Eusko Jaurlaritzari justizia eskatuz

2022ko uztailaren 24a
00:00
Entzun
Guztiontzat ezaguna da, Europak berriki emandako irizpen baten ondorioz, 2024. urtea amaitu baino lehen, bitartekoak «egonkortzeko» prozesu masiboak egingo direla hainbat esparrutan. Hezkuntzan, zehazki, hiru oposizio mota egingo dira: merezimenduen EPEa, proba ez baztertzailedun EPEa eta proba baztertzailedun EPE tradizionala.

Merezimenduen EPE modalitatean, hasieran aipatu zen plazak finkatuko zirela, ez pertsonak, eta, beraz, langile horiek karrerako funtzionarioaren «antzeko» estatusa lortuko zutela, baina ez berdina. Aurrerago ordea, karrerako funtzionario izendatuko dituztela berretsi zen. Hau da, eskubide berberak eskuratuko dituzte inolako probarik egin gabe: ez ahozko proba, ez idatzizko proba, ez proba zaharkitua, ez irakaskuntza-gaitasuna «neurtzen» duen proba; izan ere, ez dute probarik egingo.

Ondoren, baieztatu zen Merezimenduen EPE modalitatearen bidez plaza lortzen dutenek ez dutela egingo karrerako gainerako funtzionarioek egin behar izan duten praktika-urtea.

Bitartean, badira 2020an oposizioan izena eman, eta lanordu kontaezinen, sufrimendu handiaren eta justifikatu gabeko atzerapen ugariren ondoren, azkenean 2021eko ekainean eta irailean egin ziren proba gogorrak gaindituz plaza eskuratu zuten irakasleak (plaza lortu zuten ala ez jakiteko 2022ko otsailera arte itxaron behar izan zuten). Pandemiak eragindako atzerapen urteaz gain (non oposiziogileek dataren ziurgabetasunarekin bizi behar izan zuten une oro), Eusko Jaurlaritzak praktika urtea ikasturte bat atzeratzea erabaki zuen gainerako autonomia erkidegoetan ez bezala. Beraz, irakasle horiek (zenbait Merezimendu EPE modalitate berrian plaza lortzeko adina esperientziarekin), 2022-2023 ikasturtean egingo dute praktika urtea, eta karrerako funtzionario izendapena 2023ko irailean eskuratuko dutela aurreikusten da.

Eta hona hemen bidegabekeria handia. Merezimenduen EPE berriak praktika urtea egiterik eskatzen ez duenez, hainbat sindikatuk baieztatu dute Eusko Jaurlaritzaren planteamendua 2020ko EPE gogor, tradizional, zaharkitu eta amaigabea gainditu ondoren plaza lortu duten irakasleen etaMerezimenduen EPE bidez plaza lortzen duten irakasleen karrerako funtzionario izendapena batera gauzatzea dela, 2023ko irailean. Ondorioz, 2020ko EPEko funtzionarioek ez dute antzinatasun handiagorik izango, eta dagokien lehentasuna galduko dute etorkizuneko lekualdatze lehiaketetan lanpostua aukeratzeko orduan.

Merezimenduen EPE modalitate berria bidezkoa den ala ez alde batera utzita, 2022ko uztailean gaude eta oraindik ez dira deialdi horren oinarriak argitaratu. 2020koak 2020ko otsailean argitaratu ziren, duela ia bi urte eta erdi. Horregatik guztiagatik, 2020ko EPEan plaza eskuratutako funtzionarioek gutxienez urtebete gehiagoko antzinatasuna izatea eskatzen dugu 2023ko Merezimenduen EPE berriaren bidez plaza izango dutenekiko. Gure eskubideak aldarrikatzeko talde bat sortu dugu eta sindikatuei zein administrazioari eskatzen ari gara dagokigun antzinatasuna izan dezagun; baina lortzen ez badugu, bide judizialera joko dugula iragartzen dugu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.