Tere Maldonado.

Hezkuntza errepublikanismoan

2022ko otsailaren 20a
00:00
Entzun

Errepublikanismoa ez da bakarrik errege edo erregina baten pean bizi nahi ez izatea. Tradizio politikoa ere bada, liberalismotik eta komunitarismotik bereizten dena. Nolabait, haiekin lehian dago, nahiz eta bietatik ere zenbait ideia erreskatatzen dituen (gizabanakoen eta eskubide indibidualen garrantzia, liberalismotik; elkarrekikotasunaren edo sozializazio-prozesuaren lehentasuna, komunitarismotik). Baina, haiek ez bezala, errepublikanismoak sustrai oso zaharrak ditu Mediterraneoko kultura klasikoan. Adar oso bestelakoak dituen arren, ezaugarri amankomuneko batzuk agertzen ditu beti. Hitzean bertan publikoa denaren lekukoa agertzen da, tradizio politiko honetan zein garrantzitsua den seinale.

 

Publikoa (eremuak, egiturak, erakundeak, botereak, interesak) eratu eta zaindu behar da, errepublikanismoaren aburuz. Pentsamolde errepublikanoarentzat, hezkuntza publikoa garrantzi handienetako gaia da. Hezkuntza publikoa ezarri, garatu, mantendu, zaindu eta mimatu ere egin behar da, kontzepzio honen muin gogorrean baitago.

Izan nahi dugun hezkuntza-sistemari buruzko eztabaida pil-pilean dago. Iruzur eta ustez aurrerakoi diren pedagogiak eta hezkuntza-politikak askotan ke hutsa diren ikusmoldeak errepikatzen dituzte eta ez doaz inora (adibidez, «ikasten ikastea» dioen leloa edo «ikaslea erdigunera» bezalakoak). Baina, beste batzuetan, arriskutsuak dira benetan, eta praktikan jartzean sor dezaketen kaltea konponezina izan daiteke. Horixe gertatzen da administrazio autonomikoak hezkuntza-politika «deszentralizatu» nahi duenean, ikastetxeen «autonomia» bultzatzeko asmoz, edo ikaskuntza ikaslearen «ingurune gertuenera» hurbildu behar dela defendatzen duenean.

Hortik dabilen testuak gogo biziz (ziur aski jende askok partekatuta) hitz egiten du deszentralizazioaz eta irakaskuntza ikaslearen ingurune hurbilenera eroateaz. Itxuraz, soinu ona duten esamoldeak dira. Baina res publica-n (EAEko administrazioan, gure kasuan), hezkuntza-sistema bakarrak eduki eta metodologia ahalik eta berdintsuenak ezarri behar ditu. Gero, jakina, hori erlatibo samar ere bada, eta katedra-askatasuna dago, eta irakasteko estiloak eta abar.

Baina administrazioak bermatu behar du eskola handi batean zein txiki batean ikasi, hirian zein mendiko herrian, auzo aberatsean pobrean bezala hezkuntza berbera jasoko dela lurralde osoan. Kirol-instalazioak, liburutegi-hornidura edo sarerako sarbidea oso antzekoak izan behar dira. Ez dut esan «baliabide asko edo gutxi dituen eskola batean ikasi gorabehera», hori ezin baita eman. Bizi garen sistema juridiko-politikoei geratzen zaien zilegitasun demokratiko tanta bakarra gutxieneko aukera-berdintasuna bermatzea da. Ez dago honelakorik, jakina, baina hala-nola horretara hurbiltzeko modu bakarra irakaskuntza-sistema publiko sendoa da. Hura ezean, eliteek betikotzen jarraituko dute, eta gizarte-haustura handiagoa izango da. Ikasle batzuek ez dakit etorkizun irekia eta oparoa izango duten, baina aukeraren bat izango dute; beste askok, etorkizun gutxi, edo mugatua oso.

Hurbiltasuna, besterik adierazi ezean, beste kontzeptu erakargarri bat da (erosketak egitean edo seme-alabak zein ikastetxetara joango diren erabakitzean komenigarria). Baina hezkuntzaren eginkizunetako bat, hain zuzen, geure burua ingurune hurbiletik ateratzea da; sorlekutik, komunitatetik edo familiatik urruntzea eta mundu zabalera eramatea, bestelako errealitateak ezagutaraziz.

Fisikoki ez da hain erraza izango beti (nahiz eta ahal bezainbeste saiatu behar den, bidaiak eginez, herritik edo auzotik kanpoko museoak, kobak, aztarnategiak bisitatuz), baina bai mentalki. Hurbilekoa lehenetsita ezagutzen dugu, urruna (denboran eta espazioan) bakarrik hezkuntzak erakusten digu (ez Internetek, hezkuntzaren gidaritzarik gabe berberaren etengabeko errepikapena baita). Batez ere, diru gutxiko familietan.

Euskadiko herri edo auzo batean jaio edo bizi banaiz, eta nire familia kultura gutxikoa bada (klase sozialagatik gertatzen da hori), nola interesatuko naiz, bada, tragedia greziarrarekin, eskolak erakusten ez badit? Hemendik gutxira ez gara jabetuko zein tragikoa den Antzinako tragedia greziarra ez ezagutzea. Gutxi batzuek bai, antzokira joaten jarraituko dute (edo operara), eta ikuskizun bikainez eta ederrez gozatu ahal izango dute. Jakina, horrek ez du esan nahi eskolak herriko eliza gotikoaren edo ondoko herriko labar-pinturen gozamena sustatu behar ez duenik. Edo inguru gertuko bertsolarien tradizioaren ezagutza ez sustatzea. Baina haur aberatsak beti joan daitezke haratago. Eta badoaz. Eskola publikoak aberatsak ez diren haurrei helduaroan antzerkira edo operara joateko zaletasuna izateko aukera eskaini behar die.

Politika ahal denaren artea dela esaten da. Horregatik, errepublikanoak baina aldi berean errealistak izanik onartu behar dugu ezinezkoa dela (edo ez komenigarria) irakaskuntza pribatua ezeztatzea, jende askok ez bailuke ulertuko. Baina ikuspegi errepublikano batetik, adierazpen txikienera murriztu beharko litzateke, berdintasunaren printzipioari helduta.

Ideia errepublikanoak nagusituz gero, ikasle etorkinak onartu behar izatearen beldur diren ikastetxe itunpekoek pentsa dezakete kosmopolitismoa lantzeko aukera paregabea edukiko luketela. Ikaskide edukitzea familia jatorria Hego Amerikako goi-ordokian duen ikaslea, Mendi Zaharraren (Machu Picchun) hondakinen ondoan, edo Ming dinastiaren sortzailea jaio zen Txinako hirian, horra benetan ikasteko eta ezagutzeko aukera!

Ezkerrari buruz, iruzkin gutxi. Boterera iristean desengainu bilakatzen da gehienetan, beti ez esatearren. Baina oraingoan lortu du boterea usaindu baino lehenago. Edo usaindu ote dute? Kirats moduko bat arnasten da giroan, bai. Kontatuko digute. Edo ez.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.