«Ziklo baten amaiera da hau»

Borja Senperrek politika utziko du «lan eskaintza batengatik eta familiagatik». Esan duenez, PPrekin eduki ditzakeen desadostasunek ez dute eraginik izan hartutako erabakian
Borja Senper, Barbara Goenaga bikotekidearekin, PPren egoitzako korridoreetan.
Borja Senper, Barbara Goenaga bikotekidearekin, PPren egoitzako korridoreetan. JAVIER ETXEZARRETA / EFE

Edu Lartzanguren - Irati Urdalleta -

2020ko urtarrilak 15
«Agur esaten dut, benetan gero arte bat den arren». Horrela hasi zuen Borja Senperrek kargu politiko guztiak utziko dituela iragartzeko atzo Donostian eman zuen prentsaurrekoa. Ikusmin handia sortu zuen Gipuzkoako PPko presidente, Donostiako Udaleko zinegotzi eta Eusko Legebiltzarreko PPren eledun Borja Senperrek politikatik ateratzea erabaki izanak, eta kazetariz, senidez eta alderdikidez bete zen PPk Donostian daukan egoitza. Politika «familiagatik eta lan eskaintza batengatik» utziko duela esan du bertan. «Ziklo baten amaiera da, bukatu den etapa pertsonal bat, eta ez da egon hori eragin duen beste ezer».

Gaineratu duenez, egungo PPn ez dago deseroso, askatasunez adierazteko aukera eman baitiote, eta alderdiarekin eduki ditzakeen desadostasunek ez dute eraginik izan politika uzteko erabakian. «Alderdi politiko bat ez da sekta bat. Ñabardurak, desadostasunak eta talkak egotea osasungarria da».

Aurrerantzean Ernst Young aholkularitza taldearentzat arituko dela esan du, erakundeekiko harremanen zuzendari lanetan. Nazioarteko taldeak EAEn dituen buruekin Donostian elkartu izan da Senper; besteak beste, Laboral Kutxak eta Ernst Youngek berak antolatzen duten Gipuzkoako Enpresaburu Foroan. Multinazionalak Bilboko Iberdrola dorrean du EAErako egoitza.

Alderdiarekin deseroso egon ez arren, aitortu du orokorrean ez duela gustuko politikan dagoen giroa. «Nik beti esaten dut aurkaria aurkaria dela, baina ez etsaia». Ziurtatu duenez, garrantzi handia ematen dio errespetuari, politikariek egindakoa gizartean islatzen dela uste baitu. «Politikan eta demokrazian desadostasunak osasungarriak ez ezik beharrezkoak ere badira, baina liskarrak, ez», zehaztu du. Desberdintasunak desberdintasun, ideologia guztietako jendearekin ahalegindu dela azpimarratu du. «Kolore eta ideologia guztietako kargudunekin hitz egin dut. Batzuekin lortu dut elkar ulertzea, eta besteekin ez, baina guztiekin saiatu naiz nire ideiak errespetuz defendatzen».

25 urte egin ditu politikan, eta nabarmendu du ordutik hona gauzak asko aldatu direla: «Sartu nintzen garaiarekin alderatuta, oso garai desberdinean nago orain. Familia bat daukat, eta lasai pasea naiteke Donostian». Aitortu du hona iristeko urteak ez direla errazak izan, hala ere: «Politikan sartu nintzenean, PPk, nik eta beste hainbatek defendatzen genituen balioak defendatzeak azken ondorioetaraino inplikatzea zekarren». Gogora ekarri du bere bizitza politikoaren zati handi bat 15 urte inguru bizkartzainekin igaro duela, eta haiei eskerrak emateko ere baliatu du agerraldia.

Politikan dituen kargu guztiak utziko dituen arren, iritzia eskatzen dionarentzat beti lerro bat irekia izango duela nabarmendu du. «Ni banoa, familian beste erronka batzuk hastea behar dugulako, baina horrek ez du esan nahi desagertu egingo naizenik». Politika aktiboa gainditua duen etapa bat izan arren, nabarmendu du ez dakiela zer gertatuko den hemendik urte batzuetara. Izan ere, arantza batekin doa: 25 urteren ondoren, ez du lortu Donostiako alkate izatea.

Alderdikideen babesa

«Oso errespetatua eta maitatua sentitu naiz euskal PPko eta gainerako Espainiako alderdikideen artean», azpimarratu du Senperrek. Hartu duen erabakiaren berri emandakoan ere ulermena eta maitasuna jaso dituela dio. «Oraingo zuzendaritzakoekin eta aurrekokoekin egon naiz, eta maitasuna eta eskuzabaltasuna eskaini dizkidate».

Pablo Casado PPko buruak Senperri esan dio PP beti izango dela «bere etxea». «Terroristen aurrean, askatasuna defendatzeko zure bizia ere arriskuan jarri zenuen», esan dio eskerrak emanez. Casadok bezala, Alfonso Alonso EAEko PPren buruak ere onena opatu dio etapa berrian. Eskerrak ere eman dizkio politikan egin duenarengatik, oso gazte hasi zelako «terrorismoari aurre» egiten. «Ohore bat izan da zurekin Euskal Herri askeago bat defendatzea», nabarmendu du.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna