Joseba Barandiaran Andueza.
Koronabirusa. EKONOMIA PENTSALDIAN

Berrordainketa, burbuila eta oasia

2020ko uztailaren 14a
00:00
Entzun
Birritan bederen egon naiz desados prentsa nazionalak (BERRIA eta Argia-z nabil) gai ekonomikoak izendatzeko erabakiekin. Bat, 2012an Espainian zenbait botikaren ko-ordainketa ezarri zenean (erabiltzaileek botiken zati bat ordaindu beharra). Hari berrordainketa deitzen tematu zen egunkari hau, bestela ere nahikoa zerga ordaintzen zela eta osasungintzak debalde behar lukeela argudiatuz (gutxi asko). Larregiko bulkada edo gurari politikoa atzeman nuen bataio hartan. Orain esango dut, logika hura onartzera, laster derrigorrezko izango diren musukoak norberak ordaintzetik (oraingo egoera) berrordaintzera pasatuko ginatekeela (agian bihar-etziko egoera), adibidez, Osakidetzak (eta gerta liteke) musukoen prezioaren erdia bere gain hartzea erabakiko balu! Paradoxa bederen bada. Erakundeak defizita pilatzen ari zirela, berrordainketa deitzea ere bazen bezala.

Bestea, joan den astean Argia-ko Amaia Lekunberriri irakurri nion, etxebizitza burbuila bat bizi omen dugula. Txio bidezko eztabaida ezinezkoa izan arren, etxebizitza arazoari egun burbuila deitzea gehiegizkoa deritzot. Ez soilik burbuila ekonomian definizio argirik gabeko zerbait delako, baizik eta 2008ko eraikuntza eta enplegu kopurua, familien zorpetzea, etxebizitza erosteko ahalegina, prezio igoerak eta espekulazioak ez dutelako zerikusirik, ezta hurrik eman ere, egungoarekin.

Horren erakusgarri, Covid-19arekin eraikuntzako enpleguaren %6 inguru galdu direla gurean aurtengo lehen seihilekoan. Gutxi asko, ekonomian batez beste egindakoaren antzeko kopurua, ostalaritzak kasurako galdutakoaren azpitik. Burbuilarik balitz, COVID-19ak lehertu behar zuen. Eta lehertu ez badu, burbuila baino gehiago, metalezko esfera hautsezina izango litzateke. Eta hori diot, etxebizitzarekin gurean ditugun zailtasunak inola ere gutxiesteko asmorik gabe; eta segmentu edo gune jakin batzuetan espekulazioak duen indarraren jakitun. Baina horri etxebizitzaren burbuila deitzea, bada, gehiegikeria iruditzen zait 2020ko Euskal Herrian.

Berriz EAJk irabazitako hauteskundeon ostean, kanpainan EAEko Lehendakariak esandakoek ere harritu ninduten. Birritan desados, deklarazio bakarrean: ez zela ez zerga igoerarik, ezta murrizketarik ere izanen. Tituluek hala zekarten eta, nago, bietan erratu zela Urkullu hautagaia. Lau urterako gobernua eratzearekin, zergak foru aldundiek arautzen dituztela jakinda ere, ezinezkoa dirudi lau urtez zerga bilketa handitzeko ardura zikloarengan soilik uztea (ez EAJk ez inork). Ez litzateke zentzuzkoa, berehala izango ez bada ere, zergarik ez handitzea. Eta ez litzateke zentzuzkoa izango murrizketarik ere ez izatea hurrengo legealdian. Zertan, ordea, eta noiz; hori da gakoa.

Baliabide urriak kudeatzen dabilenak badaki, burua eta hankak biak estaltzeko zailtasunak izaten direla tapaki gehienekin: gastatzeko ideiak eta premiak gehiago izan ohi direla, diru iturriak baino. Nondik kendu, non jartzeko. Hori da politikak ezartzea eta, gutxi asko, egindakoa txalotu dio Euskal Laurdenak (Euskal Erdian bozkatu duen erdiak, alegia), EAJri. Eta murrizketak izango dira, Mexikon esango luketen lez, orale! Edo Irale zen? (...)

Superabita zekarren Pedro Azpiazu sailburuak duela gutxira arte Jaurlaritzaren kontuetan. Kritika zilegiak jaso zituen horregatik, baina zuhurtzia hark zorpetze tarte handiagoa emango dio orain gobernu berriari. Zergak jaisteko eskakizunari ere (Espainiako eskumak plazaratua) eutsi zion, guztia esatera.

Baina EAE ez da oasia, birusak erakutsi duen lez. Herri honen erronka eta arazoak, epe laburrean, Europako beste hainbaten antzekoak izango dira. Erabaki asko hartu beharreko urte zailak datoz. Baita osasungintzan, etxebizitza politikan eta politika fiskalean ere. Hortan, nik uste, guztiok gatoz bat.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.