SERIEA. Udal eta foru hauteskundeak (III). Gasteiz.

Lehia hertsia egongo da

EAJren, EH Bilduren eta PSE-EEren indarrak neurtuko dira maiatzaren 28an Gasteizen, hiru alderdiak nahiko parekatuta iritsiko baitira bozetara. PPk eta Elkarrekin Podemosek gaur egun dituzten eserlekuei eusteko erronka izango dute. Historian lehen aldiz, emakume batek eskuratuko du Gasteizko alkatetza.

Inbestidura saioa. Gasteizko Udala osatzeko osoko bilkura, 2019ko ekainaren 15ean. ENDIKA PORTILLO/ FOKU.
Edurne Begiristain.
Gasteiz
2023ko apirilaren 13a
00:00
Entzun

Irekia eta estua izango da Gasteizko Udalerako hauteskunde lehia, EAJ, EH Bildu eta PSE-EE alderdiren arteko indarrak neurtzeko plaza. Hala erakutsi dute azken urteetako hauteskunde deialdiek ere: emaitzetan orpoz orpo ibili dira hiru alderdiak, eta eserleku kopuruan ez da alde nabarmenik egon. Maiatzeko hauteskundeei dagokienez, hiru alderdien arteko berdinketa teknikoa aurreikusten dute inkesta gehienek.

Ikusi gehiago:Aginte makila eskuz aldatzeko trazarik ez

Emakume batek eskuratuko du Gasteizko alkatetza: hori da ziurtasun bakarra. Historian lehen aldiz izango da andrazko bat Gasteizko alkate, emakumeak baitira alderdi nagusien hautagai guztiak: Beatriz Artolazabal (EAJ), Maider Etxebarria (PSE-EE), Rocio Vitero (EH Bildu), Ainhoa Domaika (PP) eta Garbiñe Ruiz (Elkarrekin Podemos).

27 eserleku daude jokoan Gasteizen, eta, ezusterik ezean, hauteskundeak irabazten dituen alderdiak lortuko du alkatetza. Salbuespen bakarra 2015eko hauteskundeak izan ziren: PPk irabazi zituen bozak, baina EH Bilduk eta EAJk bat egin zuten Javier Maroto alkatetzatik kentzeko, eta Gorka Urtaran jeltzaleak eskuratu zuen aginte makila. 2019ko bozek, berriz, bestelako argazki bat utzi zuten: EAJ nagusitu zen, zazpi eserleku eskuratuta; PSE-EE izan zen bigarren indarra, sei zinegotzirekin; eta haren atzetik baina oso gertu geratu zen EH Bildu, hark ere sei eserleku lortuta. PSE-EE gobernukide izanda gobernatu du Urtaranek azken lau urteotan, baina gehiengo osorik gabe —13 zinegotzi ditu udal gobernuak, gehiengo osoa izateko eserleku baten faltan—.

Maiatzeko hauteskundeei begira, Artolazabal, Vitero eta Etxeberriaren arteko lehia estua aurreikusi dute inkesta gehienek. Berdinketa tekniko hori aukera erreal bat dela argi du Mikel Gomez politologo eta marketin politikoko adituak, baina zehaztu du dena ez dela zuria edo beltza. Gakoa inkesten akatserako tartean ere egon liteke, haren ustez: «Tarte horrek zail egiten du aurreikustea alkatetza nork irabaziko duen. Are, PP ere lehia horretan sartzeko moduan egon liteke». Inkesta gehienek ez dituzte datuak modu segmentatuan eman, eta, beraz, nekez jakin daiteke, adibidez, zalantzan dauden herritarrek nori emango dioten botoa. «Hor ere egongo da Gasteizko hauteskundeetako gakoetako bat».

Gasteizeko hauteskundeetan aukera denak daude zabalik. «Gasteizko mapa politikoa oso zatituta dago, hiriburua ideologikoki oso plurala delako», azaldu du Gomezek. Gainera, kontuan hartu beharreko beste aldagai bat jarri du mahai gainean: belaunaldi berrien botoa. «Boomer-ek osatutako boto emaile poltsa bat dago, era ezberdin batean bozkatzen duena eta sigla jakin bati leial ez zaiona». Gomezek azaldu du boto emaile gazteek siglei bainoago hautagaiek transmititzen dituzten emozioei erreparatzen dietela, eta horrek ere baldintza ditzakeela maiatzeko emaitzak.

Parte hartzea izango da balantza alde batera edo bestera desorekatzeko gai izango diren beste aldagaietako bat, politologoaren ustez. Azken urteetako joera argia baita: hauteskundeetako parte hartzea gero eta apalagoa da, eta ez du hobetzeko trazarik. «Eusko Legebiltzarreko hauteskundeetako parte hartzearen beherakadaren errua pandemiari egotzi zioten batzuek, baina arazoa askoz ere larriagoa da». Gomezen ustez, «deskonexio» bat egon da gizartearen sektore batzuen eta politikaren artean, batez ere errenta apaleko auzoetan, eta emakumeen eta gazteen artean, eta faktore hori oso kontuan hartzekoa izango da Gasteizko Udalerako hauteskundeei begira. Inkesta gehienek aurreikusten dutenez, hauteskundeetako parte hartzea %60tik behera egongo da.

