Albistea entzun

Erika Lagoma Pombar eta Estitxu Fernandez Maritxalar. Idazleak, amak eta feministak

«Feminismoaren zati batek amatasunaren biologia ukatu du»

Lagoma Pombarrek eta Fernandez Maritxalarrek 11 amaren eta bi aitaren bizipenak bildu dituzte 'M ama* eme* ume*' liburuan. Uste dute guziek «arrakalatzen» dituztela amatasunaren instituzioak «inposatutako» ereduak.
JON URBE / FOKU Tamaina handiagoan ikusi

Maddi Ane Txoperena Iribarren -

2022ko maiatzak 22

Emakumez goitiraino beteriko gela ttipi batean ernaldu zen M ama* eme* ume* liburua (Elkar, 2022), Durangoko 2019ko jardunaldi feministetan: «Ehunka tailer eta hitzalditatik bakarra egon zen amatasunaren inguruan». Eta solastatzeko eta aditzeko beharra ikusi zuten han elkartu zirenek: «Ondorioztatu genuen ez ditugula ezagutzen bertzeen bizipenak». Grabagailua eta zaintza eskuan hartuta, hamahiru testigantza bildu, eta hainbat hilabetez elikatu dira Erika Lagoma Pombarren (Lesaka, Nafarroa, 1981) eta Estitxu Fernandez Maritxalarren (Lesaka, 1975) sabel konpartituan. Orain guti erditu dira, eta ume deseroso bat dute emaitza: aldi berean zirikatzeko eta mimatzeko jaio dena.

Liburuan maiz agertzen da amatasunaren eta feminismoaren arteko gatazka. Amatasuna feminismotik aldarrikatzeko modu bat da?

ESTITXU FERNANDEZ: Bai. Urte luzez egon gara orain dela zenbait hamarkada feminismoak egin zuen borrokan, hau da, amatasuna ukatzen, amatasunaren instituzioak izugarri zapaltzen zuelako emakumearen garapena. Amatasun neoliberal hori, akaso feminismo mendebaldarrak ere aldarrikatzen duena: «Errealizatu zaitez lanaren bitartez, umeak traba dira zure errealizaziorako, zain ditzala bertze norbaitek».

Ez da hori aukera bakarra?

E. FERNANDEZ: Hemen aniztasun handia ikusten da. Hamahiru testigantza dira, baina egoten ahal ziren milioika, ze ama bakoitzak bi muturretan egiten du ekarpena: umearen bitartez bakarrik errealizatzen den eta amatasuna kaiola bihurtzen zaion ama horretatik ama neoliberal horretara arte ia denak gaude arrakalatzen bi eredu inposatu horiek. Azken urteetan ari dira ama feministak euren ahotsa aldarrikatzen, eta hau da ekarpen bat gehiago bide horretan, ikusteko amatasuna feminismoaren aniztasunetik.

Zer hutsune zegoen?

ERIKA LAGOMA: Feminismoak lan itzela egin du —eta eskerrak— amatasunaren instituzioa ukatzen, baina, horrekin batera, nahita edo nahi gabe, amatasunaren bizipena bera ukatu du. Batzuetan, pausoak emateko hagitz muturrera jo behar da, baina iristen da garaia atzera begiratzeko eta ikusteko bide horretan zer irabazi dugun, baina baita zer galdu dugun eta zer berreskuratu beharko genukeen ere.

Eta, zalantzarik gabe, amatasuna feminismotik. Badaude ama pila bat lehenagotik ere beren burua feministatzat daukatenak, ama direnean beren esperientzia berri hori uztartzen da feminismoarekin, eta aunitzetan talka egiten du, ez delako kabitzen errealitatea berak egin duen pelikularekin. Baina gero badira ama aunitz ere justuki ama direnean are gehiago hurbiltzen direnak feminismora, sistema parez pare ikusten dutelako.

Bereizketa egiten duzue amatasunaren instituzioaren eta bizipenaren artean. Baina bizipena instituzioak markatzen du. Nola bereizi bata eta bertzea?

E. FERNANDEZ: Aniztasun horretatik abiatuta. Liburuan ama ez denak justuki aipatzen du: zergatik gure biologiaren parte den zerbaitek izan behar du zapaltzailea? Instituzioak egiten du zapaltzaile: horren kortse estua edukitzeak. Bizipena, aldiz, hautu libre bat da. Kontua da gizarte honetan hautu librea izatea dela zortzimilako bat igotzea bezala.

