Etorritako atzerritarren kopurua %13,3 murriztu da, Ikuspegiren arabera

Jatorria kontuan hartuta, etortzen diren gehienak latinoamerikarrak dira, ondoren magrebtarrak, eta hirugarren Europako Batasunekoak

Etorkin ugari bizi dira Bilboko San Frantzisko kalean. LUIS JAUREGIALTZO / FOKU.
Javi West Larrañaga.
2022ko maiatzaren 27a
00:00
Entzun
Araba, Bizkai eta Gipuzkoako biztanle guztien %11,5 atzerrian jaiotakoak dira, Ikuspegi Immigrazioaren Euskal Behatokiak argitaratu duenez. 2021ean beherakada egon da immigrazioan, 2020an baino %13,3 atzerritar gutxiago etorri baitira. Behatokiak azaldu duenez, pandemiak eragin handia izan du etorkinen jarioan, 2021ean 2019an baino %73,4 atzerritar gutxiago etorri ziren eta. 2022ko urtarrilaren 1ean, zenbaki absolutuetan 253.038 atzerritar zeuden Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, bakarrik aurreko urtean baino 5.254 gehiago. Arabak du atzerritar jatorriko kopururik handiena: %13,5. Gipuzkoakoa %11,5ekoa da, eta Bizkaikoa, %10,9koa.

Goranzko joera, moteltzen

Jatorriaren arabera, latinoamerikarrak dira ugarienak oraindik ere, %52 dira eta. Haien atzetik daude magrebtarrak, %14,2, eta Europako Batasunekoak, %14,1. Herrialdeka, baina, desberdina da sailkapena: Araba, Bizkai eta Gipuzkoako atzerritar gehienek Marokon dute jatorria (29.701 lagun). Atzetik daude Kolonbia (28.675) eta Nikaragua (15.070). Hiru lagunetik bat hiru herrialde horietako batean jaioa da.

Ikuspegik —Immigrazioaren Euskal Behatokiak— 2004tik dihardu. Eusko Jaurlaritzaren Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Sailari eta Euskal Herriko Unibertsitateari lotutako erakundea da, eta migrazio fluxuek Araba, Bizkai eta Gipuzkoan daukaten eragina aztertzea du helburu. 1998tik ari da ikerketak egiten, eta sasoi hartan atzerritar jatorria zeukaten biztanleak %1,3 baino ez ziren. Goranzko joera nabarmena izan zuen migrazioak 2010era arte, eta, bost urtez egonkor eutsi ostean, berriz hasi zen gorantz egiten 2015ean; Ikuspegiren arabera, krisialdi ekonomikoaren biguntzeagatik. Pandemiak berriro moteldu zuen joera, eta dagoeneko %11,5ekoa da kanpotarren ehunekoa Araba, Bizkai eta Gipuzkoako biztanlerian.

Esanguratsua da magrebtareta Saharaz hegoaldeko afrikar migranteen %60 baino gehiago gizonezkoak izatea. Hain zuzen ere, kontrakoa da datua Latinoamerikako etorkinei dagokienez: %60 emakumezkoak dira. Europako Batasunekoak eta Asiakoak kopuru berdintsuetan etortzen dira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.