Autogobernua «ongizatea» dela defendatu du Urkulluk Nazio Batuen Erakundean

New Yorken dago, NBEk antolatutako Goi Mailako Foro Politikoan parte hartzeko. Erakunde horretan hitz egin duen lehen lehendakaria da

Iñigo Urkullu, atzo, New Yorken, NBEren egoitzan. IREKIA.
gotzon hermosilla
2019ko uztailaren 16a
00:00
Entzun
Eusko Jaurlaritzako lehendakari Iñigo Urkullu New Yorken dago, NBE Nazio Batuen Erakundeak antolaturiko HLPF Goi Mailako Foro Politikoan parte hartzeko, eta, han, «politika publikoen garapenerako eta finantzaketarako eskumenak dituen autogobernua» defendatu du. Esan duenez, autogobernua «ongizate eredua» da. Goi Mailako Foro Politikoa Garapen Jasangarrirako Nazio Batuen plataforma nagusia da; hark egiten du 2030 Agendaren eta GJH Garapen Jasangarrirako Helburuen segimendu eta berrikuspena. Urkullu Foro horren bileran parte hartzen ari da —orain arte egindako zazpigarrena—, eta han aurkeztu ditu Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan abian jarritako egitasmoak, 2030 Agendaren eta GJH Garapen Jasangarritako Helburuen arlokoak. Erakunde horretan hitz egin duen lehen lehendakaria da.

Urkulluk esan duenez, «Euskadi aitzindaria» izan da Europan helburu horiei atxikitzen eta horiek ezartzen, eta horren adibide gisa Euskadiko Bonu Jasangarrien esperientzia azaldu du Foroan.

Bonu horien bi jaulkipen egin ditu jaurlaritzak, jadanik, eta horien balioa 1.100 milioi euro da: hots, EAE Euskal Autonomia Erkidegoko aurrekontuaren %10.

Urkulluk esan duenez, bonuek «oso harrera ona» izan dute, eta horien bitartez lorturiko baliabideekin 2030 Agendari lotutako gizarte eta ingurumen proiektuak finantzatzen dira. «Euskadiko Bonu Jasangarrien esperientziaren bidez, 2030 Agendari lotutako proiektuen finantzaketa bermatzeko funtsezko hiru faktore nabarmendu ditzakegu: kaudimena, gardentasuna eta sinesgarritasuna», erantsi du Urkulluk.

«Balioetan oinarriturik»

«Euskadi balioetan oinarritutako herria da», esan du Urkulluk, eta nabarmendu du balio horiek bat datozela Garapen Jasangarrirako Helburuek ezarritakoekin. «Jarraituko dugu mundu berdinzaleagoa, jasangarriagoa, solidarioagoa eta bidezkoagoa eraikitzeko konpromisoari lotuta».

Urkulluk gogorarazi du euskara «Europako hizkuntzarik zaharrena» dela, «beste inongo hizkuntzarekin harreman ezagunik ez duena», eta Gernika (Bizkaia) ere aipatu du bere hitzaldian: «bakearen ikono unibertsala» ez ezik, «euskal demokraziaren eta askatasunen sorleku» ere badela azaldu du. «Herri irekia gara, abangoardia maite duen antzinako herria», esan du.

Urkulluren esanetan, «euskal ereduak erakusten du autogobernua ongizatearen sinonimo dela, politika publikoen garapenerako eta finantzaketarako eskumenak dituen autogobernua», eta horri eusteko konpromisoa azaldu du.

Gaur ere New Yorken egongo da Urkullu lehendakaria. Hori dela eta, Eusko Jaurlaritzak astearteetan egin ohi duen Gobernu Kontseiluaren bilera bideokonferentzia bidez egingo dute, eta New Yorketik zuzenduko du Urkulluk. Geroago, bilera izango du Miguel Angel Moratinos Zibilizazioen Aliantzarako goi ordezkariarekin, eta harrera egingo dio New Yorken bizi den euskal komunitateari.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.