Zergatik?

E. FERNANDEZ: Osasun sistemak, haurdun gelditzen garen momentutik, zenbaterainoko askatasuna uzten digu erabakitzeko? Edo tratatzen gaitu egundoko gurasokeriaz? Berdin hezkuntza sistemak, noski lan esparruak, politika sozialek, sistema judizialak... Benetan uzten al digute amatasuna guk nahi bezala bizitzen? Benetan ulertzen al da ere, adibidez, haurdunaldia, erditzea eta erdiondo goiztiar hori amaren gorputzean gertatzen den zerbait bezala, eta bere erabakia lehenetsi behar dela? Bada, ez. Oztopo pila bat daude hor.

E. LAGOMA: Abortuan hagitz argi dugu: gure gorputzean gertatzen da, eta guk erabakitzen dugu. Baina haurdunaldia ere gure gorputzean gertatzen da, eta erditzea eta erdiondoa ere bai: gorputzarekin hagitz lotuak daude. Hor aldarrikapen feminista hori falta da.

Ama izateko modu aunitz daudela diozue. Zerk batzen ditu liburukoak?

E. LAGOMA: Denek dute beren burua feministatzat.

Eta zer da ama?

E. LAGOMA: Liburuan badira ezaugarri diferenteak. Horregatik jarri ditugu asteriskoak: eman dezakegu definizio bat, baina beti aldarrikatzen dugu pluralean.

E. FERNANDEZ: Guk ez genituen pertsona hauek hurbiletik ezagutzen, eta liburuarentzat hagitz mesedegarria izan da, ze joan gara inongo aurreiritzirik gabe. Bagenituen soslai batzuk markatuta, egin genuen sukalde lan eder bat, eta ertzak ukitu behar ziren, baina ohiko amatasunak ere bai. Eta ezusteko pila bat izan ditugu.

Zer, adibidez?

E. FERNANDEZ: Gehienek aldarrikatzen dute ama hitza, erraten dute politikoa dela, erabili behar dela, bertzela desagertu egiten direla amak, eta euren desioetako bat dela ikusgarri bihurtzea.

Zuek ere ama jarri duzue, eta ez guraso.

E. FERNANDEZ.: Ia denak bat datoz erratean ez dela berdina ama eta aita, edo ama eta bertze ama. Bakarrik bizitzako garai konkretu bategatik: haurdunaldia, erditzea eta erdiondo goiztiar hori. Bertze garai guzietan parekidetasunaren alde egiten dute, baina ia denek erraten dute garai horretan ez dela berdina: eme gorputzean gertatzen dela; obarioak, umetokia, eta gehienek titiak dituzten gorputz horietan. Guraso hitzak ez die balio garai horretan.

Hori ez da esentzialista?

E. FERNANDEZ: Badu kutsu bat, baina hor dago ez-ulerpen bat. Feminismoaren zati batek amatasunaren biologia ukatu du orain arte, eta oraindik ez dio garrantzi gehiegirik eman nahi. Liburuan nahiko garbi agertzen da ez dela esentzialista, ze emakume horiek denbora guztian aldarrikatzen dute behar dutela sarea, behar dutela gizonezkoa edo bertze ama ondoan egotea... Erabat parekideak dira ere bai.

Umea kanpoan dagoenean, ja ematen du berdinak garela, baina oraindik ez da bukatu amaren gorputzaren lehentasuna. Eradoskitzea badago, ulertzen da hobeki, baina biberoiarekin ere berdin da: amarengandik jaio da ume hori, ama da bere terreno ezaguna, behar du denbora bat ezagutzeko bertzeak. Eman denbora amari berak erabaki dezan.

E. LAGOMA: Ari gara funtzioez, ez funtzio bakarraz. Eta ekuazio honetan ez ditugu aipatu haurrak, baina haien beharrei begiratzen zaienetik ez dago zalantzarik. Bertze kontu bat da erditu den ama horrek haurra zaindu nahi ez izatea modu horretan, guztiz zilegi dena, baina haur horrek behar batzuk ditu, eta, orduan, bertze modu batean ase beharko zaizkio.