Aurreikuspen horiek betetzen badira «aldaketa txikienak» hiru alderdien arteko berdinketa tekniko hori desorekatzeko gai izango direla iritzi dio Gomezek. Parte hartzea aurreikusi baino txikiagoa izateak, gainera, beste ondorio bat ekar dezake: «Vox bezalako alderdi batek eserleku bat lor dezake Gasteizko Udalean». Izan ere, udalean ordezkaritza lortzeko gutxienez botoen %5 lortu beharra dago, eta, inkestek diotenez, ultraeskuineko alderdiak botoen %4,1 lortuko lituzke. «Parte hartzea lau puntu baino gehiago apaltzen bada, Voxek aukera izan dezake eserleku bat lortzeko».

Hauteskunde estrategiak

Eta zer diote orain arte argitaratu diren inkestek? Bada, antzeko argazkia atera dute denek. EITB Focusen arabera, Artolazabal EAJko alkategaiak gainditu egingo lituzke Urtaranen emaitzak, EH Bildu bigarren lekura igoko litzateke, PSE-EEk zinegotzi bat galduko luke, eta PPk eta Elkarrekin-ek eserleku kopurua mantenduko lukete. Jaurlaritzaren inkestak, berriz, Artolazabalen eta Viteroren arteko berdinketa aurreikusi du zinegotzi kopuruan: zazpina. Gertu izango lukete PSE-EE, sei zinegotzirekin.

Inkestek markatzen dituzten joerei so, motorrak berotzen hasiak dira hautagaiak hauteskunde kanpainari begira. Alderdien programek ardaztuko dute hautagaien kanpainaren bide orria, eta nork bere estrategiak erabiliko ditu botoak erakartzeko, baina, Gomezen iritziz, kanpainan hiru esparruk bereganatuko dute alderdien arreta: garraioak, gizarte gaiek eta industriak.

BEI autobus elektrikoa mugarri izan zen Urtaranen agintaldian, eta, askoren ustez, udal gobernuaren higaduraren elementu nagusietako bat ere bai. Badaki hori Artolazabalek, eta dagoeneko hasi da BEIak sortutako trafiko arazoak onartzen eta horiek konpontzeko mezuak botatzen. Garraioari dagokionez, Urtaranen kudeaketatik aldentzen saiatuko da Artolazabal hemendik aurrera, «zama» hori gainetik kentzen. «Artolazabalen arazo handiena izan daiteke boto emaileek aurreko gobernuarekin lotu dezaketela». Nolanahi ere, hautagai jeltzalea «ongi kokatuta» ikusten du politologoak kanpainari begira; besteak beste, EITBk eman dion «babesari» esker.

Bestalde, Gomezek uste du gizarte gaiek garrantzi handia hartu dezaketela kanpainan, eta elkarren aurka «konfrontatzeko» aukera eman diezaioketela EH Bilduko eta EAJko hautagaiei. Viteroren eta Artolazabalen ibilbide profesionalak kontuan hartuta, eztabaida sozialetan eroso ikusten ditu biak ala biak. Viteroren kasuan, gainera, uste du haren «gertutasunak» haren alde jokatu dezakeela boto emaile berriak eskuratzeko, eta ezkerreko hautesle gehiagorengana iristeko aukera eman diezaiokeela.

PSE-EEren eta PPren emaitzak —eta Elkarrekin-enak ere bai, neurri batean— Espainiako logikaren testuinguruan kokatu ditu Gomezek. PSE-EEri dagokionez, 2019an Miren Etxebarria hautagaiak, Sanchez efektuak hauspotuta, oso emaitza onak erdietsi zituen, baina orain estatu mailako dinamikak «kalte» egin diezaiokeela uste du. Beste «arazo» bat ere atzematen dio Etxebarriari: Urtaranen udal gobernuaren kudeaketarekin gehiegi identifikatzea. «Ez dut ikusten bere burua aldaketaren hautagai gisa aurkezten, eta hori akats bat da». Etxebarriak iraganarekiko «haustura» irudikatu ezean Elkarrekin Podemosek galdu ditzakeen botoetan arrantza egiterik ez duela izango iritzi dio.

PPk lor ditzakeen emaitzen inguruan, berriz, «zalantza asko» dituela aitortu du. Alberto Nuñez Feijooren eskutik goranzko bideari ekiteko aukera zuen, baina inkestetan ez da halakorik islatzen. Gainera, uste du Ainhoa Domaikaren profil «kontserbadoreegiak» ez diola onurarik ekarriko, ezta orain arte PPk hirian egin duen «kanpaina ezkorregiak» ere. PPk segurtasuna izango du kanpainako lelo nagusietakoa, baina estrategia «okerra» da hori, hirian ez baita segurtasun ezaren sentsazio orokorturik, Gomezen ustetan.

Inkestek ez dizkiote emaitza onak ematen Elkarrekin Podemos alderdiari, eta ikusteko dago Podemosek estatuan nozituko duen «higadurak» eta Sumar sortu berri den alderdiaren efektuak nolako eragina izango duen hautesleengan. Koalizioaren estrategiari ikusten dizkio arazoak Gomezek, eta galduko dituen botoak nora joango diren ikustea «gakoa» izango dela dio.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.