EH Bilduk apirileko zerrenda berak aurkeztuko ditu azaroaren 10erako

jon olano
2019ko urriaren 1a
00:00
Entzun
EH Bilduren Mahai Politikoak proposatu du Espainiako Kongresurako eta Senaturako hauteskundeetako zerrendak apirilaren 28ko bozetan aurkeztutako berak izatea. Horrela, Mertxe Aizpurua izango da Gipuzkoako zerrendaburua kongresurako, Iñaki Ruiz de Pinedo Arabakoa, Oskar Matute Bizkaikoa, eta Bel Pozueta Nafarroakoa. Senaturako, berriz, Gorka Elejabarrieta (Gipuzkoa), Arantza Gutierrez (Bizkaia), Garazi Dorronsoro (Araba) eta Oihan Mendo (Nafarroa) izango dira zerrendaburuak.

Orain, EH Bilduko oinarriek berretsi beharko dute Mahai Politikoak egindako proposamena. Modu telematikoan bozkatuko dute, eta inskribatuta dauden guztiek izango dute parte hartzeko aukera. Gaur eman ahal izango dute botoa, gaueko hamabietatik arratsaldeko seietara.

Hala ere, izango dira berritasunak azaroko hauteskundeetan, apirilekoekin alderatuta. Besteak beste, Mas Pais hautagaitzak posizio batzuk mugiarazi dituelako. Esaterako, iaz sortutako Solidaria alderdiak bere zerrendak eskaini dizkio Bizkaian Mas Paisi. PSE-EEko kide ohi batzuek sortu zuten Solidaria —tartean zen Unai Ortuzar, PSEko idazkaritzarako Idoia Mendiarekin lehiatutakoa—, eta alderdia prest dago Mas Paisekin negoziatzeko, baina konpromiso bat nahi du Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeetan ere elkarrekin aurkezteko. «Prest gaude bat egiteko edo Mas Paisek irentsiak izateko, baina ez soilik hauteskunde orokorretarako», adierazi dute alderdiko iturriek.

Apirilaren 28an ere aurkeztu zen Solidaria, baina ez zuen ordezkaririk lortu Hego Euskal Herrian. Orain, Bizkaian baino ez ditu zerrendak aurkeztuko; Mas Paisek ere Bizkaian soilik lehiatzeko asmoa dauka.

Equo ez da aurkeztuko

Mas Paisen agerpenak urak nahastu ditu Equon ere; alderdiko kideek erabaki zuten Espainian Unidas Podemosekiko aliantza apurtzea eta Mas Paisekin bat egitea, baina Equoren sortzaileetako batek, Juantxo Lopez Uralde Unidas Podemoseko Arabako diputatuak, utzi egin zuen alderdia, Pablo Iglesias buru duen koalizioan jarraitzeko. Euskal Autonomia Erkidegoan, ordea, Equoko batzarrak erabaki du inolako hautagaitzarekin ez aurkeztea azaroaren 10ean, ez parte hartzea hauteskunde kanpainan eta ez eskatzea inoren aldeko botoa. Hala egiteko eskatu zion Bizkaiko batzarrak EAEkoari, eta hark kasu egin dio.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.