Koronabirusa. Yahcov Ruiz. EAEko Right2Cure plataformaren bozeramailea

«Europako Batasuna da patenteak askatzeko oztopo nagusia»

Right2Cure plataformak milioi bat sinadura bildu nahi ditu Europako Kontseiluari txertoen patenteak askatu ditzala exijitzeko. Sinadurak lortuz gero Europako Batasunaren jarrera alda daitekeela uste du Ruizek.

MONIKA DEL VALLE / FOKU.
Maialen Arteaga.
Bilbo
2021eko ekainaren 10a
00:00
Entzun
Txertoen patenteak askatzea du helburu Right2Cure plataformak. Europa mailan daude antolatuta, eta Bizkaiko, Gipuzkoako eta Arabako taldearen bozeramailea da Yahcov Ruiz (Madril,1980). Atzo arratsean, elkarretaratze bat egin zuten Bilbon. Europako Kontseilura heltzeko milioi bat sinadura bildu nahi dituzte. Nafarroan eta Ipar Euskal Herrian oraindik ez daude antolatuta, baina sinadurak eskatzeko deia orokorra da. Horretarako era dago Noprofitonpandemic.eu gunean.

Iaztik zaudete martxan, eta, ordutik, aldatu egin da egoera pandemikoa. Zein da zuen ikuspegia eta erronka nagusia?

Txerto ofizialik ez zegoenean ere, aurreikus zitekeen patenteen ondorioz banaketarako arazoak egongo zirela. Hori ikusita, Indiak eta Hegoafrikak, eskua altxatu, eta proposamena egin zuten txertoak ekoizteko formula, teknologia eta ikerketa guztien patenteak askatzeko. Europan, Right2Cure plataforma mugitzen hasi zen, eta orain milioi bat sinadura bildu nahi ditugu eskaria Europako Kontseilura iristeko. Laurogei herrialdek baino gehiagok babesten dute egitasmoa.

Proposamena Hegoafrikatik eta Indiatik abiatu zen, baina giltza Europan dagoela diozue. Zergatik?

Ameriketako Estatu Batuen jarrera aldatu zenetik, hainbat herrialde batu dira. Europako Batasuna da patenteak askatzeko oztopo nagusia; munduko potentzia nagusietakoa da, eta prozesua oztopatzen ari da. Europan daude patenteen jabe diren farmazia industria gehienak, eta presio handia egiten die. Farmazia lobbyak urtean 40 miloi euro bideratzen ditu bertara, ahalik eta gehien atzeratu nahi duprozesua, eta erabakia luzatzeko trikimailuak egiten ari dira enpresak.

Eragiteko gaitasun erreala dute herritarren sinadura horiek?

Bai, sinadurak lortuz gero litekeena da txertoen patenteak askatzea, proposamena orduan zuzenean Europako Parlamentuan aztertu beharko litzatekeelako. Parlamentariek ezezkoa bozkatzea ia ezinezkoa da: ezingo lukete ez ihes egin, ez erabakia gehiago atzeratu.

Eta patenteena lortuta pandemia atzean uzten hasteko modua egon daitekeela uste duzue?

Aurrerapauso handia izango litzateke, baina ez azkena. Beste laborategi guztiak modu masiboan txertoa produzitzera bideratzea geratuko litzateke, gripearen txertoarekin egiten den bezala; ikerketa mekanismo libre, masibo eta eskuragarria behar dugu. Baina bai, oztopo nagusia patenteen pribatizazioa da.

Txertoen kontratuetan gardentasun falta dagoela ere salatu zenuten; zergatik?

Txertoen ikerketa eta produkziorako, diru publikoa erabili da, eta egia jakiteko eskubidea dugu, kontratu horiek publikoak dira eta. AstraZenecarena, adibidez, lotsagarria izan da: ez zuten adostutako kuota betetzen, eta kontratuakguztiz zentsuratuta zeuden.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.