Koronabirusa. Haritz Alberdi. Getariako alkatea

«Maskararena arautu dadila eskatzen dut»

Koronabirusaren agerraldiak izaten ari dira herriz herri egunotan; azkena, Getarian. Erakundeen arteko lankidetza eta baliabide gehiago eskatu ditu Haritz Alberdi alkateak.

UROLA KOSTAKO HITZA.
Maider Galardi
2020ko uztailaren 15a
00:00
Entzun
Asteburutik hona, gora egin dute Getariako (Gipuzkoa) koronabirus kasuek. Gaur, 09:00etatik aurrera PCR testak egingo dizkiete Politena tabernan ibilitakoei. Osasun Sailarekin koordinazioan ari da azken egunotan Haritz Alberdi alkatea.

Badirudi koronabirusaren agerraldi bat dagoela Getarian. Nola daude herritarrak?

Herria arduraz jokatzen ari da. Badago kezka, baina jarrera aktibo eta arduratsua ere bai.

Herenegun salatu zenuen udalak ez zuela informazio osatua. Zein da orain koronabirusaren egoera Getarian, eta zein-nolako harremana duzue Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailarekin?

PCR probak egiten ari dira, eta, oraingoz, herrian lau positibo ditugu. Osasun Sailarekin hitz egin dugu, eta erabaki da gaurtik aurrera PCR testak egingo dizkiegula kiroldegian asteburutik hona Politena tabernatik pasatutakoei.

Eta fokuak jatorria non duen badakizue?

Ez digute ezer esan, eta ez dute loturarik egin.

Uste duzu nahikoa koordinazio baduzuela erakundeen artean?

Azken orduetan hobetu da harremana, eta hainbat departamendutatik deitu digute datozen urratsak zein izango diren jakinarazteko eta elkarren arteko harremana indartzeko.

Oraindik ez da arautu maskararen derrigorrezko erabilera, baina herri batzuetan esaten ari dira neurriak hartuko dituztela. Adibidez, Azpeitian, jende pilaketak daudelako.

Kezka hori lehenago ere bagenuen. Esan genuen pilaketak zeudela, eta ikusita horrek segitzen zuela, saiatu gara kontzientziazio lana egiten: maskarak banatu, afixak jarri... Baina urrats bat harago egin behar dugu, eta, beharrezkoa da erakunde guztiak norabide berean jartzea: maskararen erabilera arautu behar da. Hori ari gara etengabe aldarrikatzen, herriok ditugun baliabideak oso mugatuak direlako.

Eudelek hala iradoki du, eta zeu ere eskatzen ari zara Eusko Jaurlaritzak derrigortu dezala maskarak erabiltzea, ezta?

Adituek diote higienea eta distantzia soziala mantendu behar direla, eta, hala ezin denean, maskara erabiltzea gomendatzen dute. Getarian, den moduko herria izateagatik, jende pilaketak ditugu. Beraz, horixe eskatzen dut: ezartzea maskararen erabilera ohikoa, behingoz.

Udalak agindu dezake hori, Jaurlaritzari itxaron gabe?

Guk lankidetza nahi dugu, bitarteko mugatuak ditugulako. Gu dendariekin eta ostalariekin elkartu gara, eta erabaki batzuk hartu. Adibidez, tabernetan eta dendetan sartzean derrigorrezkoa da, eta bi kale nagusietan erabiltzea aholkatu dugu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.