Alokairu soziala sustatzeko lege egitasmoa atzera bota dute

Edurne Begiristain.
Gasteiz
2022ko ekainaren 3a
00:00
Entzun
Eusko Legebiltzarraren gehiengoak atzera bota zuen atzo alokairu soziala sustatzeko asmoz EH Bilduk proposatutako lege egitasmoa. Elkarrekin Podemos-IUk ez gainerako taldeek ekinaldiaren aurka bozkatu zuten osoko bilkuran, eta, beraz, legebiltzarrak ez zuen tramiterako onartu. Aurrez, Eusko Jaurlaritzak emana zuen lege egitasmoaren aurkako iritzia, eta, atzo, EAJk eta PSE-EEk kontrako botoari eutsi zioten. Aurka agertu ziren PP-C's eta Vox taldeak ere.

Zera eskatzen zuen EH Bilduk: hiriko planifikazioan legez jasotzea babes publikoko etxebizitza guztien %50 alokairura bideratzeko betebeharra, baita sustapen pribatuetan ere. Horretarako, 2006tik indarrean den Lurzoruaren Legea aldatzea proposatzen zuen. EAJren eta PSEren irudiko, koalizioaren proposamenak jabetza pribaturako eskubidea urratzen du, eta Ā«bideraezinakĀ» dira eskatutako aldaketak. PP-C's-k ere babestu zuen ideia hori.

Alokairu sozialarena ez zen izan legebiltzarrak atzera bota zuen proposamen bakarra. Lanbide euskalduntzeari begira, EH Bilduk eta Elkarrekin Podemos-IUk proposatu zuten estrategia bat martxan jartzeko Lanbideren prestakuntza eskaintzak euskaraz nahiz gaztelaniaz berdintasunez eskaintzeko. Haatik, aurka bozkatu zuten gainerako talde denek, eta bertan behera geratu zen.

Elikadura nahasmenduak

Osasun gai batean, ordea, erabateko adostasuna lortu zuten taldeek. Izan ere, elikadura jokabidearen nahasmenduak dituztenen arta hobetzea aho batez babestu zuen Eusko Legebiltzarrak. Zehazki, legebiltzarrak Jaurlaritzari eskatu zion hobetu ditzala Osasun Mentalerako Estrategia berrian elikadura jokabidearen nahasmenduak artatzeko programak, eta horien eraginari buruzko azterketa egin dezala.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.