Adituak ateak itxita azalpenak ematen ari dira Autogobernu Lantaldean

EAEko estatus berriari buruzko testuak azalduko dituzte. Urrutiak aldebiko harremana nahi du Espainiarekin; Elizondok gaiari buruzko desadostasunak onartu ditu

Adituak atzo hasi ziren azalpenak ematen Autogobernu Lantaldean. ENDIKA PORTILLO / FOKU.
Irati Urdalleta Lete.
2020ko urtarrilaren 14a
00:00
Entzun
Hasi dira Autogobernu Lantaldearen aurrean azalpenak ematen EAEko estatutu politiko berriaren testu artikulatua egiteko talde parlamentarioek izendatutako adituak. Abenduaren hasieran utzi zuten Eusko Legebiltzarraren esku autogobernua gaurkotzeko testu artikulatua, EAJren, Elkarrekin Podemosen eta PSE-EEren babesarekin. Iñigo Urrutiak —EH Bilduk izendatutako aditua— eta Jaime Ignacio Del Burgok —PPrena—, berriz, desadostasunak direla medio, testu propio bana aurkeztu zuten.

Agerraldien aurretik, lantaldean dauden EAJko, PSE-EEko eta Elkarrekin Podemoseko legebiltzarkideek erabaki dute ateak itxita egingo direla Autogobernu Lantaldeko eztabaidak, «komunikabideek eta publizitateak» ez dezaten lana oztopatu. EH Bilduk eta PPk, ordea, adierazi dute adituen agerraldiek publikoak izan behar dutela; orain arte egin dituzten bileretan ere, adituei konfidentzialtasuna eskatu zaie.

Atzo, azalpenak ematen lehengoak izan ziren Iñigo Urrutia eta Arantxa Elizondo —Elkarrekin Podemosek izendatutako aditua—, eta gainerako adituei gaurtik aurrera iritsiko zaie txanda. Hain zuzen, gaur izango da autogobernu lantaldean PSE-EEren Alberto Lopez Basaguren, eta Mikel Legardak —EAJk izendatua— urtarrilaren 31rako du jarria eguna. PPk izendatutako Jaime Ignacio del Burgo, berriz, biharko deituta zegoen, baina agerraldia atzeratuko du, gaixorik dagoelako.

Iñigo Urrutiarena izan da lehen agerraldia. Ondoren egindako prentsaurrekoan nabarmendu du euskal estatus berriarentzat «giltzarria» izango dela Espainian osatu berri den gobernuaren legegintzaldia. Gaineratu du Euskal Herrian ere landu beharko liratekeela autodeterminazioa, galdeketak eta herritarrei hitza ematea, Kataluniako eta Espainiako gobernuen arteko elkarrizketa mahaian bezala. «Hemen ere antzeko mahai baten beharra egon daiteke», azpimarratu du.

Espainiako Estatuarekin eduki beharreko harremanez ere aritu da Urrutia. Haren iritziz, harreman hori ezin da izan «mendekotasunezkoa», eta azaldu du EH Bilduk estatutu berriaz egiten duen proposamenak ez duela derrigortzen Espainiako Konstituzioa aldatzera.

Oinarriekin zerikusirik ez

Halaber, esan du ez dagoela ados EAJk, EPk eta PSE-EEk aurkeztutako testuarekin. «Hiru alderdien boto partikularren bidez ikusten da iritzi desberdinak dituztela erabakitzeko eskubidearen, konpetentzien banaketaren eta Euskal Herriaren eta [Espainiako] estatuaren arteko harremanez». Urrutiaren iritziz, gehiengoak babestutako testuak ez dauka zerikusirik autogobernu lantaldean EH Bilduk eta EAJk adostutako oinarriekin. Ziurtatu du lantaldeak estatuaren oinarriak izango zituen subjektu bat definitzeko eskatu ziela, baina iruditzen zaio EAJren, Elkarrekin Podemosen eta PSE-EErentestua estatutuaren erreforma soilik dela. Berak aurkeztutako testuak, berriz, Espainiako Estatuarekin «aldebiko harremana» izatea proposatzen duela idio.

Arantxa Elizondok ere atzo egin zuen agerraldia. Urrutia baino baikorrago mintzatu da azalpenak bukatutakoan egindako prentsaurrekoan. Esan du Pedro Sanchezen gobernu berriak «elkarrizketa bideak» ireki ditzakeela, «Kataluniarentzat eta Euskadirentzat ondorio onak» ekarriko dituztenak. Izan ere, iruditzen zaio «fase berri bat» ireki dela.

Urrutiak esan bezala, onartu du EAJren, Elkarrekin Podemosen eta PSE-EEren artean hainbat desadostasun egon direla autodeterminazio eskubidearen inguruan, eta horregatik egin dituztela formulazio desberdinak. «Modu legal eta hitzartuan» egingo balitz «bideragarritasun juridiko ukaezina» izango lukeela gaineratu du Elizondok. Hala ere, ez da iragartzen ausartu epe motzean edo ertainean ados jartzea lortuko den, eta ziurtatu du beren lana legebiltzarreko taldeei hainbat aukera ematera mugatu dela. Adituen lan horri dagokionez, esan du saiatu direla testua herritar guztientzat «eskuragarria» izan dadin, eta nabarmendu du, erabakitzeko eskubidearen inguruan egon diren eztabaidak alde batera utzita, bere iritziz eskubide sozialen inguruko zatia dela garrantzitsuena.

PPren adituak hitz egin ez badu ere, alderdi horretako legebiltzarkide Anton Danboreneak Eusko Jaurlaritzari egotzi dio Autogobernu Lantaldea legegintzaldi honetan «likidatu» nahi izatea, Madrilen Sanchezen, EAJren, EH Bilduren eta ERCren akordioaren esku utzi duelako dena.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.