Aginte makila eskuz aldatzeko trazarik ez

Ramiro Gonzalez jeltzaleak eskura dauka hirugarren agintaldia. Baliteke Voxek eserleku bat lortzea Arabako Batzar Nagusietan

Aginte makila eskuz aldatzeko trazarik ez.
Edurne Begiristain.
<i>Gasteiz</i>
2023ko apirilaren 13a
00:00
Entzun

Zantzu guztien arabera, aginte makila ez da eskuz aldatuko Araban. Ezustekorik ezean, Ramiro Gonzalez jeltzalearen agindupean jarraituko du Arabako Aldundiak, hirugarrenez jarraian. Are, inkestek diote maiatzeko bozetan EAJk bere hegemonia handituko duela, eta gora egingo duela botoetan eta eserlekuetan.

Ikusi gehiago:Lehia hertsia izango da

Inkestek ez ezik, azken urteotako boto bilakaerak ere ez du zalantzarako tarterik uzten: 2015eko hauteskundeetatik, PPren gotorleku izateari utzi zion Arabak, eta herritarrek indar abertzaleen alde egiten dute nagusiki. EAJ da lehen indarra Arabako Batzar Nagusietan, 17 eserleku eta 45.000 boto pasatxorekin, eta EH Bildu da bigarrena, 12 ordezkari eta 32.000 boto baino gehiagorekin.

Bi alderdi abertzaleek gora egin dute azkenengo hauteskunde deialdietan, eta horrek isla izan du Arabako herri gehienetan ere. Trebiñu eta Argantzon aintzat hartuta, bozek ondorengo mapa politikoa marraztu zuten 2019an: jeltzaleek 29 udalerritan irabazi zuten; EH Bilduk, 11 udalerritan; PPk, lau herritan; eta PSE-EEk, bakarrean.

2019ko hauteskundeetako Arabako Batzar Nagusietako emaitzak. BERRIA

Boto «duala» eta Vox

Maiatzeko hauteskundeetako argazkia nahiko definituta dago. Ikusteko dago, ordea, EAJren eta EH Bilduren arteko aldea zenbaterainokoa den, eta horrek nola eragingo dion bi alderdien arteko lehiari. Barrutien pisua ere kontuan hartzekoa da: Arabako Batzar Nagusietako eserlekuen %65 Gasteizek erabakitzen ditu, eta baliteke horrek balantza mugiaraztea.

Bada, zume horiekin, non egon liteke foru hauteskundeetako gako nagusietakoa? Mikel Gomez politologoaren iritziz, oso adi erreparatu beharko zaio «boto dualari». «Udalerako eta aldundirako hauteskundeetan botoa alderdi berari emango ez dioten horiei erreparatu beharko zaie». Sigla jakin batekin «ezkontzen» ez den belaunaldi gaztearen botoa kontuan hartzekoa dela uste du, nahiz eta ez duen uste boto gazte horrek emaitzak goitik behera aldatzeko adinako garrantzia izango duenik. Horrez gain, Gomezek iritzi dio udal hauteskundeen aldean foru hauteskundeek interes apalagoa pizten dutela herritarren artean, eta horrek botoa «gehiago mugiaraztea» ekar dezakeela. «Ikusi beharko da zenbatek aldatzen duten botoa».

Inkestek aztertzeko beste datu bat utzi dute mahai gainean: Vox eserleku bat lortzetik gertu legoke. Arabako Batzar Nagusietan eserleku bat erdiesteko, botoen %3 lortu behar da gutxienez, eta inkestek Voxi ematen dizkioten emaitzak muga horren bueltan daude. PSE-EEren eta PPren joerei dagokienez, argi dago Espainiako politikaren eragina sumatuko dutela botoetan: inkesten arabera, beherakada txiki bat izango dute sozialistek, eta antzeko emaitzak eskuratuko dituzte popularrek.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.