Atzerriko ikastetxeei gutxieneko euskara orduak eskatzeko agindua, atzera

EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak Bilboko Eskola Amerikarraren eskaera onartu du. Hezkuntza Sailak dio ez dela «aldaketa nabarmenik» izango

Ikasgela bat. RAUL BOGAJO / FOKU.
Irati Urdalleta Lete.
2023ko urtarrilaren 24a
00:00
Entzun
EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak baliorik gabe utzi zuen atzo atzerriko ikastetxeei curriculuma eta eman beharreko gutxieneko euskara eta gaztelania orduak zehazten dizkien agindua. Horrela, arrazoia eman zion Bilboko Eskola Amerikarrari, eta baliorik gabe geratu da Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailaren 2021eko martxoaren 24ko agindua.

Gaur egun, agindu horren bidez, ikastetxeok behartuta daude gutxienez 1.050 ordutan Euskara eta Literatura ikasgaia ematera, etapa guztietan, eta beste 1.050 ordutan Gaztelania eta Literatura ematera. Alabaina, Bilboko Eskola Amerikarrak helegitea ipini zion, eta baliorik gabe geratu da. Hauxe EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak eman duen arrazoia: Eusko Jaurlaritzak ez ziela aurrez kontsultarik egin aginduak eragindakoei, eta ez duela behar bezala justifikatu hori ez egitea.

BERRIAri Hezkuntza Sailekoek esan diotenez, ordea, epaiak ez du «aldaketa nabarmenik» ekarriko ikastetxe horietara; izan ere, haien esanetan, epaitegiak «forma akats bat» dela-eta utzi du baliorik gabe agindua, eta ez da edukietan sartu.

2021eko agindua baliogabetuta, aurrerantzean 2012ko martxoaren 12koa egongo da indarrean. Hauxe dio ordutegien inguruan: «Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan, Gaztelania eta Literatura eta Euskara eta Literatura irakasgaietako curriculuma emateko 2.380 ordu erabili behar dira, gutxienez». Eta hauxe dio baliorik gabe utzi dutenak: «Atzerriko hezkuntza sistema bat irakasten duten unibertsitatez kanpoko ikastetxeetan Gaztelania eta Literatura, Euskara eta Literatura eta Geografia eta Historia irakasteko gutxieneko ordutegia Euskal Autonomia Erkidegoan Lehen Hezkuntza eta/edo Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza ematen duten gainerako ikastetxeentzat abenduaren 22ko 236/2015 Dekretuak ezartzen duena izango da. Dekretu horretan ezarritakoaren arabera, Gaztelania eta Literatura irakasteko gutxieneko ordutegia 1.050 ordukoa izango da. Euskara eta Literaturako curriculuma emateko gutxieneko ordutegia 1.050 ordukoa izango da».

Hezkuntza Sailak esan du beste agindu bat prestatzeko lanean ari direla, eta horrek eragina izango duen ikastetxeetara joko dutela aurrez. Araba, Bizkai eta Gipuzkoan bost ikastetxetan izango du eragina.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.