HILBERRIA. Carlos Pera

Barakaldo berriaren «sustatzaile»

MONIKA DEL VALLE / FOKU.
jon olano
2019ko apirilaren 27a
00:00
Entzun
Carlos Pera Tambo PSE-EEko kidea eta Barakaldoko (Bizkaia) alkate izandakoa herenegun hil zen, Calpen (Herrialde Katalanak), bihotzekoak jota. 66 urte zituen. Medikuntzan lizentziaduna, bere arlo profesionalean jardun zuen 1981 eta 1988 artean; 1987an, ordea, PSE-EEn sartu zen, eta lau urte geroago lortu zuen alkatetza aurreneko aldiz, Jesus Maria Rodriguez Orrantia alderdikideak utzitako lekua hartuta.

Hiru legealdi igaro zituen zeregin horretan, 2003ra arte. EAJrekin koalizioa osatuta gobernatu zuen lehen bi legealdietan. Laugarrenez ere aurkeztekoa zen, baina azkenean Tontxu Rodriguezek ordezkatu zuen, Perak ez baitzuen onartu alderdiak prestatutako zerrenda. Hiru urte lehenago, 2000an, alderdiko Bizkaiko idazkari nagusi izateko lehian sartu zen Patxi Lopezekin, baina Lopez nagusitu zitzaion. Udala utzita, Osakidetzan egin zuen lan, Barakaldon bertan.

Hain justu, Lopezek Pera goraipatu zuen atzo, haren heriotzaren berri izan ostean. Esan zuen Pera Barakaldoren «modernizazioaren sustatzaile» izan zela eta «zorretan» daudela harekin: «Hirigintza atsegin bat egin zuen gogorra eta zuri-beltzekoa zen hiri batean; kolorea eman zion». Lopezek Ermuan oroitu zuen Pera, hauteskunde ekitaldi batean, eta bozen testuingurura eraman zuen Perak eginiko lana: «Erakutsi zuen zer alde dagoen udalerri bat sozialistek gobernatzen dutenean eta gobernatzen ez dutenean». Orain, Lopezek espero du Alfredo Retortillo PSEko alkategaiak «jarraipena» ematea Perak eginiko lanari.

Ohar batean, Barakaldoko PSE-EE ere atsekabea azaldu zuen heriotzaren aurrean, eta nabarmendu zuen Perak «ekarpen erabakigarria» egin zuela Barakaldoren «eraldaketa urbanoa» gauzatzeko bidean. Era berean, azpimarratu zuen «bultzada» eman ziola hiriko «kultur eta gizarte hezkuntza esku hartzeari». Zehazki, gogora ekarri dute alor horietan «zerbitzu berriak» sortu zituela udalak Peraren agintaldian.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.