Itzal handiko printze txikia

80 urte dira 'Printze txikia' lehenbiziko aldiz argitaratu zela, eta pizten duen ikusmira ez da apaldu. Gaur egun, 500 hizkuntza edo dialekto baino gehiagotan irakur daiteke nobela. 1985ean euskaratu zuten lehen aldiz.

Printze txikia-ren azaleko irudi klasikoa, Saint-Exuperyk marraztua. PRINTZE TXIKIA.
Uxue Rey Gorraiz.
2023ko apirilaren 16a
00:00
Entzun

Ez zen kapelu bat, boa bat baizik. Eta elefante bat barrenean. Boa sugeek oso-osorik irensten baitituzte beren harrapakinak, mastekatu gabe, eta, ondotik, sei bat hilabete eman ohi baitituzte geldirik, digestioa egin artean. Horra Printze txikia nobelak utzitako lehenbiziko lezioa —ez bakarra, are eta gutxiago sakonena—. «Baina helduek esplikazioak behar dituzte beti», liburuan jasoa denez. Antoine de Saint-Exuperyk (Lyon, Frantzia, 1900) eleberriaren hasiera-hasieran idatzi eta marraztu zuen boari buruzko esplikazioa, 1943an, eta, ordutik, milioika irakurleri iltzatu zaie kapelu itxurako sugearen irudia, asteroide gaineko mutiko ilehori kizkurdunarekin batera. 80 urte bete dira nobela argitara eman zenetik. Koskortu da mutikoa, handitu printze txiki hura, baina haren sona ez da iraungi.

 

Printze txikia-ren arrakasta aspaldi da zalantzan jarri ezinezkoa. Edonola ere, liburuan jasotakoek ez ezik, egileari buruzkoek ere lilura nabarmena sortu ohi dute. Izan ere, Saint-Exuperyk esparru militarrean zuen ogibidea, literaturan baino gehiago: gerra pilotua zen. Lyongoa zen sortzez, baina AEBetara erbesteratu behar izan zuen Bigarren Mundu Gerran, Alemaniarekin kolaboratzea egotzi baitzitzaion. Hori leporatzeak eta sorterria utzi behar izateak nabarmen atsekabetu zuen. Tristezia arintzeko, gutun mordoa idazten zien lagunei, eta mutiko ilehori kizkurdun bat marraztu ohi zuen orrien ertzetan. Hitz eta zirriborro horietan omen du jatorria Printze txikia-k.

Jatorrizko testua frantsesez idatzia izanagatik ere, liburua ingelesez argitaratu zuten lehenbizi, Katherine Woodsen itzulpenean, 1943ko apirilaren 6an, eta handik egun batzuetara atera zuten frantsesez —apirilaren 20an—. AEBetako Reynal & Hitchcock argitaletxeak eman zituen bi bertsio horiek, AEBetan, eta, kontrabandoan salbu, liburua ez zen 1946ra arte ailegatu idazlearen sorterrira, Frantziara; izan ere, mundu gerra bukatutakoan kaleratu zuten han. Gallimard argitaletxeak eman zuen, eta idazlea zendua zen ordurako: Mediterraneo itsasoan galdu zen, 1944ko udan, gerra misio baterako hegazkin bat gidatzen ari zelarik, Marseilla inguruan (Frantzia); handik urtebetera, hiltzat jo zuten. Hortaz, sekula ez zuen eman eleberriaren gaineko azalpen askorik. Susmoak dituzte oinarri teoria denek.

Eleberriaren bigarren kapituluan aurkezten da istorioaren abiapuntua: pilotu bat Saharako desertuan galduta dago, bere hegazkina hondatu ondotik. Idazleak inoiz halakorik aitortu ez bazuen ere, irakurle askok iritzi diote pilotu hori Saint-Exuperyren alter ego-a dela, antzeko pasarte bat bizi izan baitzuen 1935ean. Liburuan, pilotuak topo egiten du beste planeta batetik iritsitako printze txiki batekin, eta hark kontatzen dionak harilkatzen du istorioa: unibertsoko asteroide askotara bidaiatzen du printzeak, baita Lurrera ere, eta, hala, askotariko izakiak ezagutzen ditu.

