Genero arrakala. Eustaten inkesta

Zaintza, desoreka iturri

Zaintza eta lana bateratzeko zailtasun handiak dituzte langileen %30ek. Emakumeek, oraindik ere, denbora gehiago egiten dute zaintzan

Irune Lasa.
2019ko ekainaren 26a
00:00
Entzun
Etxetik kanpo lanean dabiltzanen %30,2k zailtasun handiak dituzte euren lana eta seme-alaben zaintza uztartzeko Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Gehiago dira menpekotasuna duen norbait zaindu behar dutenak eta kontziliaziorako zailtasun asko dituztenak: %37, hain zuzen ere. Eta ez dira gutxi beste jarduera pertsonalak lanarekin bateratzeko zailtasun asko dituzten landunak ere, %26,7. Hala ere, landunen %46k ez dute zailtasun handirik baimen eta lanaldi murrizketak lortzeko, eta %35ek lanetik irteteko ordutegi malgua du.

Hori bai, Lana, familia eta norbere bizitza kontziliatzeari buruzko inkestaren datuekin Eustatek plazaratu duen txostenak erakusten du oraindik ere tartea badagoela etxetik kanpora lan egiten duten emakumeek eta gizonezkoek zaintzara ematen duten denborarekin. Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoko emakume landunek egunean batez beste 4,7 ordu egiten dituzte 15 urterik beherako seme-alaben zaintzan; egoera berean dauden gizonezkoek, berriz, 3,3 ordu. Emakume landunek egunero batez beste 2,4 ordu egiten dituzte beren kargura dituzten eta menpekotasuna duten pertsonak zaintzen; gizonezkoek ordu bat gutxiago, 1,4 ordu. Etxeko lanetan batez beste 1,4 ordu egiten dituzte gizonezkoek egunean; emakumezkoek, berriz, 2,1 ordu.

Batez bestekoetatik harago, emakume landunen erdiek baino gehiagok (%53,4) bost ordu edo gehiago pasatzen dituzte egunero seme-alaben arreta ematen. Zeregin horretan denbora tarte hori igarotzen duten gizonezko landunak, berriz, laurdenak baino gutxiago dira (%23,1).

Etxeko lanetan ere desberdintasunak daude ehunekoetan. Gizonezko landunen hamarretik bederatzik (%89,5) bi ordu baino gutxiago egiten dituzte egunean etxeko lanetan; emakume landunen laurdenak baino gehiagok (%27), hiru ordutik gora.

Dena den, emakumezko eta gizonezko landunek etxeko lanetan egindako denboran zegoen aldea murriztu egin da 2010. urteaz geroztik: lehen, emakumeek gizonek baino ordubete gehiago egiten zuten zeregin horietan; orain, gizonek baino 0,7 ordu gehiago.

Asebetetzea

Desoreka horien ondorio bat izan daiteke emakumeen %19,5 ez daudela batere pozik etxeko lanetan bikotekideak edo ezkontideak lankidetzarako duen jarrerarekin. Lau gizonezkoetatik hiru (%74,5), berriz, oso pozik daude bikotekideak edo ezkontideak etxeko lanetan emandako denborarekin.

Besteekikoak baino orekatuago dago norberak etxeko lanekiko duen asebetetze maila: etxeko jardunei eskainitako denborarekin oso asebeteta daude gizonezkoen %44,3 eta emakumezkoen %43,5.

Zaintza lanetan, berriz, emakumezkoen asebetetzea handiagoa da gizonezkoena baino. Emakume landunen %58 daude gogobeteta seme-alabak zaintzen eta %41,9 menpekotasuna duten pertsonen zainketarekin. Gizonezkoetan, berriz, %53 daude gogobeteta umeak zaintzen eta %37 menpekotasuna duten pertsonak artatzen.

Soldata arrakala handiagoa da andreak gehiengo diren lanbideetan
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.