Gerra Ukrainan. Energia

Ekialderako bidean

Txina eta India ari dira erosten aurrez Europara zihoan Errusiako petrolioa. Alemaniako findegi batek eta Italiako beste batek arazoak dituzte

Iker Aranburu.
2022ko maiatzaren 25a
00:00
Entzun
Mendebaldearekin luzarorako etsaituta, ekialdera begira jarri da Errusia. Europak erosi nahi ez dion petrolioa Txinarako eta Indiarako bidea aurkitzen ari da azken asteetan. Merkeago erosten dute, gainera, erosle gutxiago izanik, Brent upelarekiko deskontuarekin saltzen ari baita.

Historikoki, Europa erdialdea eta mendebaldea izan dira Errusiako petrolioaren eta hark findutako petrolio produktuen bezero nagusiak. Energia merkatuari buruz BPk urtero argitaratzen duen txostenaren arabera, 2020an Europako gainontzeko herrialdeek Errusiako petrolioaren %53 erosi zuten, %70 gordinik eta %30 tratatuta.

Petrolio horren zati garrantzitsuena itsasontzi erraldoietan iristen da Europako portuetara. Bilbokoak ere jaso izan ditu, baina aurrerantzean ez, Petronorrek erabaki baitu beste hornitzaile batzuk bilatzea Errusiatik zetorkion zatia (%20tik gora) betetzeko. Erabaki bera hartu dute, beren kabuz, Mendebaldeko konpainia askok, Errusiako petrolioa erosteak beren irudiari kalte egiten dielako, eta kargamentuentzat aseguruak lortzea zailtzen ari zelako.

Itsasontziz ez ezik, lur azpitik ere iristen da Errusiako petrolioa Europara, Druzhba petroliobidetik (adiskidetasuna, errusieraz). 1960ko hamarkadaren hasieran eraiki zuen Sobietar Batasunak, bere orbitako herrialdeak hornitzeko. Munduko petroliobiderik luzeena da, eta Uraleko petrolioa Europa ekialdera eta erdialdera garraiatzen ditu. Adar bat Baltikora doa, bestea Alemaniara eta Poloniara, eta hegoaldekoak Eslovakia, Txekiako Errepublika, Hungaria, eta Ukraina hornitzen ditu.

Hain zuzen ere, petroliobide horren amaieran dagoen findegi batek agerian uzten du EBko herrialde batzuek Errusiako hidrokarburoen mendeko direla. Alemaniako Schwedt hiriko PCK findegi erraldoia dago, Berlin, Alemaniako Baltikoa eta Poloniako mendebaldea ere erregaiez hornitzen dituena. Errusiako Rosneft konpainiarena da, eta sulfuro handiko petrolioko hamabi milioi tona petrolio gordin fintzen ditu urtero. Harentzako beste aukera batzuen bila dabil Alemaniako Gobernua, baina aitortu du zaila dela.

Antzeko arazoa du Italiak ere. Augustako (Sizilia) ISAB findegia Lukoil Errusiako enpresarena da, eta haren beharrak asebetetzeko Italiak handitu egin ditu hango inportazioak. Maiatzean, egunero 450.000 upel iritsi dira Errusiatik, otsailean gerra hasi aurretik baino hiru aldiz gehiago, eta kopururik handiena 2013az geroztik. ISABera joan da petrolioaren bi heren, findegi horrek ez duelako beste inon hornitu. Lukoil ez dago EBk zigortutako enpresen artean, baina Mendebaldeko bankuek jada ez diote mailegurik ematen, eta horiek gabe ezin du petrolioa beste inon erosi. Gerraren aurretik, ISABen petrolioaren %30 baizik ez zen Errusiakoa, eta %100 da orain, Lukoilek Errusiako bere putzuetatik ekartzen duelako guztia.

Errusiaren petrolioaren enbargoa ezartzeak findegia ixtea lekarkeela ohartarazi dute sindikatuek eta Siziliako agintari politikoek, eta kalte ekonomikoa oso handia izango litzatekeela. ISAB eskualdeko enplegatzailerik handiena da, eta haren inguruan industria sare bat dago Augusta inguruan.

AEBak ere bezero ona izan dira Errusiarentzat: petrolioaren %7 erosi zion, findutako produktuak batik bat. Iturri hori ixtea erabaki zuen Joe Bidenen gobernuak Ukrainaren inbasioa hasi eta gutxira, eta duela urte batzuk itxitako beste bat irekitzea, Venezuelarena.

Bezero onak

Txinaren aldetik, ordea, arrisku txikia du Errusiak. 2020an, 86,4 milioi tona petrolio saldu zizkion Txinari, bere esportazioen %22. Kopuru hori asko handituko da aurten, Txinako petrolio konpainiak betetzen ari baitira Mendebaldekoek utzitako lekua. Reutersen datuen arabera, 2021ean, egunero 800.000 petrolio upel iritsi ziren maiatzean Errusiatik irtendako petroliontzietatik; maiatzean, 1,1 milioi izango dira. Petroliobideetatik beste 800.000 upel iristen dira egunero. Guztira, bi milioi upel, Txinaren beharraren %15.

Baina are deigarriagoa da Indiarena. 2020an lau milioi tona petrolio eta eratorri inportatu zituen Indiak Errusiatik, azken horren esportazioen %1,1 eskas bat. Aurten askoz gehiago izango dela erakusten dute apirileko datuek. Apirilean egunean 674.000 upel erosi zituen, martxoan halako bi baino gehiago.

Ikusi gehiago: Errusiako petrolioaren enbargoa blokeatzen jarraitzen du Hungariak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.