EAEko hezkuntza legea. Hezkuntza akordioa (eta XIII). Jokin Bildarratz

«Ikastetxe guztiek jasoko dute beren eremuan dagoen errealitatearen ardura bat»

Hezkuntza Legearen ernamuin izango den akordioan onetsi direnak «oso aproposak» direla uste du Bildarratzek. «XXI. mendeko» erronkei erantzuten lagunduko dutela uste du, eta hezkuntzaren bidez «gizarte kohesioa» trinkotzeko zimenduak ere badirela bertan.

JAGOBA MANTEROLA / FOKU.
Irati Urdalleta Lete - Arantxa Iraola
Gasteiz
2022ko apirilaren 14a
00:00
Entzun
Hezkuntza Legea ontze aldera Eusko Legebiltzarrak onetsi duen hezkuntza itunari buruzko «zumeen» ingurukoa izan da lehen galdera, eta gogo onez hartu du metafora Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburu Jokin Bildarratzek (Tolosa, Gipuzkoa, 1963). «Aproposa» deritzo «zumeari», haren ezaugarriei: «Alde batetik, sendotasuna du, baina, aldi berean, malgutasuna ere bai». Biak beharrezkotzat ditu. Baina pozik da, oro har, Eusko Legebiltzarretik jaso duten agiriaren edukiekin: «oso aproposak» direla uste du. Goresgarritzat du horien inguruan lortu den «adostasun zabala» ere. Izan ere, irudi ezohikoa lortu da: EAJk, EH Bilduk, Elkarrekin Podemos-IUk eta PSE-EEk onetsi dute ituna. «XXI. mendeari begira» ariko den hezkuntza sistema bat ontze aldera, ezinbestekoa iruditzen zaio batasun hori. Erronkak handiak baitira, eta sakonekoak: «Gizarte kohesioan egin beharreko ariketa guztietan hezkuntza sistemak ere nolabaiteko ardura bat izan behar du».

Negoziazioak azkenera arte luzatu ziren. Inoiz pentsatu zenuen itunik ez zela egongo?

Beti pentsatu nuen akordioa egongo zela. Ni negoziazio askotan egon naiz, eta beti azken momentura arte hainbat gauza ez dira konpontzen.

Eta egon zen askatzen zaila izan zen korapiloren bat?

Ez. Jende askok aipatu du euskararen gaia, baina uste dut ez dela bereziki gai eztabaidatsurik egon. Oinarriak aurkeztu zirenean, hainbat alderdik eskatu zuten oinarri orokorrez gain neurri zehatzak ere jartzeko. Hurrengo hamabi urteetarako neurri zehatzak daude, garatu beharko direnak.

Segregazioa arazo bat al da?

Errealitate bat da. Leku ezberdinetan, era ezberdinetan, eta arrazoi ezberdinengatik: ez dago segregazio bat. Izan daiteke jatorriaren arabera egindako segregazio bat eta hizkuntzak eragindako beste bat. Akordioan ahuldadeak gainditzeko bideak jarri dira, eta sistemak erantzun beharko die egoera horiei. Gure konpromisoa da 2023ko ikasturtean neurri horiek ezartzen hastea.

Zer egin da gaizki segregazio horiek gertatzeko?

Ez da gaizki zer egin den. Askotan, errealitateak ekartzen gaitu egoera batera. Adibidez, izan ditzakegu bi ikastetxe titulartasun berekoak, hamar metrora, eta errealitate oso ezberdinak izan, bakoitzak baduelako historia bat, iragan bat. Tokatzen zaigu, diagnostikoa egiteaz gain, gainditzea. Gizarte akordio bat bultzatu nahi dugu, horren aurka aritzeko. Ez da erraza izango, hainbat neurri hartzera bultzatuko gaituelako: muga eta marko batzuk jarri beharko dira.

Non espero dituzue zailtasun handienak? Erresistentziarik espero duzue?

Egin behar dugun sistemak bidezkoa izan behar du. Hainbat neurri daude: adibidez, matrikula. Asmoa da herri edo zonako matrikulazio esparruak izatea. Gurasoak ez dira ikastetxera joango, baizik eta matrikula egiteko toki batera. Irizpide batzuk egongo dira ikasleen onarpenerako.

Nola lehenetsi sare publikoa itunpekoa hain indartsua bada?

Eskola publikoa izango da ardatz nagusia; gure programan eta legebiltzarrak onartutako konpromisoan dago. Ikasleen banaketa honela da: publikoetan %51 eta itunpekoetan %49. Publikoko inbertsioak %63 hartzen du, eta itunpekokoak, %37. Nola lehenesten da sare publikoa? Hor datu bat.

