SERIEA U-1etik bost urtera (eta V). Guillem Fuster.

«Akordio bat behar dugu boterea nola ezarri argitzeko»

Kataluniako Errepublikaren Kontseiluko kidearen esanetan, erreferendumaren bosgarren urteurreneko manifestazioaren helburua «herritarren mobilizazioa balioestea» izan da, eta gizartearen eta erakundeen arteko elkarlanari garrantzi estrategikoa aitortzea.

DANI CODINA.
Gorka Berasategi Otamendi.
Bartzelona
2022ko urriaren 2a
00:00
Entzun
Kataluniako mugimendu independentistak autodeterminazio prozesuarekin jarraitzeko egitekorik «premiazkoena» zein den argi du Guillem Fusterrek (Bartzelona, 1980): «Akordio estrategiko bat adostea». Kataluniako Errepublikaren Kontseiluko zuzendaritzako kide da, arlo ekonomikoaren arduraduna. Eta CUPen parte den Poble Lliure indar politikoaren bozeramailea ere bada.Fusterren iritziz, Espainiako Gobernua konfrontazioaren bidez behartu beharko da negoziazio batera, eta nabarmendu du ezinbestekoa dela gizartea erronka horretarako prestatzea.

U-1a defenda dezagun, independentzia irabaz dezagun izan da U-1aren urteurreneko mobilizazioaren leloa. Zergatik?

2017ko urriaren 1ean erreferendum bat egin genuela defendatzeko, autodeterminazio prozesu baten hasiera izan zela, eta ezin dugula ahaztu, baina ezta haren nostalgian gelditu ere. Eta independentzia irabaz dezagun diogu, U-1ak garaipen sentimendua piztu bazuen ere, errealismo politikoan oinarrituta aitortu behar dugulako ezin izan genuela emaitza indarrean jarri, eta, orain, de facto, ez garela errepublika bat. Beraz, posible den oro egin behar dugu independentzia eskuratzeko. Gauza asko falta dira egiteko, eta leloak horri erantzuten dio.

Zein ekarpen egin diezaioke mobilizazioak prozesu independentistari?

Bi ekarpen transzendental. Batetik, mobilizazioari eustea. Azken finean, estatuaren aurka egin nahi den edozein konfrontaziotarako, edozein negoziaziotarako, jendeak kalean egon behar du boteretuta. Bestetik, gizarte zibilaren eta erakundeen arteko batasunaren garrantzia nabarmentzea. Jendeak ez zuen soilik U-1a erraztu, kontuan izan behar da jende hori egituretan mantentzen dela orain, izaera ekonomiko, sindikal, kultural eta politikoko elkarteetan, helburu berari eusten diola sendotasunez: Kataluniako errepublika lortzea.

Garrantzia eman diozue gizarte eragileen parte hartzeari.

ANCren eta Omniumen parte hartzetik harago, gizarte zibilaren eragile independentista nagusiak baitira; Intersindicalen parte hartzea, esaterako, oso esanguratsua da. Hazten ari den klase sindikatua izanik, erakusten digu halako sindikatu bat beharrezkoa dugula independenteak izan nahi badugu. Berdin gertatzen da Merkataritza Ganberarekin, enpresa txiki eta ertainen egitura gisa parte hartu du mobilizazioan, eta prozesu independentistarekin engaiatuta dago.

Errepublikaren Kontseiluak askotan erabiltzen duen leloa da Prestatu gaitezen. Zer da prestatu behar dena? Eta nola?

2017ak utzi digun ikasketetako bat da egitura jakin batzuk prest ez badituzu, erakunde ekonomiko, sozial eta kulturalekin lanketa bat egina ez baduzu, babes juridiko bat eraiki ez baduzu, oso zaila dela estatuaren aurkako konfrontazio prozesu bat hastea. Beraz, prestaketak hori esan nahi du. Argi bat pizteko, zirkuitu elektriko bat behar duzu. Zirkuitu hori eratzen ez baduzu, argia ez da piztuko.

