urtzirrutikoetxea
LEKU-LEKUTAN

Laino ilunak Rojavan

2018ko abenduaren 23a
00:00
Entzun
Badoaz. Ez da lehen aldia, eta bazekiten berriz ere gerta zitekeela, salduta utz zitzaketela aliatuek. Gerra Hotzean karta kurdua jokatu zuten bi potentziek: Henry Kissingerrek 1973an hauspotu eta 1975ean abandonatu zituen Irakeko kurduak. Hogei urte geroago, Washingtonek eskatzean matxinatu ziren kurduak, baina AEBek Kuwaiten ofentsiba geldiarazi eta kontraerasoa jo zuen Saddam Husseinek kurduen eta xiiten aurka. Bost urte baino ez ziren Halabjako eraso kimikotik.

Kurdu zintzoak, kurdu gaiztoak izenburua dauka garai hartako dokumental interesgarri batek. Zintzoak AEBen aliatu ziren Irakeko kurduak ziren; gaiztoak, berriz, Turkia NATOko aliatuaren aurka borrokatzen ziren gerrillari kurduak. Premonizioa ere bazen: Abdullah Ocalanek sortutako gerrilla Turkian borrokatzen denean, terrorista ei da, baina gerrillari horiek AEBen aliatuak dira 2015etik Irakeko Sinjarren eta Siriako Kobanen jihadismoari aurre egiteko aliatu efikazenak zirela ikusi zenetik.

Hiru urteotan kurduek aliantza estuena AEBekin izan dute, baina badakite munduko inperialismo bakarra ez dela Estatu Batuena, eta hari aurre egiteko beste inperialismo batzuekin itsu-itsuan lerratzen direnak gezurtatuz —arabiar estatuek zein Errusiak dozenaka herri eta hizkuntza zapaldu eta anikilatu ez balituzte legez—, unean uneko kartekin jokatzen asmatu dute. «Badakigu estatubatuarrek ez gaituztela maite», ziostan lagun batek, «kontua ez da fidatzen garen ala ez: itsaso erdian hondoratzen ari zarela inork eskua luzatzen badizu, ez duzu galdetzen esku hori adiskide batena ala krokodilo batena den».

Genevan negoziazioetan, Washingtonek mahaian esertzeko Turkiaren eta Siriako oposizioko taldeen betoa ezartzen zien kurduei, kolaborazio militar efikaz soil gisa ikusten zuen haiekiko harremana: Errusiak zeramatzan gehienetan kurduen planteamenduak, eta Moskun zeukan PYD alderdiak nazioarteko bulegoa. AEBek bezala saldu izan ditu kurduak Errusiak historikoki: 1946ko Mahabadeko errepublika, kurduen lehen estatu modernoa, Stalinen babesarekin gauzatu zen; SESBek britainiarrekin Irani buruzko akordioa lortu zuenean, dena galdu zuten. Eta hala ere, Armenia sobietarrean izan ziren kurduerazko irratiak eta argitalpenak urteetan, NATOren Turkian edo sha-ren Iranen halakorik egiterik ez zegoenean.

Sirian 2011ko lehen protestak hasi zirenean, zenbait gazte kurduk, Ekialde Hurbil osoan orokortua den frustrazioari jarraituz, kalera jo zuten protestan, baina PYDko militanteek babesik eman ez, eta behin baino gehiagotan zapaldu ere egin zituzten. Orduan kritika asko jaso arren, denborak erakutsi du «arabiarren arteko» borroka hartan ez sartzea erabaki zuzena zela: ondo gogoratzen zuten alawi zein suni ederto batu izan zirela kurduak zapaltzeko, 2003an Qamishlon izandako sarraskian, esaterako. Gatazka okertuz joan zenean, Assadek Damasko eta Alepo arteko hiri nagusietan pilatu zituen indarrak, eta estatua desagertu ahala mugimendu kurdua bere lurraldean nagusi egin zen. Siriako oposizioaren iritzian, mugimendu kurduaren eta Assaden erregimenaren arteko hitzarmena izan zen.

Hiru kantoi eratu zituzten oreka ezinezko horrekin: Afrin mendebaldean, Mediterraneotik hurbilen, Jazira ekialdean, Irakeko Kurdistango mugan eta petrolio-zelaiekin. Bi eremuen artean Kobane dago, Baath alderdiaren erregimenak bultzatutako arabiartze prozesuan hegoaldetik ekarritako arabiarren herriek inguratuta.

AEBen erretirak kolokan jar dezake hori guztia, Turkiaren mehatxuak gauzatzen badira. Afrinen, ehunka mila kurduk ihes egin behar izatea urte hasieran Ankararen menpeko jihadisten oldarraren aurrean. Gerraren hasieran legez, Turkiaren inbasioa geldiarazteko ahalegina Damaskorekin koordinatzen saiatu ziren, baina Alepotik milizia txikiren bat baino ez zen iritsi, sekula ez armada: Erdoganek Putinen argi berdea zeukan.

Orain, ikusi beharko da mundu osoa liluratu duen proiektuarenak egin duen: emakumea ahaldundu den Ekialde Hurbileko esperientzia interesgarriena da, aginte politikoan beti emakume eta gizon bana daudela buruan. Neskaz osatutako borroka-unitateak, eta emakumeak buru zituzten batailoi jendetsuak, Raqqa askatzen, esaterako. Behetik gorako demokrazia horretan musulman, yezidi, kristau eta beste hainbat sineskeratako jendeak batu dira, Assadtarren debekuaren lekuan, kurduerazko zein asirierazko hezkuntza garatu ahal izan dute, ikastolen esperientzian ere inspiratuta.

Esperientzia demokratiko hori ez da oso karta indartsua nazioarteko diplomaziaren mahaian jokatzeko. Elkartasun handia iritsi zaie egunotan, baina horrek ez ditu babestuko Turkiak bidea libre aurkitzen badu inbasiorako. Jim Mattis Defentsa idazkariak dimisioa eman du, eta berdin egin du Brett McGurkek Estatu Islamikoaren aurkako borrokarako AEBetako gobernu buruzagi nagusiak. Moskuren garaipena onartuta ere, Iranekiko menpekotasuna zailago du Trumpek saltzen. Eta are zailago, AEBekin elkarlanean Rojavan antolatutako espetxeetako ehunka preso jihadistekin zer egiteko asmoa duten. Laino ilunak Kurdistanen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.