Presidentziarako bozak Frantzian. Ekonomia

Erretiroa ez da erretiratu

Pandemiak gerarazitako ildo liberaleko erreformei berriro ekin nahi die Macronek. Lan merkatuak hobera egin du azken bost urteetan, eta aurrekontu publikoen zuloa handitu da

Erretiroa ez da erretiratu.
Iker Aranburu.
2022ko apirilaren 10a
00:00
Entzun
Modu arriskutsu bat hautatu du Emmanuel Macron Frantziako jarduneko presidenteak hauteskundeak irabazteko; hautesleei esanez Eliseorako giltzak berriro ematen badizkiote beste hiru urtez egin beharko dutela lan erretiroa jaso ahal izateko, 65 urte bete arte. Ez da biderik ohikoena boz batzuk irabazteko, baina ez dirudi Macroni kalte egin dionik: orain arteko inkesta guzti-guztiak oker ez badaude behintzat,aise irabaziko du gaurko lehen itzulia, eta faborito da bigarrenerako.

Erretiroaren gibeleratzea proposatuz, Macronek berriro astindu nahi du erreformen bandera. Horixe egin zuen 2017an, Nicolas Sarkozyren eta François Hollanderen agintaldiak motz geratu zirela argudiatuta; irabazi egin zuen, nahiz eta lehen itzulian botoen %23,4 soilik lortu zituenez, argudia daitekeen erreforma horien sostengua ez zela oso zabala. Baina bost urteko agintaldian bandera horrek kolorea galdu du, krisi etengabeei erantzutea izan baita Eliseoaren lehentasuna.

Indartsu ekin zion Macronek agintaldiari, dekretuak eta lege egitasmoak bata bestearen atzetik aurkeztuz: negoziazio kolektiboa sinplifikatzeko, CSE batzorde sozial eta ekonomikoan bildu zituen enpresetako negoziazio esparru guztiak; Tobin tasa bigundu zuen; finantzetako artekariei zergak jaitsi zizkien Londresko Cityko negozioa erakartzeko; etxebizitza tasa kentzen hasi zen —%20 aberatsenek soilik ordainduko dute aurten, azken aldiz—; gizarte kotizazioak txikitu zituen enplegua merkatzeko, sozietate zerga %33,3tik %25era jaisteko prozesua abiatu zuen...

Aberastasunaren gaineko ISF zerga kendu zuen, eta, aldi berean, %1,7 handitu zien CSG zerga pentsiodun askori. Erabaki horiengatik «aberatsen presidente» ezizena jarri zioten, eta akusazio hori kendu ezinik dabil.

2018ko udazkenean lehen geldialdia izan zuen Macron tren erreformistak, presidentearen aulkia bera dardararazi zuen Jaka Horien mugimenduarekin. CO2 isuriak gutxitzeko, erregaien gaineko karbono tasa emendatzeko asmoa zuen gobernuak, baina Parisen «probintziak» deitzen dituzten horietan haserre handia eragin zuen, garraio publikoaren faltan, auto partikularren erabilera derrigorrezkoa den horretan. Biribilguneetan hasitako protesta, sare sozialen bitartez zabaldu zen, manifestazio handiekin jarraitu zuen —baita Euskal Herrian ere—, eta ez ziren falta izan poliziaren eta manifestari batzuen bortizkeria irudi gogorrak.

Protestak baretze aldera, gobernuak bertan behera utzi zuen erregaiaren gaineko zergaren igoera, eta erosteko ahalmena handitzen zuen neurri sorta batekin erantzun zuen: gutxieneko soldata hilean 100 euro handitu zuen, CSG zergaren igoeratik salbuetsi zituen 2.000 eurotik beherako pentsioak, eta 35 orduko lan astearen izpirituari beste kolpe bat eman zion, aparteko lanorduek zergarik ordainduko ez zutela erabakita.

Erreformak, tiraderara

Macronen neurriek Jaka Horien mugimendua ahuldu zuten, baina ez zen erabat desagertu agintaldiko bigarren kolpea iritsi zen arte: COVID-19aren pandemia. Akabo orduan erreforma handiak. Lehentasun bat eta bakarra zegoen: osasun krisiari aurre egitea eta hark sortutako krisiaren zuloak nola edo hala estaltzea, gastu publikoa handituz.

Estrategia keynestar bera erabili du azken hilabeteetan sortu diren beste arazoekin: inflazioari aurre egiteko 100 euroren txekea eman zien herritar gehienei, eta apirilaren 1etik bere gain hartzen du erregai litroko hamabost zentimoko gastua.

