Koronabirusa

Abuztutik birusarekin jende gutxien hil den astea izan da aurrekoa: 45 lagun

Beste 502 kasu positibo atzeman dituzte Hegoaldean, eta bilakaeraren okertzeaz ohartarazi dute agintariek. ZIUetan 116 paziente daude

ZIU zainketa intentsiboetako gela bat, Gurutzetako ospitalean. MARISOL RAMIREZ / FOKU.
Uxue Rey Gorraiz.
2021eko martxoaren 18a
00:00
Entzun
Seigarren astez jarraian, koronabirusarekin hildakoen kopuruak behera egin du Hego Euskal Herrian. Nafarroako Gobernuak eta Eusko Jaurlaritzak emandako datuen arabera, COVID-19arekin eri ziren 45 pertsona zendu dira azken astean, martxoaren 7tik 14ra bitartean. Abuztu bukaeratik izan den daturik apalena da.

Hala, iragan asteetako datuekin alderaturik, nabarmen txikiagoa da zazpi egunean Hegoaldean izandako heriotza kopurua, eta beheranzko joera biziki agerikoa izan da azken hilabetean. Konparatze aldera, otsaileko lehenbiziko astean gutxienez 148 pertsona zendu ziren gaitzarekin. Asteartean hildakoen berri eman zuen atzo Nafarroako Gobernuak: birusa zuten bi gizonezko hil ziren, 54 eta 82 urterekin.

Hildakoen datuetan ez bezala, bilakaeraren okertzea suma daiteke birusaren transmisioari buruzko adierazleetan. Azken asteetan, kutsatuen kurban agerikoa izan da beheranzko joera, baina, orain, birusa hanpatzen ari da berriro. Osakidetzak eta Osasunbideak 502 kasu positibo atzeman zituzten astearteko testetan. Esanguratsua da datua. Izan ere, otsailaren 20tik aitzina egun bakarrean detektatutako kutsatuek ez dute inoiz gainditu 500 kasuren langa; atzo arte. Asteartean, guztira 11.105 proba egin zituzten birusa detektatzeko, eta horien %4,5ek eman zuten positibo. 205 kasu zenbatu zituzten Bizkaian, 118 Gipuzkoan, 100 Nafarroan, eta 69 Araban.

Azken asteotako datuak ikusirik, birusaren oldartzearen arriskuaz ohartarazi dute Hegoaldeko agintariek. Iñigo Urkullu Jaurlaritzako lehendakariak esan du datozen asteak erabakigarriak izanen direla pandemiaren laugarren olatua saihesteko. «Ez daukagu erabateko ziurtasunik esateko kutsatzeen kurbak ez duela gora egingo», azaldu du sare sozialetan argitaratutako idazki batean. «Zorrotz eta erantzukizunez» jokatzea galdegin die herritarrei. Ildo berean, Jonan Fernandez Labi aholku batzordeko koordinatzaileak adierazi du «kezkatuta» daudela egoerarekin, eta arretaz ari direla izurritearen bilakaera aztertzen. Fernandezek erantsi du datuak okertuko balira prest leudekeela neurriak gogortzeko. «Ez da arriskatzeko unea». Txertaketa erritmoari dagokionez, berriz, Gotzone Sagardui Osasun sailburuak azaldu du AstraZenecaren txertoa berriz jartzeko prest izango direla osasun agintariek baimendu eta berehala: «Hurrengo egunean, ahalik eta azkarren».

ZIUak, koska bat hartuago

Osakidetzak eta Osasunbideak jakinarazi dutenez, herenegun 47 pertsona eraman zituzten erietxeetara gaitzaren sintomak larriagotuta; bezperan baino zortzi gehiago, alegia. Horiek horrela, azken datuen arabera, 386 lagun daude ospitaleratuta Hego Euskal Herriko zentroetan. Zehazki, paziente horietako 270 gela arruntetan daude, eta 116, berriz, ZIU zainketa intentsiboetako unitateetan. Bezperan, berriz, 112 pertsona ziren gela horietan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.