Elkargo profesionalak, merkataritza ganberak, independentzia prozesuarekin bat egiteko prest daude? Ba al dugu sindikatu nazional bat lantokiak geldiarazteko indarra izango duena beharrezkoa denean? Prest al daukagu kalea borroka baketsurako, estatuaren azpiegiturak eten ahal izateko? Sare parainstituzional bat eraiki behar dugu. Erakundeak bazterrean utzita egin behar da? Ez. Beste esparru bat izan behar du, parlamentuko gehiengo independentistaren gehigarri.

Diada egunean mobilizazio jendetsua izan zen Bartzelonan, eta manifestarien artean haserre adierazpenak egon ziren. Justifikatuta dago?

Bai, noski. Noraez politikoak eta akordio faltak haserrea eragin du, kontua da bideratu egin behar dela, eta hori egiteko modua da jendeari esatea prestatu egin behar dugula, kalean antolatu. Bidegabea da haserre dagoen jendea modu arinean kritikatzea, eta populistatzat jotzea, horrek bai sor dezakeelako populismoarentzako esparru bat, oso arriskutsua litzatekeena.

Nola erantzun behar diote alderdi politikoek haserre horri?

Erantzunak izan behar du akordio estrategiko bat adostea, hauteskunde zikloak alde batera utzita. Eta, batez ere, ez dadila gutxietsi U-1a. Ez hura dogma bat bezala ulertuta. Aldiz, autodeterminazio prozesu baten hasiera gisa hartuta. Beraz, eztabaida ez da berriz bozkatu behar ote dugun ala ez, edo erreferendum bat antolatzeko gai ote garen, eztabaida estrategikoa une honetan da erreferendum bat egingo al dugun denok batuta, emaitza indarrean jartzeko gaitasunarekin. Akordio bat behar dugu boterea nola ezarriko dugun argitzeko, prozesua bururaino eramateko.

Aragonesek argitasun akordio baten aldeko akordio zabal bat jostera deitu ditu Kataluniako alderdiak eta gizarte eragileak. Zer iritzi duzu?

Estatuarekiko negoziazioa pizgarri batekin edo presioarekin egin behar da. Aragones presidenteak proposamena egin eta ordu erdira, Moncloak gutxietsi egin zuen. Oso irlandarra den ideia bat nabarmentzen dut askotan: Espainiak ez du arazo bat Kataluniarekin; Kataluniak du arazo bat Espainiarekin. Estatua gure proposamenak aintzat hartzera behartuta ez badago, ez da irtenbiderik egongo.

Errepublikaren Kontseilua 2018ko martxoan sortu zen, besteak beste, Kataluniako auzia nazioartean zabaltzeko. Zer balorazio egiten duzu orain arte egindako bideari buruz?

Kontseilua sortu zen ikusita esparru autonomikotik egin ezin den guztia kanpotik egin behar dela. Balorazioa gazi-gozoa da. Erbestean daudenen itzuleraren ekitaldia egin zenean [2020ko otsailean], Perpinyan, Katalunia iparraldean, 200.000 lagun bildu ziren bertan. Makina martxan jarri zen eta abiada hartzen hasi zen, baina pandemia iritsi zen eta gelditzera behartu gintuen. Alde positiboa da Kontseiluak bere egitura garatu duela, eta alde askotako harremanak hasi dituela hainbat elkarterekin.

Hobea litzateke Errepublikaren Kontseilua independentismoaren zuzendaritza estrategikoa bihurtu izan balitz? Bai, ados. Baina hemen gaude. Horregatik diot balorazioa gazi-gozoa dela. Lortu dugu erresistentziaren sugarra bizirik mantentzea, 250 tokiko kontseilu inguru ditugu eta 102.000 kidetik gora. Lortu dugu U-1aren zilegitasunari eustea, eta, harekin, erbesteko gobernuaren aitortza. Uste dut [atzoko] mobilizazioak erakutsi duela Kontseiluak elkarlanerako betetzen duen funtzioa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.