Aurkezpenean aipatu zenuten ez dela liburu eroso bat. Horregatik da deserosoa?

E. LAGOMA: Ez da erosoa gauzak berrikustera ekartzen zaituelako, zalantzan jartzera, ados ez egotera. Eta, nahiz eta zure gorputzean amatasunaren esperientzia ez bizi izan, amatasunak zeharkatzen zaitu. Hor daude emakumeei exijitzen zaizkigun mila kontuak, edo denok gara norbaiten seme edo alabak. Baina deserosoa bezain sendagarria da aldi berean.

Horregatik bildu dituzue bizipenak, eta ez teoria?

E. LAGOMA: Nola egiten da teoria bizipenak aditu gabe? Absurdoa da. Bizipenak behar dira; bertzela, estereotipoetara jotzen dugu beti.

E. FERNANDEZ: Idealizazio hori. Eta gero ze zaplaztekoa! Zenbatek erraten duten: «Ez nintzen konturatu umea besoetan eduki nuen arte gezurra zela sinetsi nuena».

Gizonengana ere ailegatu nahi duzue, bi aita sartu dituzue... Uste duzue lortuko duzuela?

E. FERNANDEZ: Nik zalantzak ditut, noski. Ama batzuek erraten duguna, ez bakarrik gizonezkoei... Ez bakarrik horregatik, baina horregatik sartu genituen bi aita, ze seguruenik gizonezkoek euren burua hor ikusita errazago hartuko dute liburua: ez bakarrik amatxoen kontutxo bat bezala. Eta, gero, nahi genuen, noski, erakutsi amatasun kontziente eta bizigarriago hauen alde zer garrantzi duen gizonezkoen zereginak ere.

E. LAGOMA: Niri gizon batek baino gehiagok bidali dit argazki bat liburua erosi duela erranez. Ez dut uste bestseller bat izanen denik [irriak], baina gaiari buruzko interes minimo bat duenarentzat, eta, gero, gaitasuna duenarentzat konturatzeko gai hau ez dela bakarrik amen kontua...

Zuek ere ama zarete. Zer ekarpen egin dizue idazteak?

E. LAGOMA: Niretzat, ekarpena sekulakoa izan da, balio izan didalako nire bizipena berrikusteko, birkokatzeko... Lagundu dit aunitz nire amari begiratzen ere. Eta eman dit zaintza berrikusteko bertze begirada bat: ez bakarrik amatasuna eta haurren zaintza.

E. FERNANDEZ: Niri egin dit gehiago ordenatzea teorikoa. Lehen gauza batzuk ez nituen hagitz argi: banekien nola sentitzen nuen, baina gero ez nuen topatzen helduleku teorikorik. Lagundu didate kokatzen: «Hau da sentitzen dudana, eta hemendik defendatu nahi dut».

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Milaka lagun elkartu dira gaurko mobilizazioan Bilbon. ©Monika del Valle / Foku

Osakidetza «desegiten» ari dela salatu dute sindikatuek Bilbon

Berria

SATSE, ELA, LAB, CCOO, UGT eta ESK sindikatuek deitu dute manifestazioa, eta milaka lagun elkartu dira. Osasun publikoaren alde egin dute, eta hura pribatizatzeko joera gaitzetsi.

 ©BERRIA
Miarritzeko harrotasunen martxa, atzo. ©BOB EDME

«Mugak hausteko» harrotasunez hartu dituzte Miarritzeko karrikak

Oihana Teyseyre Koskarat

Ehunka lagun bildu dira harrotasunaren martxan. LGTB komunitateko eragileek nabarmendu dute gora egin dutela horien kontrako erasoek

Barakaldon eraso matxisten aurka egindako elkarretaratze bat, aurtengo martxoan. ©MARISOL RAMIREZ / FOKU

Gizon bat espetxeratu dute, neska lagun ohia hiltzen saiatzea egotzita

Jon O. Urain - Maddi Ane Txoperena Iribarren

Labanaz eraso dio andreari, eta emakumea larri dago, Gurutzetako ospitalean. Basauriko kartzelan sartu dute gizona. Mugimendu feministak elkarretaratzera deitu du gaur arratsalderako Barakaldon

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...

Izan BERRIAlaguna

Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu euskarazko kazetaritza independente eta kalitatezkoa egiten segitzeko.