Greba Loiuko aireportuan

Bidaiarien ugaritzeari ezin eutsi

Akordiorik lortu ezean, igandea hirugarren greba eguna izango dute Loiuko aireportuko Aenako langileek. Salatu dute lantaldeak «neurri bertsuan» segitzen duela bidaiariak bikoiztu egin badira ere

Bidaiarien ugaritzeari ezin eutsi.
Ibai Maruri Bilbao.
Bilbo
2019ko uztailaren 18a
00:00
Entzun
Igandean hirugarren greba eguna izango dute Loiuko (Bizkaia) aireportuko 169 langilek, Aenaren beharginek —Espainiako Gobernuaren aireportuak kudeatzen dituen enpresa publikoa—. Salatu dute gero eta lan karga handiagoa dutela, eta horri konponbidea emateko eskatu diote enpresari. Sindikatuek ohartarazi dute 30-35 lanpostu falta direla; izan ere, azken urteetan nabarmen igo da hegaldien eta bidaiarien kopurua Loiun. Uztailaren 1ean egin zuten lehen greba; joan den igandean bigarrena. Uda osorako mobilizazio egutegia prestatu dute CCOO, ELA, LAB eta USO sindikatuek, eta, aurrekoek ez bezala, uztailaren 21ekoak eragin handia izango du hegaldietan. Izan ere, Aenak eta sindikatuek orain arte «ezberdin» ulertu dute gutxieneko zerbitzuak zehaztu dituen dekretua, eta, joan den igandean, esaterako, enpresak ez zuen bertan behera utzi hegaldirik, nahiz eta, sindikatuen arabera, hogei ingururi eragitekoa zen. Hala, gutxieneko zerbitzuak betetzera joan ziren langileek grebarik egon izan ez balitz bezala egin zuten lan, neurri berean.

Uztailaren 1ean ere antzeko zerbait gertatu zenez, sindikatuek salaketa ipinia zuten ordurako. Aste honetan, epaileak sindikatuei eman die arrazoia: ebatzi du Aenak oker interpretatu duela dekretua. Hala ere, epaileak ez du uste enpresak nahita egin duenik, eta ez du zigortu. Sindikatuek espero dute enpresak gutxieneko zerbitzuak beteko dituela igandeko greban. Hala, oraingoan bai, aurreikusi dute hogei bat hegaldi bertan behera gera litezkeela.



Negoziazioak etenda izan dituzte luzaroan, baina joan den astelehenean berriro eseri ziren patronala eta sindikatuak. Ez zuten akordiorik lortu. Dena den, sindikatuek negoziatzen jarraitzeko prestasuna agertu dute. «Eguneko 24 orduak ditugu mahaian esertzeko, libre. Enpresari dagokio orain deitzea, eta espero dugu ahalik eta lasterren izango dela», zehaztu du CCOOko ordezkari eta langile batzordeko bozeramaile Jose Manuel Lorenzok. Uste du oraindik enpresak baduela denbora akordioa lortzeko eta mobilizazioak garaiz saihesteko. Pozik hartu du negoziazio mahaia osatu izana. Baina kezkatuta dago orain: «Geu gabiltza euren atzetik hitzordu berria jarri nahian, eta oraindik ez dugu lortu». Interes falta egotzi dio zuzendaritzari.

«Krisialdi ekonomikoaren aurretik hiru eta lau milioi bidaiari artean igarotzen ziren urtero; orain, sei milioi baino gehiago dira. Hau da, bikoiztu egin da. Enpresaren arabera, lantaldea %16 hazi da epe berean. Nabarmena da igoera biak ez direla orekatuak izan», ohartarazi du Aitor Garmendiak, ELA sindikatuak langile batzordean duen ordezkariak. Haien eskaera zehatza den arren, negoziatzeko prest agertu dira. «Kopurua baino garrantzitsuagoa iruditzen zaigu arloen arteko oreka mantentzea. Badakigu beti ezin dela lortu eskatzen duzun guztia». Lorenzok zalantzan ipini du enpresak emandako portzentaje hori. «Hala ere, ontzat emango dugu. Baina argitu behar da lanpostu berri guztiak arlo batzuetan izan direla, eta guk uste dugu lantaldeak guztietan hazi behar duela. Igoera orekatua izatea eskatzen dugu». Lorenzoren arabera, sortu den enplegu berria aginte postuetarako izan da, baina hor ez dago premiarik handiena. «Guk ez dugu esango lanpostu horiek ez direnik behar; agian behar dira. Ez dugu eztabaida horretan sartu nahi. Baina zer egingo duzu aginte postu gehiagorekin ez baduzu izango eguneroko lan praktikoa egingo dizun langile berririk? Bada, hori da egoera».

