Ekuadorrek abortua despenalizatuko du bortxaketarik izan bada

Zigor kodearen bi artikulu moldatuko dituzte, eta bortxaketa jasan duen emakume orok abortatu ahalko du. Orain arte, «desgaitasun intelektualen bat» zutenek soilik aborta zezaketen kasu horretan

Ekuadorrek abortua despenalizatuko du bortxaketarik izan bada.
Julen Aperribai.
2021eko apirilaren 30a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Ekuadorko Auzitegi Konstituzionalak abortua bortxaketa kasu guztietan legeztatzeari bide eman zion atzo, Zigor Kodean jasota dauden bi artikulu konstituzioaren aurkakotzat jota. Horrenbestez, bortxaketa izan den kasu guztietan izango da legezkoa abortua, ez haurdun dagoenaren bizitza arriskuan dagoenean eta «desgaitasun intelektualen bat duen norbait» bortxatua denean soilik, orain arte izan den moduan. Hainbat erakunde feministaren eskariz iritsi zen moldaketa hori egiteko eskaera auzitegira, iaz, eta atzo onartu zuten, aldeko zazpi botorekin eta aurkako birekin.

Zigor Kodeko 149. eta 150. artikuluak aldatzea eragingo du. Lehenengoaren arabera, sei hilabete eta bi urte arteko zigorra dagokio abortatzen duenari edo haurdunaldiaren borondatezko etetean parte hartzen duen edonori. Bigarrenak zioen aurrez aipatutako bi kasuetan abortuari ez zegokiola zigorrik. Epaileek agindu dute «desgaitasun intelektualen bat duen pertsona» hitzak artikulutik ezabatzea, eta artikuluan emakumeak orokorren aipatzea.

Gainera, konstituzioaren 66. artikuluak dioena nabarmendu zuten epaileek ebazpenean, zeinak pertsona orori «bere osasunaren eta bizitza erreproduktiboaren inguruko erabaki libreak, arduratsuak eta oinarrituak» hartzeko eskubidea aitortzen dion.

Duela bi urte, Ekuadorko Parlamentuak eztabaidagai izan zuen bortxaketa kasuetarako abortua despenalizatzea, baina uko egin zion zigor kodea erreformatzeari. Ikusteko dago legearen moldaketa nola aplikatuko duten orain. Aukera bat da auzitegiak parlamentuari eskatzea zigor kodea aldatzea, eta beste bat, hori egin beharrik gabe, auzitegiak berak egindako aldaketa indarrean sartzeko agindua eta horretarako epea ematea.

«Historikotzat» jo zuen erabakia CNME Ekuadorko Emakumeen Koalizio Nazionalak, herrialdeko 21 elkarte feminista barne hartzen dituen erakundeak. «Beharrezkoa zen aurrerapen» gisa hartu zuen, baina onartutakoarekin nahikoa ez dela nabarmendu zuen, eta ziurtatu abortua erabat despenalizatzearen aldeko borrokan jarraituko dutela. Izan ere, auzitegiak onartutakoa baino aldaketa handiagoa eskatzen du mugimendu feministak. Haurdunaldia intzestuaren ondorioz izan denean, baimendu gabeko intseminazio kasuetan eta fetuan malformazioren bat dagoenetan ere abortatzea despenalizatzea eskatua zuten.

Edonola ere, gogotik ospatu zuten erabakia auzitegiaren inguruan bildutako dozenaka lagunek, dagoeneko Hego Amerikako hainbat herrialdetan abortuaren aldeko borrokaren sinbolo bihurtu den kolore berdea soinean zeramatela. Aurkakoak ere elkartu ziren, Abortuari ez, bizitzari bai lelopean. Azken horiekin lerratuta dagoela berretsi zuen astelehenean Ekuadorko apezpikutzak. «Krimen bat ez da beste krimen batekin konpontzen» esan zion Luis Cabrera monsinoreak auzitegiko presidenteari, astelehenean.

Eliza ez ezik, Guillermo Lasso presidente izendatu berria bera ere abortua legeztatzearen aurka dago, irmoki. Atzo, ordea, «errespetua» agertu zion auzitegiaren erabakiari, eta gobernuko funtzionarioek erabakiari men egingo diotela ziurtatu zuen. «Demokrata baten bihotza horrelakoetan ikusten da, autoritateak dioena errespetatzeko gai denean, nahiz eta ados egon ez», adierazi zuen ohar batean, «botere banaketaren eta estatuaren laikotasunaren» aldeko mezua emateaz batera.

Zenbaki gordinak

CNMEk auzitegiari aurkeztutako datuen arabera, nerabeen artean haurdunaldi gehien izaten den Hego Amerikako herrialdeetan bigarrena da Ekuador, Venezuelaren atzetik. Erakundearen arabera, 2008 eta 2018 artean hamalau urte baino gutxiagoko 20.052 lagun erditu ziren. Horretarako gutxieneko adina 14 urtetan ezarria dago, eta legeak sistematikoki bortxaketatzat hartu izan ditu orain arte adin horretatik beherakoek izandako erditzeak.

Datu ofizialek ezkutatu egiten dute benetako egoera, ordea. Surkuna erakunde feministaren arabera, 2004 eta 2014 urteen artean herrialdean abortatu zutenetatik %85k modu klandestinoan edo beren kabuz egin zuten.

Azken hilabeteetan Latinoamerikako beste zenbait herrialdetan hasitako despenalizazio prozedurak orokortzeko presioa areagotu dute mugimendu feministek, eta aurrerapausoak izan dira hainbat herrialdeetan. Iazko abenduan legeztatu zuten abortua Argentinan, eta Txileko oposizioak lege proiektu bat aurkeztu zuen urtarrilean, Zigor Kodeko hiru artikulu aldatu eta, hala, abortua legeztatzeko. Kontrako norabidean ere izan dira aldaketak, ordea. Hondurasko Kongresuak konstituzioaren erreforma bat onartu zuen, abortuaren legeztapenaren aukera are txikiagoa egiteko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.