Arriolak adierazi du garraio publikoko hobariek familiei «arindua» ekarriko dietela

Gaur sartuko dira indarrean. Eusko Jaurlaritzako Garraio sailburuaren arabera, garraiobide guztietan %50eko hobaria izatea oso positiboa da

Bidaiariak Euskotreneko geltoki batean. JON URBE / FOKU.
arantxa iraola
2022ko irailaren 1a
00:00
Entzun
Gaur sartuko dira indarrean Hego Euskal Herrian garraio publikoa merkatzea helburu duten hobariak. Espainiako Gobernuak errege dekretu bat onartua du garraio publikoko tarifak apaltzeko neurriak sustatzeko, eta horren harira ezarriko dira hobariak. Atzo horiei buruzko agerraldia egin zuen Eusko Jaurlaritzako Garraio sailburu Iñaki Arriolak; oro har, garraiobide gehienetan %50eko hobaria izango dela nabarmendu zuen, eta, energia iturriekin lotutako krisi betean, «arindu» egingo duela horrek familia askok gaur egun duten «zama ekonomikoa». Hartutako neurriek helburu «soziala» eta «ekologikoa» dutela gogoratu zuen, aurretik egin izan duen eran. Printzipioz, urtea bukatu arte egongo dira indarrean neurri hauek. Hala ere, Arriolak aditzera eman zuenez, epe luzera ere garraio publikoaren aldeko atxikimendua sustatu nahi dute gizartean.

Araba, Bizkai eta Gipuzkoako garraio publikoko zerbitzu guztietan hobariak ezarriko dituztela nabarmendu zuen sailburuak;horrek erakutsi duen «koordinazioa» goraipagarria dela uste du. «Hasieratik» eragile guztiek oso erantzun ona eman dutelako ere pozik dago. Adierazi zuenez, 31,5 milioi euro bideratuko dituzte administrazioek neurriok bideragarri egitera.

Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen neurria joan den astean. Dokumentuaren arabera, errege dekretuak ezarritako gutxieneko beherapena izanen dute Nafarroan: %30. Txartel arrunten eta aldi baterako txartelen gainean eginen da deskontua, Iruñerriko billabesa autobus zerbitzuaren linea guztietan. Hego Euskal Herri osoan, tarifa bereziak dituzten taldeei lehendik zituzten deskontuen gainean ezarriko zaizkie orain beherapenak. Araba, Bizkai eta Gipuzkoan Barik, Bat eta Mugi txartelen erabiltzaileentzat izango dira. Txartela garraiobidean erosten dutenek ez dute izango inolako beherapenik.

Renferen abonuak

Hartuko diren neurrien artean Renferen abonuak daude. Aldiriko trenetan eta distantzia ertainekoetan erabili ahal izango dira. Aldirikoen abonua bera doakoa da, baina, eskuratu ahal izateko 10 euroko berme bat ordaindu beharko da. Urte amaierarako hamasei bidaia eginez gero, aurreratutako dirua itzuliko zaio erabiltzaileari. 378.000 abonu saldu dituzte ja estatu osoan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.