Lanaren poetika eta introspekzio ahalmena goraipatu ohi dituzte adituek; are gehiago, bada liburua lan filosofikotzat duenik. Izan ere, haurrentzat idatzia izan arren —edo hala dirudi, behintzat, luzeran eta hizkeran—, Saint-Exuperyren obrak sakon eta kritiko lantzen ditu gai unibertsal asko, hala nola nostalgia, inozentziaren galera, bizitzaren zentzua, laguntasuna eta maitasuna.

Nobelak kritika egiten dio helduen munduari, helduek gauzei begiratzeko eta egoeren aurrean jokatzeko duten moduari. Besteak beste, iradokitzen du nagusiek alferrik korapilatzen dituztela berez aski sinpleak direnak, eta nekez ulertzen dituztela gauza asko. Helduentzat, ispilura begiratzearen modukoa izan daiteke liburuaren irakurketa.

Idazleak Leon Werth lagun minari eskaini zion liburua, «dena ulertzeko gai» zen kazetari eta idazleari. Eskaintzan, idazleak «barkamena» eskatzen die haurrei, lana heldu bati eskaintzeagatik. Ordea, honela idatzi zuen Saint-Exuperyk segidan: «Pertsona nagusi hori izan bide delako noizbait txiki, noizbait mutil koskor izan zenari eskainiko diot liburu hau. Guztiok lehenik haur izan garelako... gero koskortzeko. Inor gutxi oroitzen da horretaz».

Soilik Bibliak du gehiago

Zenbakiei begiratzeak franko laguntzen du nobelaren itzal handia neurtzen, marka asko hautsi baititu. Gallimardek emandako datuen arabera, bost milioi aletik gora saltzen dira urtean. Halaber, Bibliaren ondotik, Printze txikia da hizkuntza gehienetara itzulitako lana. Bostehun itzulpen ofizial baino gehiago egin dira jadanik. Sarri euskaratu da: adibidez, lehenbiziko aldiz, 1970ean, Xalbador Garmendiak, Plan/Beobide argitaletxearekin; ondotik, 1985ean, Iñaki Sipirik, Txertoa argitaletxearekin; eta gero, 2001ean, Patxi Zubizarretak, Elkarrekin. Begiekin ez ezik, hatz mamiekin ere irakur daiteke liburua: braillean eman zuten 2014an, bi liburukitan.

Obraren 80. urteurrenaren harira, hainbat ekinbide abiatu dituzte. Gallimardek 3.000 aleko edizio berezi bat plazaratu du. Horrez gain, 52 ataleko animaziozko telesail bat emanen dute Frantzian —Printze txikia eta haren lagunak—, eta Marraztu zure planeta izeneko erakusketa bat irekiko dute laster Frantziako Loira ibarrean. Ondotik, erakusketak mundu bira eginen du.

2012ko apirilean, Artcurial izeneko enkante etxeak jakinarazi zuen bildumagile batek Printze txikia-ren jatorrizko bertsioko idazkiaren bi orri aurkitu zituela Parisen. Horietan idatzitako testuak kasik irakurrezinak dira, eta ez ziren inoiz argitara atera ordura arte. Nobelaren 17. eta 19. kapituluen aldaerak dira, eta, besteak beste, eleberriaren behin betiko bertsioan ageri ez den pertsonaia bat azaltzen da testu horietako batean: printzeak Lurrean ezagutuko zuen lehen pertsona. Gizon bat da, eta printzeari kontatzen dio oso lanpetua dagoela, «gargara» esan nahi duen sei letrako hitz baten bila. Liburuan ez da argitzen zein den hitz hori, baina uste da idazleak guerre (gerra) hitza zuela buruan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.