Tiraderan geratu zen erreforma nagusia erretiroarena izan zen. Testua prest zegoen, legebiltzarrak egun gutxi batzuk lehenago onartu zuen lehen tramitean, eta itzaltzen ari ziren ordurako erreformak sortutako protesta handiak. SNCFko eta beste sektore publikoko langileak egon ziren manifestazioen lehen lerroan, haien erretiro sistema bereziak lurperatzen zituelako erreformak, pentsio sistema bakar baten mesedetan. Erreformak 62 urtean uzten zuen erretiroaren adin ofiziala, baina pentsioa osorik jasotzeko gutxieneko adina 64 urtera atzeratzen zuen, eta puntukako sistema ezartzen zuen: zenbat eta puntu gehiago, orduan eta sari handiagoa.

Pentsio sistema erreformatu ezizanaren arantza atera nahi du orain Macronek, baina ez du orduko proiektua berreskuratu. Erreforma sinpleago bat proposatu du, baina helburua bera da: milaka milioi euro batzuk aurreztea, oraingoak defizit handia eragiten duelako —13.000 milioi euro, iaz—, eta egoerak okerrera egin dezakeelako erretiroaren atarian dauden belaunaldiak oso handiak direlako. Macronek gogorarazi du Frantziaren inguruko herrialdeetan jada 67 urterako bidean dagoela erretiroaren adina,eta BPGaren %13,7 gastatzen duela, gehienek baino gehiago.

Erretretaren adina atzeko atetik luzatzeko saioa aldi baterako utzi, eta orain zuzenean proposatu du 62 urtetik 65 urtera pasatzea, progresiboki: urteko lau hilabetez atzeratuko litzateke erretiroa, eta 2033an amaituko litzateke, 65 urterekin. Erretreta lehenago hartzeko aukera izango lukete urte luzez lan egindakoek eta lan gogorretan aritzen direnek.

Horrekin erakarri nahi ditu erreformara CFDT eta sindikatu erreformistak, baina lehen erreakzioa ez da izan Macronek espero zuena: «Erreforma krudela eta bidegabea da», esan du Laurent Berger CFDTko idazkari nagusiak, eta gogorarazi du langile askok ez dutela lortzen 62 urterekin lanean jarraitzea.

Pentsioak ageri dira beste hautagaien programetan ere. Valerie Pecresse Errepublikanoen hautagaiak ere proposatu du erretretaren adina 65 urtean uztea, eta 64 urtekoa aipatu du Eric Zemmour ultraeskuindarrak. Ezkerrean, berriz, 62 urteei eutsi nahi diotenak daude —Anne Hidalgo sozialista eta Yannick Jadot berdea—, baina kontrako bidean doa haien artean bigarren itzulirako sailkatzeko aukera duen bakarrak, Jean Luc Melenchonek. Erretiratzeko adina berriro 60 urtean jarri nahi du. «Gizarteak eta ekonomiak pertsonaren zerbitzura egon behar du. Eta ez alderantziz», argudiatu du, eta finantzatzeko arazorik ez dagoela ziurtatu.

Marine Le Pen RNko hautagaiari dagokionez, hainbat urtez erretiroa 60 urtean hartzea aldarrikatu du, baina orain 62 urte artekoa proposatzen du, eta 60koa uzten du lanean gazte hasi zirenentzat.

Kontuek, okerrera

Macronek ziurtatu du pentsioen erreformak 15.000 milioi aurreztuko dituela eta diru hori erabiliko lukeela mendekotasunean eta osasunean inbertitzeko, baina baita aurrerantzean zergak jaisteko ere, enpresei zein herritarrei. Izan ere, hautagai liberalak eutsi egin dio duela bost urteko leloari: «Enplegua eta ekoizpena zamatzen duten zergek» gehiago jaitsi behar dute. Horren helburua daFrantzia berriro lehiakor izatea eta industria eta enplegua suspertzea.

Errepikatzen den beste promesa da aurrekontu publikoak orekatzen hasiko dela eta gastu publikoa murrizten. Arlo horretan, Macronek ez du agintaldia zenbaki onekin bukatu: defizit publikoa %6,5era heldu da —%0,5 izatea nahi zuen 2022rako—; zor publikoa %112,9 da —2016 amaieran baino hamabost puntu gehiago—; eta gastu publikoa BPGaren %59,2 —%52 zen xedea—.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.