Albistea entzun

LEKU-LEKUTAN

Hiru independentzia prozesu

Urtzi Urrutikoetxea -

2022ko abenduak 4

Prozesu independentistekin lotutako mugimendu interesgarriak egon dira azken egunotan munduko hiru lekutan gutxienez. Eskozia dugu hurbilena, noski. Espero bezala, auzitegiek ezetz esan diete independentistei. Orain, hauteskunde orokorrekin batera independentzia puntu bakarra izango duen zerrenda bat egitea ikusi dute alternatiba. Inondik ere, ezin interesgarriagoa izango da prozesua jarraitzea, baina ez zait iruditzen, aipatu izan den legez, laboristen gobernu baten zain daudenik eskoziarrak; toryen nahasmenak ezinbesteko bultzada ematen dio bestela ere oso estu egongo den balizko galdeketa bati; Downing Street erdi zibilizatu batekin, erreferenduma bai, baina independentziak irabaztea oso zaila litzateke.

Kaledonia Berriko prozesua, berriz, mugitzen hasi da, duela urtebete hondoa jo ostean. Noumeako bake akordioetan iragarritako hiru erreferendumetatik hirugarrena egitea falta zen, eta aurreko biak galduta ere, independentistak % 50era hurbiltzen ari ziren, kanak indigenez gain artxipelagoko beste komunitate batzuekin sortutako konplizitateei esker. 2018ko azaroko eta 2020ko urriko erreferendumen ostean, beste bi urteko epea buruan zutela ari ziren etxez etxeko lanketan. Parisek, baina, ia urtebete aurreratu zuen galdeketa. Urte eta erdiz Kaledonia Berria ia ukitu ez zuen pandemia iazko irailean sartu zen artxipielagoan, eta kanak komunitateei erasan zien bereziki. Testuinguru horretan, ordura arteko ñabarduren gainetik boikoterako dei bateratua egin zuten independentistek. Oso apustu arriskutsua da independentzia erreferendum bati uko egitea, baina begi bistakoa zen Estatuaren joko zikina. Independentziari ezezkoak lortu zituen ia boto guztiak, noski, baina ordura artean boto emaile kopurua %85eraino iritsi zen parte hartzaileen ordez, % 43ra jaitsi zen iaz boikot independentistaren ondorioz. Kanak indigenek argi daukate deskolonizazio prozesu bat ezin dela amaitu metropoliko jatorria dutenek soilik bozkatzen duten eta kolonizatutako herriak parte hartzen ez duen erreferendum batekin.

Blokeo hori hausteko asmoz, aste osoa eman du Kaledonia Berrian Gerald Darmanin Barne ministroak. Parisek dagoeneko bertan behera utzi behar izan du datorren urterako iragarri zuen azken estatusari buruzko galdeketa, independentistek deskolonizaziorako bide orri argia nahi dute, Frantziarekin gutxieneko harreman batzuk mantenduta baina 2025ean subiranotasuna emango dien estatusa helburu. Kaledonia Berriak ezer badu berezi, NBEren arabera ere deskolonizatu beharreko kolonia izatea da, hain zuzen ere. Besteak beste, errolda berezia dute Noumeako prozesutik, kanak herriaren minorizazio historikoa aintzat hartuta. Loialistek errolda horren amaiera nahi dute, azken 25 urteotan joan diren guztiek bozkatu dezaten Parisen alde.

