Egunkaria-ko auzi ekonomikoko defentsak aurkeztu du jadanik Gipuzkoako fiskaltzaren helegitearen aurkako inpugnazioa, eta Gipuzkoako Lurralde Auzitegiak erabakiko du epaiketa egin ala ez. Datozen asteetan izendatuko du epaitegiko zein aretok hartuko duen kasua, eta areto horrek hartuko du erabakia; udazkena izan daiteke horretarako.
Joxe Mari Sors, Mikel Sorozabal, Fernando Furundarena, Ainhoa Albisu, Begoña Zubeltzu, Joan Mari Torrealdai, Iñaki Uria eta Txema Auzmendi dira Egunkaria-ren auzi ekonomikoan auzipetutakoak, eta denen izenean aurkeztu zuten defentsako abokatuek Fiskaltzak jarritako helegitearen aurkako inpugnazioa, aurreko astean.
Ekainaren hasieran jakin zen Carmen Zubimendi Donostiako Zigor Epaitegiko epaileak Egunkaria-ren auzi ekonomikoa artxibatu egin zuela, ustezko delituak preskribatuta daudelako. Fiskaltzak apirilean aurretiazko saioan iragarri zuena bete zuen egun batzuetara: apelazio helegitea aurkeztu zuen, auzia preskribatuta ez dagoelakoan. Helegitea «formazkoa eta soilik teknikoa» zela zioen idatzian. Donostiako Zigor Epaitegiak Lurralde Auzitegiaren esku utzi berri du kasua.
Auzipetuek, ekainaren 19an Andoainen egindako agerraldian, euren burua berriro errugabetzat jotzeaz gain, salatu zuten «atzerabidea» dagoela fiskaltzaren jokabidean. Funtsean, hasieratik egon zen bezala, «bultzada politikoa» dagoela erabakiaren atzean. Eta horri erantzun diola fiskalak, Donostiako 3. Zigor Epaitegiak eta egotzitako delituen ustezko kaltetuek —Eusko Jaurlaritzak eta Gipuzkoako Ogasunak— bere garaian esandakoaren aurka. Juan Mari Torrealdaik esan zuen: «Berriro ere epaiketa, epaigai Egunkaria, eta gutako bakoitza, aulkiko zigorra aurrera guretzat. Berriro ere, guk azalarazi behar ez garela errudunak, errudunak garela besteek azalarazi beharrean. Kaltetuak berriro biktima, eta kaltegileak borrero».
Fiskaltzak zigor eskaera handiak egin ditu: 128 urteko kartzela zigorra zortzientzat —bederatzi eta hemezortzi urte artekoak— eta 221 milioi euroko isuna. Haren ustez, auzipetuek Egunkaria-ren 1998, 1999, 2000 eta 2001eko diru kontuak faltsutu zituzten, eta diru laguntza publikoak eskuratzeko iruzurra egin zuten. Gipuzkoako Ogasunak aitortua du ez zela zerga iruzurrik egin, eta Jaurlaritzak bi txostenetan esan izan du laguntzak legezkoak izan zirela.
2003ko urriaren 16an izan zen operazioa. Urte bereko otsailaren 20an itxi zuten Egunkaria. Kazetaren itxieran absoluzio epaia eman zuen Espainiako Auzitegi Nazionalak, 2010eko apirilean.
Inpugnazioa aurkeztu du auzi ekonomikoko defentsak
Lurralde Auzitegiak erabaki beharko du orain epaiketa egin ala ez.Kasua hartuko duen aretoa datozen asteetan izendatuko dute

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu