zara, esna, musikari adi, badakizulako, itxura hartu diozu, Sandokan ez dela geldituko: bostak, bost eta erdiak, seirak... eman eta eman segituko du. Azkenean, zazpiak aldean bukatu du saioa. Horretaz konturatu eta jaiki egin zara, aurreikusi baino ordu erdi lehenago. Telebista piztu duzu, telefonoko rock musika ere entzungai jarri duzu, oso altu. Eta jadanik inoiz erabiltzen ez duzun ile-lehorgailua ere entxufatu duzu bainugelan, baina 316 gelatik ez da kexarik iristen. Sandokan eta neska zoriontsua lo daude, antza. Eta alde egin duzu, etsita. Ezin duzu Sandokan izorratu, soilik madarikatu. Kabir Bedi, Kabir Bedi, zure txirrista herdoil bedi. Hoteleko atearen ondoan gizon bat erretzen ari da. Eguna ez du oraindik argitu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.