BERRIA Aenako ordezkariekin hitz egiten ahalegindu da, baina komunikazio zerbitzuak erantzun du ez dutela adierazpenik egin nahi. Prentsa ohar bidez sindikatuei esandakoa errepikatu du: lantaldea %16 hazi dela Loiun 2015etik, eta Aenak kudeatzen dituen beste aireportuetan %10 igo dela. Era berean, iragarri du aurten hamar langile gehiago kontratatuko dituela, eta horietatik zazpi bezeroei arreta emateko zerbitzuan egongo direla.

Hain zuzen, zuzendaritzak azken bileretan proposatu du lantalde batzuk handitzea; besteak beste, bezeroei arreta ematen dien zerbitzuko lantaldea handitzea proposatu diete. Joan den asteleheneko batzarrean, aire- nabigazio zerbitzuko lantalderako eta prebentzio arlorako eskaintza jaso zuten, baina langileen ordezkariek ez dute uste nahikoa denik. «Arlorik delikatuenak falta direla iruditzen zaigu, aireportuko segurtasunarekin lotura dutenak: suhiltzaileak, informatika zerbitzua...», ohartarazi du Lorenzok. Suhiltzaileen egoerak kezkatzen ditu bereziki.

Segurtasuna eta arreta

Garamendik azaldu du nolakoa den egoera. Azaldu du txanda batzuetan bost suhiltzaile egoten direla, eta beste batzuetan, sei, baina aspalditik dute hitzartuta txanda guztiak sei lagunekoak izatea. «Tamaina horretan finkatu genuen gutxieneko egitura». Hori berma dadila eskatzen dute. Ohartarazi du zuzendaritzak azken urteetako hiru erretiro aprobetxatu dituela postuak kentzeko. «Agian ulergarria izan da krisialdi urteetan lan eskaintza publiko berririk ez egitea, baina orain administrazioa hasi da horretan, eta ez dugu ulertzen hemen zergatik ez den egin».

Loiuk 2002tik du suhiltzaile taldea. Izan ere, Sondikako aireportua txiki geratu, eta berria egiteko hautatu zituzten lurrak lindanoz kutsatuta zeuden. Garbitu, eta produktu kutsagarria pista buruan eraiki zuten biltegi zigilatu batean sartu zuten. «Oso arriskutsua da, eta beste aireportuek ez duten arrisku faktore bat gehitzen dio. Hegazkin istripu batek hondamendia eragin dezake. Horregatik adostu genuen aireportuan suhiltzaileak egotea, istripu bat gertatuz gero ahalik eta azkarren esku hartuko dela bermatzeko», azaldu du Lorenzok. Garamendik ohartarazi du hegaldi gehiagorekin istripua izateko aukera handiagoa dagoela. «Aireportuak gero eta segurtasun neurri gehiago ditu, eta suhiltzaileek gero eta baliabide gehiago. Baina horiek erabiltzeko behar beste langile ez baduzu, alferrikakoak izango dira istripurik egonez gero».

Garmendiaren esanetan, langileak iritsi ezinik sentitzen dira, eta lanpostu batzuetan ez dituzte betetzen gaixoaldiak; esaterako, horigertatzen da administrazioko langileen kasuan, esan duenez. Ohartarazi du eragina duela, beharginen baldintzetan ez ezik, baita erabiltzaileek jasotzen duten zerbitzuan ere: «Lana aurrera ateratzea gero eta gehiago kostatzen da, eta hori bidaiariek jasaten dute». Objektu galduak gordetzeko bulegoa erabili du adibide gisa. Hara eroaten dute bidaiariek eta bidaia laguntzaileek galtzen duten guztia. «Ez da gauza bera horrelako bulego batean lan egitea urtero hiru milioi pertsona pasatzen diren aireportu batean edo sei milioi pertsona pasatzen diren batean. Langile kopuru bera dago hiru milioi zirenean eta orain. Bulegora iristen diren objektuen kopurua ere bidaiarien kopurua beste hazi da». Informazio bulegoan ere gero eta ilara luzeagoak sortzen direla salatu du.

Lorenzoren esanetan Aenak «low cost aireportuen eredua» sustatu nahi du. «Bidaiariak sartu eta irten egiten dira etengabe, eta zenbat eta denbora gutxiago egin hemen, hobeto. Baina guk uste dugu kalitatezko zerbitzua eskaini behar diegula, eta, batez ere, segurtasuna bermatu. Eta horretarako langileak falta dira». Zehaztu du Aenaren menpeko beharginak gutxiengoa direla. Gehienak beste enpresa batzuetakoak dira, eta azpikontratatuak. «Horien baldintzak okerragoak dira; gureek aireportuaren egoera ulertzeko balio dute».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.