Garikoitz Goikoetxea.
ANALISIA

Osakidetzako elur bola

2019ko ekainaren 2a
00:00
Entzun
Hauteskunde garaiko etenaren ondoren, martxan da Osakidetzako lan eskaintzako iruzurra ikertzeko bide penala.Bi bertsio kontrajarri entzun ditu epaileak aste honetan: salatzaileek berretsi dute iruzurra izan zela, sendagile batzuei aurretik eman zietela azterketaren edukia; akusatutako medikuek ukatu egin dute. Oraingoz, hiru sendagile daude ikerketapean, hiru espezialitatetan ikusi baitituzte delitu zantzu argiak. Aldaketak izan daitezke datozen egunetan, hala ere: salaketa gehiago jasotzen ari dira sindikatuak, eta epaileak erabaki behar du Osakidetzako arduradunik ikerketapean jarri ala ez. Egunotan hasiko da argitzen elur bola handituz joango den maldan behera, edo harri batean eutsita geratuko den, akusatutako hiru medikuen gain.

Urtebete da Osakidetzako iruzurra salatu zutela. Lehen urratsa hiru anestesistak egin zuten, keinu esanguratsu batekin: notariotzara joan ziren azterketaren aurretik, eta iragarpen bat egin zuten, nortzuek lortuko zituzten lanpostuak. Asmatu egin zuten. Elur erauntsi hura gutxietsi egin zuen Eusko Jaurlaritzak: salaketak «asmakeriak» zirela esan zuen. Gaia malda handi bilakatu zen gobernuarentzat, ordea: elur bolak aurrean eraman zituen bi arduradun nagusiak, Jon Darpon Osasun sailburua eta Maria Jesus Mujika Osakidetzako zuzendaria.

Bola hori gelditu ezinik ibili da Osakidetza hilabeteotan guztietan. Lan eskaintza berme guztiekin egin zutela esan zuen, baina sisteman aldaketak sartuko ditu orain; justiziarekin lankidetzan arituko zela iragarri zuen, baina fiskalari ez zion informazio osoa eman; auzibidean parte izaten saiatu da «kaltetu» gisa, baina epaileak ez dio onartu, izatekotan ere «erantzule zibila» delakoan.

Aste honetakoa izan da Osakidetzaren sinesgarritasuna dudan jarri duen azken pausoa. Iruzurra salatu zuen anestesistetako bati, Marta Machori, ez zioten eman puntuazioz zegokion lanpostua: ordezkoen zerrendan lehen lekuan dago, baina epe luzeko ordezkapen bat beste mediku bati eman zioten. «Saltatu» egin zuten Macho. Asteazkenean gertatu zen, Machok epaitegian deklaratu eta biharamunean. Egun hartan, agerraldi bat zuen Nekane Murga Osasun sailburuak, eta erabakia irmo defenditu zuen: «Osakidetzaren kontratazio prozedura erabili da kasu horretan ere». Bi egunen buruan, «irizpide tekniko» hori zuzendu egin du Osakidetzak, eta Machori eman dio ordezkapen postu hori.

Ikerketaren hasierako fase honetan, Osakidetzako hiru arduradun falta dira deklarazioa emateko: Juan Carlos Soto, Giza Baliabideetako zuzendaria; Xabier Balerdi, zuzendariordea; eta Andoni Arzelai, Osasun Arretako zuzendaria. Epaileak argitu behar du lekuko gisa deitu deklaratzera ala ikerketapean jarri. Bigarren aukera kolpea litzateke Osakidetzarentzat, egiturazko izaera emango bailioke salaketari. Elur bolak jauzi handia emango luke.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.