Zer aldaketa ekarriko ditu legeak?

Legeak bainoago...

2023ko akordio horrek...

Legebiltzarrean, seihileko hau baino lehenago gure konpromisoa izango da hamabi urterako kronograma bat egitea, eta legebiltzarrak onartu dituen neurriak jarriko ditugu egutegian.

Euskal hezkuntza zerbitzu publikoko parte izateko, baldintza batzuk zedarritu dira. Legean jasoko da betetzen ez dituztenei finantzaketa publikoa etetea?

Ez da eteten. Pribatuek laguntza izango dute, gizarte honen balioak errespetatzen badira. Ez da posible herri batean bi ikastetxe egon, eta bakarrak hartzea herriko zaurgarritasunak. Nahi badute funts publikoak izatea, biek — nahiz eta juridikoki batek izan titulartasun bat eta besteak bestea— konpromiso berdina izan beharko dute.

Baldintzetako bi dira sexuen arabera ez bereiztea eta laikotasuna. Sexuka bereizten duten eskolak diruz lagunduko dira? Eta erlijiosoak?

LOMLOEk aipatzen du ezin direla diruz lagundu sexuaren arabera bereizten duten ikastetxeak. Beraz, horretara ekarri beharko da. Haiekin landu beharko da prozesu hori nola egin, eta momentu honetan matrikulatuta dauden ikasleek nola bukatzen duten eta hasi behar dutenek nola hasi, funts publikoak jaso nahi badituzte. Dokumentuak dio erlijioan legeak zehazten duen minimoa izango dela gure maximoa.

Baina erlijioa bera bada eskola batzuen izaeraren parte, ezta?

Errespetatu beharko dute curriculum barruan eman beharreko eskaintza, gurasoek aukera eduki dezaten hartzeko edo ez. Ikastetxe horretan erlijio askotako ikasleak egon daitezke, eta errespetatu behar da.

Nola bermatuko duzue itunpekoek ez dutela kuotarik kobratuko?

Ez da erarik izango inolako ikastetxek kuotak kobratzeko. Zuzendaritza berri bat eratuko da hori kudeatzeko, ogasun sail batek kudeatuko balu bezala. Egon daitezke kobratzeko beste behar batzuk: adibidez, txango bat. Horiek hemendik urtero baimenduko dira, eta gure webgunean publikatuko dira. Azkenean, mezu bera da: berdintasunaren eta ekitatearen izenean, diskriminaziorik egon ez dadin, edozein ikaslek izango du edonora joateko eskubidea, baldintza berdinetan, eta ikastetxe guztiek jasoko dute beren eremuan dagoen errealitatearen portzentaje bat; portzentaje bat bainoago, ardura bat.

Jaiotza tasaren jaitsierarekin litekeena da hainbat eskola hustea. Nola berretsi publikoen iraupena bermatzea?

Ikastetxe publikoetan eta itunpekoetan dago joera hori. Hiri handietan, hainbat proiektu batu egin beharko dira, erantzun egokiago bat eta eskaintza zabalago bat eman ahal izateko.

Haur Eskolak partzuergoa doakoa izango da?

Bai.

Jabetza pribatuko haur eskolak diru publikoz finantzatuko dira?

Gogoeta prozesu batean ari gara. Ikusten dugu partzuergoa indartu behar dela.

Langileen ordezkariek zer parte hartze izango dute legea ontzeko prozesuan?

Legebiltzarrean ehun eragile egon dira, sindikatuak tarteko. Ni 600 pertsona baino gehiagorekin egongo nintzen, baita guraso elkarte denekin ere. Guztiek eduki dute iritzia emateko aukera. Nire konpromisoa da horrela jarraitzea.

Baina mesfidantzak agerikoak dira, batez ere sare publikoaren egoeraren inguruan. Zer bideri jarrai dakioke sektore horiek bermeak direla sentitzeko?

Jabetu behar da, une askotan, nahiz eta zehaztu zerbait egingo dela, beti egongo dela mesfidantza, egin arte. Alkate nintzenean gauza bera tokatu zitzaidan; nirekin harremanetan jartzen zen hainbat jende: 'Beti politikariak, beti berdinak zarete, beti berdina esaten duzue...'.

Kasu honetan, kezka zehatzak plazaratzen ari dira hainbat eragile.

Eta han beste batzuk. Bakarrik esan dezaket nire eta nire taldearen konpromisoa izango dela legebiltzarrak guri jarri dizkigun oinarriak eta betebeharrak edo neurriak bete ahal izateko borroka egitea. Eta bete egingo dugu.

Noizko lege berria?

Asmoa da urrian-edo gobernu kontseiluan onartzea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.