urtzirrutikoetxea
LEKU-LEKUTAN

Abortu-debekuaren absurdoak AEBetan

2022ko uztailaren 17a
00:00
Entzun
Brandy Bottone Texasen (AEBak) bizi den emakume bat da. Duela hiru aste, Dallas inguruko 75. autobidetik zihoala, 635 errepidera zihoan irteera hartu zuen. Poliziaren kontrola zegoen han, HOV izeneko erreian zihoalako. «Presaka nindoan semearen bila», esana du Bottonek. High Occupancy Vehicle Lane da HOV, hau da, bidaiari ugari daramatzaten ibilgailuentzako erreia. Gutxienez hiru edo, Texasen kasuan, bi bidaiari daramatzaten ibilgailuentzako erreiak dira; hau da, autoan bakarrik doazenek ezin dituzte erabili. Poliziak geldiarazi zuen Brandy Bottone, errei horietako batean zihoalako, eta autoko gainerako aulkiak hutsik zeudela ikusita, isuna jarri zioten.

«Autoan beste inor ote zegoen galdetu zidan, eta baietz esan nion». «Non?», galdetu zion agenteak. Emakumeak sabela adierazi zion agenteari: 34 asteko zegoen haurdun. Hori ez zela aintzat hartzen erantzun zion poliziak, baina Bottonek ez zuen atzera egin: «Tira, gertatu den guztia ikusita [Roe v. Wade, aborturako eskubide konstituzionala baliogabetzea AEBetako Auzitegi Gorenak], ez dut adierazpen politikorik egin nahi, baina ulertzen duzu hau haur bat dela?». Agenteak ez zion argudioa erosi, bi bidaiariren araua gorputzetik kanpo aulkiren bat betetzen zuten pertsonei omen zegokiela-eta. Baina legeak autoan gutxienez bi lagun joan beharra baino ez du esaten; fetua pertsonatzat hartzen bada, badira bi, beraz.

Agentearen jarrera ikusita, haren lankidearengana jo zuen Bottonek. Bigarren polizia horrek ere ez zuen ontzat eman haurduna eta fetua bi pertsona gisa zenba zitezkeenik, baina aitortu zion, emakumeak borroka pixka bat eginez gero «ziur» isuna kenduko ziotela. Datorren asteazkenean jakingo du, beraz, 215 dolarreko isuna ordaindu behar duen ala ez.

Texas AEBetako bigarren estatu handiena da azaleran, eta hirugarrena biztanlerian, eta abortuaren aurkako legerik gogor eta, sarritan, aldrebesenak ditu; besteak beste, edozein herritarrek eskumena dauka beste pertsona baten aurka salaketa jartzeko, abortuak egiten laguntzeagatik;haurdunaldia eten nahi duen emakumea klinikaraino daraman taxilaria, esaterako. Horren baitan, fetua edo jaio gabeko haurra «pertsona» bezala definitu dute Texasko kode penalean. Estatuko arau baten arabera sabelean dagoena pertsona bat den artean, estatu bereko trafiko legeak bestela dio. «Lege batek dio hau haurtxo bat dela, eta beste batek diost saihetsak ziztatzen dizkidan haurra ez dela haur. Zer zentzu du horrek?».

Aborturako eskubidea kentzearen inplikazioak sakonagoak dira, autobideko anekdotak agerian uzten duenez. AEBetako legea ius solis da, hau da, AEBetan jaiotako guztiek dute automatikoki estatubatuar herritartasuna, gurasoen nazionalitatea edo estatus juridikoa edozein dela ere. Legez kanpo AEBetan diren pertsonen seme-alabek nazionalitaterako eskubiderik ez dutela salatu duten eskuineko ahalegin guztiek kale egin dute; AEBetan jaiotakoa estatubatuarra da legez. Beraz, Texasen haurdun dagoen edozein emakumeren sabelean oraindik jaio ez den AEBetako herritar bat dagoela uler liteke. Ondorioz, logika horri jarraiki, paperik gabeko etorkina atxilotu eta herrialdetik kanporatzea ere debekatuta geratuko litzateke, balizko estatubatuar txiki bat daramanez sabelean.

Ez hanka ez buru ez daukan anekdota izan liteke, ados, absurdoaren mugatik hurbil. Baina horretara iritsi da AEBetako eztabaida politikoa. Haurrik nahi ez dutenak ere erditzera behartu nahi dituzte erditu eta gero babes txikiena emango dieten estatuek: Ez emakumeen osasun-eskubideetan, ez haurren zaintzan, ez eskolako laguntzetan, ez antzeko beste ezertan nabarmentzen ez diren lurralderik atzerakoienek—tira, nabarmendu bai, zerrendan azkenetarikoak dira Mississippi edo Louisiana, esaterako— araurik zorrotzenak hartzeko lehian ari dira. Berotzen hasita, etxean debekatu dieten eskubidea erabili ahal izateko aldameneko estatura joan behar dutenei hori ere galarazi nahi diete: Tennesseetik abortua legala den Illinoisera doanak, legezkoa den eskubide hori gauzatzeagatik ere zigortu nahi dituzte. 1850eko hamarkadako «ihes egindako esklaboen» legearekin konparatu du Lori Lightfoot Chicagoko alkateak proposamena: Esklabotza legez kanpo zegoen estatuetan ere ez ziren seguru izan iheslariak, esklabo-ehiztariek han harrapatu eta Hegoaldera eraman zitzaketelako. Hamar urtez iraun zuen legeak, geroz eta zatikatuago zegoen AEBetan, 1861ean gerra zibila lehertu zen arte.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.