Deskolonizazioaz ari gara, ordea. Europako metropoliekiko loturak moztuta jaio dira azken 75 urteotako estatu gehienak. Herrialde deskolonizatuen baitako independentziei begira, berriz, bospasei salbuespen baino ez daude, 1971n Pakistandik bereizi zen Bangladeshen hasi eta 2011n jaio zen Hego Sudanen kasuen artean. Herriak, hizkuntzak eta nazioak bereizi zituen marra kolonialen gainean jaio ziren estatuak 50-60-70eko hamarkadan. Baina estatu horien baitan egondako ahalegin independentista gehienak, Biafratik hasi eta Tigrayko gatazkaraino, indarrez eta odolez zanpatu dituzte. Kolonialismoaren apeta horiek utzi zuten Bougainville uhartea Papua Ginea Berriaren menpe, kulturalki eta historikoki askoz hurbilago dituen Salomon uharteetatik baino. Bigarren Mundu Gerratik Ozeanian egon den gatazka odoltsuena (20.000 hildako) sufritu zuten 90eko hamarkadan Bougainvillek. Horrelako hilkintzen osteko bake akordioetan adostutako erreferendumek garaipen handia eman diete independentistei: bai Hego Sudanen 2011n, bai Bougainvillen 2019an % 98k bozkatu zuten independentziaren alde. Baina Afrikako herrialdean independentzia berehala gauzatu zen bitartean, Ozeanian ez da prozesuaren azken urratsa definitu. Bougainvilletarren borondatea ezin argiagoa izanda ere, bake akordioak Papua Ginea Berriko Parlamentuari aitortzen dio erabaki hori gauzatzea. Iaz Bougainvilleko gobernu autonomoak eta Papua Ginea Berriakoak adostutako bide orriaren arabera, galdeketaren emaitza eta bi gobernuen artean adostu beharreko akordioa 2023a amaitu baino lehen eramango dute parlamentura, 2025 eta 2027 artean sartzeko indarrean. Bougainvillek argi du azken estatus hori independentzia izan behar dela. Baina auzia katramilatzen hasi da. Gobernuaren azken iradokizunetako bat da herrialde guztiak bozkatzea, eta Bougainvillek ezetz dio, noski. Zelan konpondu uhartearen % 97k independentziaren alde egin ostean Papua Ginea Berriko biztanleen gehiengoak independentziaren aurka bozkatuko balu?

Gauzak are gehiago konplikatzeko, geopolitika dator. Australiak Papua Ginea Berria babestuko duela esan du berriki, Txinak Pazifikoan dituen interesen beldur. Bougainvillen ondo gogoratzen dute Panguna meategiaren kontrolaren aitzakian zer-nolako parte hartze odoltsua izan zuen Canberrak herrialdeko gatazkan.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Ponsati Generalitateko kontseilari ohia, Puigdemont presidente ohia, Puig kontseilari ohia eta Boye abokatua, atzo, Bruselan. ©LEO RODRIGUEZ / EFE

Erbesteratu katalanak Espainiaratzea baztertzeko irizpideak, zehaztuta

Gorka Berasategi Otamendi

EBko Justizia Auzitegiak ebatzi du Belgikak Espainiako justiziaren «gabezia sistemiko bat» frogatu behar duela haren euroagindu bat baztertzeko. Ez da guztiz lerratu, ez independentistekin, ez Llarenarekin
AEBetako gerra abioi batzuk, Ozeano Atlantikoko hegazkinontzi batean. ©STEPHANIE LECOCQ / EFE

Ukrainara gerra abioiak bidaltzearen aurka agertu da, oro har, Mendebaldea

Igor Susaeta

Borrokarako hegazkinak Kievi entregatzea aztergai dute, baina aliatuek ez dute jarrera bateraturik. AEBek eta Berlinek ezetz esan dute
Carles Puigdemont (erdian) Luxenburgoko auzitegiaren epaia baloratzen, gaur, Europako Parlamentuan, inguruan Clara Ponsati, Gonzalo Boye, Lluis Puig eta Toni Comin dituela. ©Berria

Erbesteratu katalanek ezingo dituzte Belgikaren argudioak erabili Llarenaren euroaginduak baztertzeko

Gorka Berasategi Otamendi

Europako Batasuneko Justizia Auzitegiak ebatzi duenez, batasuneko estatu kide batek ezin dio uko egin beste kide baten euroagindu bati, frogatu ezean azken horrek sistematikoki urratzen dituela eskubideak.

AEBetako F-16 hegazkin batzuk ariketa militarrak egiten Hego Korean ©EFE

Ukrainara gerra abioiak bidaltzearen aurka agertu da, oro har, Mendebaldea

Igor Susaeta

Auzia mahai gainean dago, baina Mendebaldeak ez du jarrera bateraturik. Macronen arabera, hainbat aldagai hartu beharko lirateke kontuan borrokarako hegazkinak entregatzeko.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...