Albistea entzun

ANALISIA

Atzerako kontaketa hasi da

Maria Txibite, Zurekin Nafarroako ordezkariekin batzartu aurretik.
Maria Txibite, Zurekin Nafarroako ordezkariekin batzartu aurretik. J. M. / FOKU Tamaina handiagoan ikusi

Joxerra Senar -

2023ko ekainak 4

Hauteskunde gauetan, hitzek baino hobeto adierazten dute emozioek alderdiek benetan pentsatzen dutena, eta maiatzaren 29ko ilunabarrean alderdietako egoitzetan egon ziren kazetarien artean iritzi bateratua egon da asteon: ez da garailerik egon. Bai, EH Bildu izan da boto eta parlamentari kopurutan igo den alderdi bakarra indar nagusien artean (zoritxarrez, Vox ere bai). Udaletan ere gorantz egin dute, eta hatzaren puntarekin ukitu dute garaipen biribila, 779 botoren faltan UPNrekin berdintzear egon baitira Iruñean, hamalau auzotik zortzitan irabazita (historikoa, inondik ere). Haatik, jokalekua alda zezakeen emaitza ozta-ozta lortu ez izanaren ondorioz, bozkarioa ez zen erabatekoa izan EH Bildukoen artean. Kontrako zentzuan, UPNkoen aurpegietan ere agerikoa zen Iruñeko eta Nafarroako emaitzen ondorioz trantze txarra pasatu berri duenaren irribarre urduria.

 

Eta zer esan gobernu ardurak izan dituzten alderdien artean... Kanpainan, denen ahotan entzuten da herritarren iritzia jakiteko ordua iritsi dela, baina gau hartako tristezia berekin eraman du biharamunak, eta berriro gobernua osatzeko bideari ekin diote arrapaladan, «lehenbailehen» hitzartzeko asmoz. Baina benetan entzun al dute herritarrek esan dutena? Behin botoen %100 zenbatuta, PSNk, Geroa Baik eta Zurekin Nafarroak 2019an baino 27.149 gutxiago lortu dituzte, eta horri buruzko gogoetarik ez da entzun hiru alderdien artean. Pedro Sanchezen hauteskunde aurrerapenaren iragarpenak eta hasi berri diren negoziazioen zurrunbiloak irentsi du dena.

Baina zergatik gertatu da hori? Duela lau urte ere laukoak bere osotasunean ez zion etekinik atera gobernu kudeaketari. Pandemia bati eta Ukrainako gerraren ondorioei aurre egin behar izan diote, baina aldi berean inoizko aurrekonturik handiena kudeatzea egokitu zaie. Batetik, arlo ekonomikoan eta sozialean, egoera itxurazkoa da. Bestetik, herritar askok nabaritu dituzte osasungintzan azaleratu diren arazoak, bai lehen arretan nola espezialitateen itxaron zerrendetan. Hiruren artean, PSN izan da gutxien galdu duena —3.592 boto, zehazki; %5eko jaitsiera—.  eta emaitza hori erlazionatuta egon daiteke Madrilgo anaia handiak bototan izandako galera apalarekin. Era berean, koalizio gobernuetan maiz gertatzen den bezala, bazkide txikiagoek arazoak izan ohi dituzte euren lorpenak nabarmentzeko, eta galtzen atera ohi dira. Adibidez, laukoaren lema izan zuen Geroa Baik laukoan gora egin zuen 2019an; orain, aldiz, behera egin du nabarmen —16.663 boto gutxiago, edo %27 behera—.

Dena den, ez da komunikazio arazo soil bat. Espainian PPk harrigarriki ETAren erabilera politikoari etekin handia atera dion bezala, Nafarroan UPNri apenas eman dion botorik. Nafarroako lubaki politikoak markatuta geratu dira, baina bederen eskuin mediatikoaren agendak eta gaien esparruak ez dute desorekatu indar korrelazioa. Alta, aldi berean, zenbait herritarrek ez dituzte bere sentitu gobernuaren lorpenak. Ez hotz, ez bero, epel.

