Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak. Apirilaren 5a

Lege egutegia, maldan gora

Eusko Jaurlaritzak agintaldiaren hasieran aurreikusi zituen 28 legeen herenak baino ez ditu onetsi legebiltzarrak. Hezkuntzaren lege egitasmoa, esaterako, ez du onartu oraindik gobernuak.

Edurne Begiristain.
Gasteiz
2020ko otsailaren 11
00:00
Entzun

Jakina da kudeaketari eta eguneroko politikari garrantzi handia ematen diola Iñigo Urkulluk, eta erronken artean jarria daukala lege egutegia ahalik eta osoen betetzea. Haatik, oposizioaren menpe egoteak nabarmen zaildu dio helburu hori. Jaurlaritzak boto bat falta du gehiengo osorako, eta beste talde baten sostengua ezinbestekoa izan du lege egutegian jasotako proiektuak onartzeko. Babes hori nahi baino gutxiagotan erdietsi du legealdi honetan, eta, gaur arte, aurreikusitako legeen herenak baino ez ditu onartu legebiltzarrak.

Lau urtean 28 lege aurrera ateratzeko konpromisoa hartuta ekin zion Urkulluk bigarren agintaldiari, 2016ko udazkenean. Ordea, jasotako lege sortatik, legebiltzarrak bederatzi baino ez ditu onetsi. Luzea eta geldoa izaten da lege proiektuen tramitazioa, eta, beraz, alde horretatik esan daiteke Jaurlaritza motel antzean ibili dela aurreikusitako arauak ateratzeko. 2016ko urrian ekin zion legebiltzarrak XI. legealdiari, eta Urkulluk aurrekontuak aurrera ateratzeko astia besterik ez zuen izan. Hortik aurrera, baina, kostata onartu zituen legeak. Legegintzaldi erdirako, aurreikusitako legeen%11 inguru soilik onartuta zituen legebiltzarrak, urtero onartutako aurrekontuen legeak albo batera utzita. Joan den urtean, berriz, Jaurlaritzaren ekimenez aurkeztutako beste lau lege onartu zituzten.

Irakurri gehiago: Apirilaren 5era aurreratu ditu Urkulluk

EAJren eta PSEren arteko koalizio gobernuak 37 eserleku izan ditu Gasteizko ganberan, eta beste talde baten abstentzioa edo aldeko boto bat behar izan dituzte legeak onartzeko. Legealdiaren lehen bi urteetan, Urkulluk PPren sostengua izan zuen lege garrantzitsu batzuk onesteko —tartean aurrekontuak—, baina 2018an, EAJk Mariano Rajoyren aurkako zentsura mozioa babestu zuenean, hautsi egin ziren jeltzaleen eta PPkoen arteko zubiak, eta, ondorioz, hankaz gora jarri zen legebiltzarreko aritmetika parlamentarioa ere. Ordutik, Urkulluren gobernuak bidelagun berriak bilatu behar izan ditu legeak aurrera ateratzeko, eta, egoerak behartuta, askotarikoak izan dira lortutako aliantzak. Munta handiko zenbait lege aurrera atera izan ditu EH Bildu, Elkarrekin Podemos edota PPren babesari esker. PP bidelagun izan zuen, besteak beste, Euskal Estatistika Plana eta Poliziaren Legearen moldaketa aurrera ateratzeko. Jasangarritasun Energetikoaren Legea Jaurlaritzak eta EH Bilduk adostu zuten, Kultur Ondarearenak PP ez gainerako taldeen babesarekin egin zuen aurrera, eta Polizia Gehiegikerien Legearen erreforma EH Bilduren eta Elkarrekin Podemosen abstentzioari esker onartu zen, PPk aurka bozkatuta.

Bidean, eta geldituta

Jaurlaritzak aurreikusita izanda ere, tramitazio bidean geratu dira bederatzi lege proiektu. Guztien artean aurreratuena dago kirol arloko lanbideak arautzen dituen lege egitasmoa. Ekinbideak ia amaitzear du legebiltzarreko bidea, baina ziurrenik ezin izango dute onartu datorren legealdira arte. Pisu handiko beste hainbat lege proiektu ere legebiltzarrean ari dira eztabaidatzen, baina horiek onartzeko denborarik ez da izango. Hurrengo legegintzaldira arte tiraderan gordeta geratuko dira, besteak beste, Euskal Enpleguari buruzkoa, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako legearen aldaketa, Gurtza Aretoak Arautzeko Legea eta Mugikortasun Jasangarriari buruzkoa.

Lege egutegian jasotakoen artean, Hezkuntza legea izan da, ezbairik gabe, Eusko Jaurlaritzaren proiektu izarra, baina haren tramitazioa hasi ere ez da egin. Proiektua eztabaida fasean katramilatuta geratu da, alderdien arteko desadostasunak tarteko. Lege proiektua ez da oraindik ezagutzen, Jaurlaritzak hausnarketarako dokumentua baino ez zuelako aurkeztu legebiltzarrean, eta 2020rako aurreikusi zuen proiektua onartzea. Asmoa, baina, hutsean geratuko da.

Beste horrenbeste gertatu da Ekarpenen legearekin. Araba, Bizkai eta Gipuzkoako finantza harremanak arautzen dituen sistemak buruhauste franko eman izan dizkie Jaurlaritzari eta hiru aldundiei, eta aurrerapauso gutxi eman dira lege hori berritzeko asmoetatik harago.

Bestalde, legealdiaren hasierako lege egutegian jasota ez zeuden hainbat lege proiektu ere sustatu ditu Jaurlaritzak. DSBE diru sarrerak bermatzeko errentaren erreformaren kasuan, gobernuko bazkideek eraman dute lege proposamena legebiltzarrera, eta hura tramitatzen ari dira gaur egun. Horrez gain, Urkulluk ostiralean iragarri zuen bi lege proiektu berri onartuko zituztela gaur: Gazteriarena eta Administrazioko kideak eta eskalak antolatzeko lege berria. Lege egutegian ez daude jasota lege horiek.

Baina Jaurlaritzaren esku ez ezik, legebiltzarreko taldeen esku ere badago lege proposamenak aurkeztea, eta haien ekimenez hainbat lege esanguratsu atera dira aurrera legealdi honetan. Horien artean, aipatzekoak dira ia talde guztien babesarekin aurkeztu eta onartu diren bi lege: transexualak gaixotzat ez jotzeko lege aldaketa eta merkataritza jardueren legearen erreforma. Eta bidean daude, besteak beste, jokoa arautzeko lege egitasmoa (Elkarrekin Podemosena) eta etxebizitza alokairuen prezioa mugatzekoa (EH Bildurena).

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.