Mario Garcia. RACVNko bozeramailea

«Orduko 30 kilometroko muga ez da eraginkorra: gehiago erretzen da»

Auto erabiltzaileek ere badute aurrezteko modua, erregai gutxiago erabiliz. Martxa luzeak erabiltzea eta leun gidatzea dira gakoak. Ideia bat nabarmendu du Garciak: «Irten aurretik hasten da aurrezkia»

JON URBE / FOKU.
Imanol Magro Eizmendi.
<i>Bilbo</i>
2022ko abuztuaren 30a
00:00
Entzun

Gidatze teknika jasangarrien berri izateko ikastaroak antolatzen ditu RACVNk. Garciak irakasten denaren laburpena egin du. Azaldu duenez, gidatzeko modua ez da aurrezkia baldintzatzen duen gauza bakarra.

Gidatzeko ohiturek zenbateraino baldintzatzen dute erregai kontsumoa?

Oinarriaren arabera. Gidariak ohitura oso txarrak baditu, asko aurreztu daiteke. Ohitura onak baditu, aldiz, ez litzateke hain handia, baina beti hobetu daiteke. Mutur batetik bestera igaroz gero, %25-30 aurreztu daiteke. Horretarako, aldagai guztiak optimizatu beharko lirateke: gidatzeko modua, bidaiaren antolaketa...

Antolaketa?

Aurrezkia autora igo aurretik hasten da: bidaia ondo planifikatzea, ahal bada autoa partekatzea... Eta autoa prest izatea. Adibidez, pneumatikoek aire gutxi badute, marruskadura handiagoa izango dute, eta gehiago kostako da haiek mugitzea. Motorreko aire filtroa garbi izatea ere garrantzitsua da. Halako xehetasunekin ez dugu kontsumo igoera handi bat sumatuko kolpetik, baina guztiak eragiten du.

Eta behin bolantearen aurrean?

Gu ohituta gaude etengabe galgatu eta azeleratzera. Baina, esaterako, aldapa behera, ez dugu halakorik behar. Autoaren inertzia baliatu behar da. Motorra piztuta dago, eta ibilgailua bera izango da bere kasa joango dena. Orduan, kontsumoa zero da. Adibidez, ikusten badugu autoak 100 metrora geldirik daudela semaforo batean, ez dugu iritsi arte itxaron behar galgatzeko.

Martxa motzak ahalik eta gutxiena erabiltzea da kontua?

Ahal den heinean bai, segurtasuna kontuan hartuz. Ahal denean abiadura luzeak erabili behar dira, baina erne, kontua ere ez da hirian seigarren abiadura sartzea eta autoa erdi itota joatea. Hiru gako: gidaritza leuna, progresiboa, eta abiadura luzeak erabiltzea. Autoek gutxiago kontsumitzen dute autobideetan, abiadura gutxiagotan aldatzen baita.

Nola galgatu behar da energia aurrezteko?

Lehenbizi, aurrea hartu behar zaio egoerari. 100 metrora semaforoa gorrian badago, ez sakatu azeleragailua. Leun egin behar da, apurka. Hori bereziki garrantzitsua da auto elektrikoarentzat: leun galgatuz gero, elektrizitatea birsortu dezakezu auto askotan.

Barneko gailuek eragina al dute kontsumoan? Aire girotuarekin %20 igo daitekeela esaten duzue. Hainbesterako da?

Bai. Eragin nabarmena izan dezake. Aire girotua, direkzio lagundua... Azken finean, badago bueltaka dabilen motor bat, eta, polea batzuen bitartez, indarra bidaltzen du gailu horietara. Gidatzean ere nabaritzen da: motorrak indarra galtzen du. Aire girotuak lan egin dezan, motorrak konpresore bat mugitzen du eta hori nabaritzen da. Aurrezteko, aire girotuaren erabilera tartekatu behar dugu: piztu, itzali, piztu...

Gehiengo abiadurak mugatzea eraginkorra al da? Alemanian mugarik gabeko abiadura kenduko dute erregaia aurrezteko.

Mugak kentzea ez da eraginkorra, jendeak muturrera eramango bailuke autoa, eta orduko 200 kilometrora doan auto batek gehiago kontsumituko du. Baina tarteko aukera asko daude. Adibidez, duela urte batzuk, Espainian 110era jaitsi zuen muga, eta diru gehiago gastatu zen afixak aldatzen erregaietan baino. Zergatik? Auto batzuetan ezin zen sartu seigarren abiadura. 120? Ondo, hor sar daiteke. 130era igo? Errepide batzuetan, agian. Baldintzen arabera. Auto batzuek gutxiago kontsumitzen dute orduko 130eko abiaduran 110ekoan baino.

Bilbao 30 eta antzeko egitasmoak eraginkorrak al dira?

Ez. Gidatzeko modu behartu eta artifizial bat eragiten da. Askotan martxa bat jaitsi behar duzu egokitzeko. Orduko 40 edo 50 kilometroan auto batzuk hirugarren abiaduran doaz, baina 30eko mugak bigarrena sartzera behartzen zaitu. Ez du kontsumoa gutxitzen. Aldi berean, abiadura txikian errazagoa da semaforo gorriekin topo egitea. Horrek galgatzea eta azeleratzea dakar.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.