Arantxa Elizondo.
Koronabirusa. BERDINTASUNA PENTSALDIAN

Bizitza erdigunean

2020ko ekainaren 11
00:00
Entzun
Euskal Herriko Koordinadora Feministak Bizitzak erdigunean izeneko testua kaleratu berri du, COVID-19aren krisiari aurre egiteko proposamenak jasotzeko. Txostenaren elaborazioan hogei talde feministak baino gehiagok parte hartu dute, baita beste zenbait eragile sozial eta ekonomikok ere. Premiazko egoeran landutako dokumentu horrek, egoeraren diagnostiko orokor bat eskaini ondoren, eskaerak planteatzen ditu ikuspegi feminista batetik bereziki nabarmendu beharreko honako gai hauetan: feminizatutako lanbideak, zaintzaren konponbideak familietan, ordaindutako zaintza-lanak; indarkeria matxista eta lan eta bizi-baldintzen prekarizazioa, besteak beste.

Dokumentuan zehar, beraz, bi ardatz nagusi ageri dira: batetik, krisiaren analisia egiten duen diagnostikoa, eta bestetik, etorkizuna bideratu nahi duten proposamenak. Izan ere, mundu osoan krisi hitza erabiltzen ari gara egun bizi dugun pandemiari izena emateko. Krisiaren kontzeptuak arazo larriak daudela adierazten du, egoera arriskutsu baten aitorpena eginez. Hala eta guztiz ere, hondamendia ekartzeaz gain, astinduari aurre egin eta gainditu daitekeen une erabakigarria bihur daiteke. Horrela ulertuta, krisia aldi baterako egoera iragankorra izan daiteke, urrats batetik besterako pasabidea, hobekuntzarako aukera onuragarria; horretarako, ezinbestean ulertu behar dugu abiapuntua nolakoa zen, eta helmuga nolakoa nahi dugun marraztu.

Egia esateko, ez dago batere argi koronabirusak eragindako krisialdiak ondorio onak ekar ditzakeenik. Dena den, krisi honek aurpegi ugari ditu: begi-bistakoa da produkzio sistemen geldialdiak eragin duen krisi ekonomikoa, baina agerian utzi du bizitzaren zainketen krisi latza ere, feminismoak aspaldi errepikatzen zuena. Horren oinarria genero-rolak dira, emakume edo gizon izateagatik gizartean betetzen ditugun eginkizunak definitzen dituztenak, zainketen ardura nagusia familia eremuan ezkutatuz eta emakumeei esleituz. Herritar askorentzat banaketa hori jada ez da onargarria, eta etorkizunari buruz pentsatzeko uneerabakigarrian gaudenean, inoiz baino kontsentsu maila handiagoa lortu da zainketak, oinarrizko eskubide gisa, zerbitzu publiko sendoen esku egon behar direla.

Orain krisi ekonomikoa gainditzeko gauzatuko diren erabakiek ezin dute kontsentsu hori baztertu. Hemendik aurrera ezinezkoa izango da, aurreko krisietan bezala, baliabide publiko guztiak esparru ekonomikoa suspertzeko ahaleginetara bideratzea. Zainketa politika publikoen ardatz nagusia izateko eta pertsona guztientzat bizi-baldintza duinak bermatzeko, baliabideak beharrezkoak dira. Pandemiaren osteko etorkizunean ezinbestean bizitza gizartearen erdigunean behar dugu, ekonomia eta politika, baita zientzia ere, bizitza babesteko bitartekoak bihurtuz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.