AHTaren kudeaketan «norabidea aldatzeko» eskatu dio EH Bilduk Jaurlaritzari

Dirua politika publikoetan inbertitzeko eskatu dio. Arriola sailburuak adierazi du Eusko Jaurlaritza «guztiz» konprometitua dagoela AHTarekin

AHTaren Ezkio-Itsasoko geltokiaren eraikuntza lanak. GOTZON ARANBURU / FOKU.
inaut matauko rada
2022ko urriaren 15a
00:00
Entzun
Iñaki Arriola Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio sailburuari mintzatu zitzaion atzo EH Bildu Eusko Legebiltzarreko osoko bilkuran, eta euskal Y-aren kanpoko loturen egoerari buruz galdetu zioten. Izan ere, Unai Fernandez de Betoño EH Bilduko legebiltzarkideak adierazi zuen Araba, Bizkai eta Gipuzkoako AHTa «irla bat» izango dela, «kolokan» baitaude Ipar Euskal Herriarekin, Santanderrekin (Espainia), Burgosekin (Espainia) eta Nafarroarekin egitekoak ziren loturak. EH Bilduko eledunak Eusko Jaurlaritzari eta Arriolari eskatu zien oraindik eraiki gabe daudenAHTaren zatietan —Miranda Ebro (Espainia)-Gasteiz-Altsasu, adibidez— plataforma berriak egin beharrean, egun dauden instalazioak modernizatzeko eta AHTra moldatzeko: «Uste dugu garaia dela lotura horietan milioiak eta milioiak xahutu ordez, inbertsio politika publikoen norabide aldaketa indartsu bat egiteko».

Fernandez de Betoñoren arabera, Ipar eta Hego Euskal Herriaren arteko lotura ez da lehentasun bat Frantziako Estatuarentzat, eta nabarmendu zuen plataforma berria egin beharrean Bordele-Hendaia zatia modernizatzeko hautua egingo duela. Horri erantzunez, Arriolak adierazi zuen jakina dela Frantziako Estatuak «inplikazio falta» duela AHTari dagokionez, eta horrek Europako Batasuna «kezkatzen» duela gehitu zuen. Hala ere, EBrentzat Madril-Gasteiz-Paris trenbidea «estrategikoa» dela esan zuen sailburuak.

Fernandez de BetoñokAHTaren lanen eta denbora tarteen inguruan ere hitz egin zuen, eta «gezurretan» ibiltzea egotzi zion Jaurlaritzari: «Beste atzerapen baten berri izan dugu egunotan. Arriola sailburuak hemen bertan, duela urte bat, esan zuen 2026 amaieran edo 2027 hasieran amaituko zirela lanak, baina Espainiako ordezkariak esan digu 2028an bukatuko direla, ondo bidean». Hori horrela, Arriolak Fernandez de Betoñori gogorarazi zion AHTa «interes orokorreko azpiegitura» bat dela, eta, beraz, Espainiako Gobernuaren esku dagoela, ez Eusko Jaurlaritzaren esku. «Konplexutasun handiko» lanak direla ere esan zion sailburuak EH Bilduko legebiltzarkideari, eta koalizio abertzalearileporatu zion AHTarekin «obsesionatuta» egotea.

Arriolak adierazi zuen Eusko Jaurlaritza «guztiz» konprometituta dagoela AHTaren lanekin, eta hainbat lan egoki egiten ari direla, Atotxako geltokiko lanak eta Hernani-Astigarraga (Gipuzkoa) zatiko lanak, esate baterako.

Urkulluren erantzuna

Carlos Iturgaiz PPko legebiltzarkideak AHTaren lanen azken atzerapenen zergatiei buruz galdetu zion atzo Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakariari. Urkulluk adierazi zuen Espainiako Gobernuarekin negoziatzean Eusko Jaurlaritzak beti lehenetsi izan dituela AHTaren inbertsioak, kudeaketa bere gain hartuz eta lanak «dagokionean eta dagokion forman» eginez.

Iturgaizek Eusko Jaurlaritza eta Espainiako Gobernua kritikatu zituen lanen atzerapenengatik, eta «errekorrak hausten» ari direla egotzi zien. Urkulluk erantzun zion lanen atzerapen gehienak Madrilen PPk gobernatzen zuen garaian gertatuak direla.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.