Nafarroako Gobernua osatzeko lasterketa hasi den honetan, ez dirudi horrek pisurik izango duenik. Guztien artean botoen %17 (!) galdu izana ahantzi dute. Txibitek argi utzi du PSNk pisu handiagoa izan nahi duela gobernuan, Geroa Baik eta Zurekin Nafarroak baino ordezkaritza handiagoa duelako parlamentuan. Parlamentuko presidentetza ere beretzat nahi dute. Eta Iruñeko Udala. Politikoki ulergarria izan daiteke PSOErentzat Joseba Asiron alkate egin nahi ez izatea, baina beste gauza bat da EH Bildu baztertzen den bitartean hari musu truk dena eskatzea. Deigarria da nola bat-batean EH Bildu funtsezkoa izatetik bazkide «puntuala» izatera iragan den. Urratsez urrats joan nahi du EH Bilduk. Haren ahuldadea irudikatu nahi badute ere, soka noraino tenkatu dezaketen deliberatu beharko du, jakitun betiere haren botoen beharrean daudela gainerakoak orain..., eta gero ere bai.

Hasi da zirkua, eta, Nafarroa Arenan UPNren kanpainako ekitaldi nagusian entzun zen Europe taldearen kanta ezagunak zioen bezala, hasi da atzerako kontaketa. Abuztuaren 28ra arteko epea dago Parlamentua, udalak eta azkenik gobernua osatzeko prozesu osoa burutzeko. Tartean, beste kanpaina bat izango da, eta haren itzalak dena desitxura dezake. Beste arriskua da, denbora agortu ahala, besteari errua botatzeko jokora jokatu nahi izatea. Protagonistek, eta bereziki PSNk, hobe dute ez ahaztea halako jokaldi interesatuek eragiten dutela maiz desmobilizazioaren atzean egon ohi den politikarekiko atxikimendu falta.

Asko balio du irakurri duzun albiste/artikulu honek. Talde baten lanaren emaitza da.

Albiste hau zuri helarazteko eta talde honek bere lana baldintza egokietan egin dezan, BERRIAk ezinbestekoa du zure sostengua.

Zure babes ekonomikoarekin, aldi hau kontatzeko funtzioa betetzen jarraitu nahi dugu: kazetaritza konprometitu, kalitatezko eta independentea egiten.

Albiste gehiago

Zelaia eta Barbado, Gasteizko Gobernu Militarreko balkoian. ©ARITZ LOIOLA / FOKU

Aitor Zelaia eta Galder Barbado gazteak atxilotu dituzte Gasteizen

Unai Etxenausia

Gasteizko Gobernu Militarreko balkoian atxiki dituzte, eta jendearen babes zabala jaso dute

Euskal Hirigune Elkargoak atzo bilera egin zuen Baionan. ©PATXI BELTZAIZ

«Madrilen euskaraz egin daiteke, eta Baionan ez», salatu dute elkargoan

Ekhi Erremundegi Beloki

Frantziako Estatuari gehiago eskatzeko agindu du Xabi Thikoipe Bil Gaiten taldeko hautetsiak, Euskal Hirigune Elkargoaren bileran

Iñigo Urkullu, atzo, Bilbon, Nueva Economia foroan. ©OSKAR MATXIN EDESA / FOKU

«Irudi katastrofista» hauspotzen dutenak kritikatu ditu Urkulluk

Gotzon Hermosilla

«Laino beltzez betetako Euskadi baten ideia» sustatzen dutenek «onura politikoa» lortu nahi dutela salatu du lehendakariak hitzaldi batean
Zaballako espetxea, artxiboko argazki batean. / ©Raul Bogajo, Foku

Bi urte pasatu dira Jaurlaritzak espetxe politika bere gain hartu zuenetik

Mikel Elkoroberezibar Beloki

Basauriko, Martuteneko eta Zaballako espetxeetan 1.577 pertsona daude preso. Jaurlaritzak esan du azken bi urteotan «euskal espetxe eredua» garatzea baldintzatu dutela azpiegituren «gabeziek».

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...