Inbestidura saioak. Nafarroako gobernua

«Xantaiarik» ez egiteko eskatu die PSNk Navarra Sumari eta EH Bilduri

Sozialistek «posible» den herrietan egingo dituzte itun «aurrerakoiak». «Independentisten esku» ez egoteko eskatu dio Esparzak Txibiteri

Adanero, Esparza, Sayas eta Catalan, atzo, Espainiako Kongresuan. J. LIZON / EFE.
joxerra senar
2019ko ekainaren 14a
00:00
Entzun
Azken egunetan, hainbat eragilek Maria Txibite PSNko lehendakarigaiari eskatu diote Nafarroako gobernuburu izateko hautagaitza aurkezteko, eta, gobernu «aurrerakoi» bat osatzeari begira, «ezkerrera» begiratzeko, EH Bilduri betoa kenduta. Bestalde, lehen indarrari gobernatzen uzteko eskatu dio Navarra Sumak, gobernabidearen giltza ez dezan EH Bilduk eduki. Atzo, ohar bidez erantzun zuen PSNk, esanez ez duela onartuko EH Bilduren eta Navarra Sumaren «xantaiarik edo mehatxurik»: «Agerian uzten ari dira urduri daudela, modurik okerrenean: mehatxatuz, xantaia egiten saiatuz edo botoak trukatuz». Sozialistek erantsi dute «gobernu aurrerakoiak eratzeko konpromisoa» beteko dutela «posible den» herrietan, «Navarra Sumako eta [EH] Bilduko hautagaitzei botoak ez emateko erabakiarekin bat eginez eta tokiko taldeen irizpidea kontuan hartuz».

PSNk «lasaitasun» mezua zabaldu du: «Eskuinak ez du gehiengorik Nafarroan, eta laukoak herritarren konfiantza galdu du; ez dago gobernua errepikatzeko moduan». PSNren arabera, «iragana iragan da, eta orainari eta etorkizunari aurre egiteko ordua da».

Bestalde, PSOEk ezarritako joko eremutik ateratzen ahalegindu zen atzo Javier Esparza, Navarra Sumako hautagaia. Aurreko astean, Esparzak berak eskua luzatu zion PSOEri UPNko bi diputatuek Sanchezen inbestidura ahalbidetzeko baldin eta aldi berean sozialistek Nafarroan gauza bera egiten bazuten Navarra Sumarekin. Sozialistek begi onez hartu zuten proposamena, baina «soilik» Espainiako gobernabidearekin lotuz. Atzo, Esparzak argi utzi zuen bere proposamena truke bat dela: Espainia Nafarroaren truke.

Horretarako, Esparzak prentsaurrekoa eskaini zuen Madrilen. Herenegun, Carlos Garcia Adanero eta Sergio Sayas Navarra Sumako bi diputatuak (UPNkoak) Jose Luis Abalos PSOEko Antolakuntza idazkariarekin bildu ziren. Espainiako komunikabideen arreta bereganatuta, berea lortzeko aukera gehiago dituela jakinik, Madrilen zabaldu nahi izan du bere mezua.

Esparzaren arabera, bere inbestidurari begira, Sanchez «independentisten eskuetan» geratuz gero, haren hautua izango da. Navarra Sumako hautagaiaren arabera, Sanchezek baditu «beste aukera batzuk», iragan astean egindako proposamenari erreferentzia eginez. Beste behin, prest agertu da Sanchezen inbestidura ahalbidetzeko. Esparzaren arabera, Navarra Sumako beste bi bazkideek (PPk eta Ciudadanosek) ez dute «inongo arazorik» ikusten.

Haatik, Esparza ez dago prest bestelako akordioak egiteko «EH Bildurekin autonomia erkidego bat zuzentzeko gai den alderdi batekin». PSOE Maria Txibiteren asmoen aurka itzuli nahirik, Sanchezen inbestidura eragotzi nahi izatea aurpegiratu dio PSNko buruari. «Gutxiengoan den gobernua osatu nahi du, eta Bilduren eskuetan geratu. Norberak hautatzen dituen lagunen arduradun da».

Duela bi urte, PSOEk Mariano Rajoyren inbestidura ez ahalbidetzeko «ezetza beti ezetz» aldarrikatu zuen Pedro Sanchezek, eta mezu horren inguruan lortu zuen gerora PSOEko idazkaritza nagusia. Orain UPNko presidenteak lelo hori erabili du, bere interesen defentsan. «Atzo [herenegun] ez genion esan 'ezetza ezetza da'. Esan genion ezetz, baina bere eskuetan dagoela dena». Esparzaren arabera, «inkoherentea» da Sanchez eskatzen dienean PPri eta Ciudadanosi abstenitzeko eta gero Nafarroan ahalbidetzea «hauteskundeak galdu zituztenak batu daitezela».

«Fikziozko kontakizuna»

Adriana Lastra PSOEko Espainiako Kongresuko bozeramaileak erantzun zion Esparzari; esan zion Txibitek «eskubide osoa» daukala hautagaitza aurkezteko, eta Sanchezen inbestidura posible ez egitearen erantzuletzat jo zuen.

Esparzarekin ere kritiko mintzatu zen Eduardo Santos Ahal Dugu-ko Nafarroako idazkari nagusia; eskatu zion uzteko «Ferrazko atean eskean» ibiltzeari: «Nafarroako errealitateari buruz fikziozko kontakizun bat saltzen saiatzen ari da Madrilen jakitun Nafarroan inork ez diela erosten».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.