«Gobernu progresista hau aurrekoa bezala ari zaigu jazartzen kalean»

jon ordonez garmendia
Donostia
2022ko maiatzaren 27a
00:00
Entzun

Ekainaren 4tik irailaren 4ra egingo da Txilen konstituzio berriaren zirriborroaren plebiszituko kanpaina. Tentsioa eta indarkeria handitzen ari dira, bai kalean, baita adierazpenetan ere.

Miguel Angel Vergara erretiroan dagoen almiranteak kutsu kolpista duten adierazpenak egin ditu berriki. Kosta egiten da Moneda jauregia berriro bonbapean imajinatzea, baina erreala al da atzerakada bortitz baten arriskua, sotilago bada ere?

Bai. Beldurgarria da adierazpen horiek entzutea. Ezin dugulako gutxietsi horrek esan nahi duena. Kolpe batek askotariko formak har ditzake, eta Latinoamerikan kolpea direnik ere ukatzen duten hainbat adibide dauzkagu. Militarren, eskuin muturraren eta patronalen interbentzionismoa ezin da baztertu. Kanpaina basatia izango da, eta albiste faltsu asko egongo da. Hedabideak eta sare sozialak kontrolatzen dituzte. Boricen gobernua presio handia jasaten ari da, eta horren erakusle da garraiolarien greba patronala. Herri Batasunaren garaian horrelako hainbat egin zituzten. Mehatxu argia da hori.

Zer moduzkoa izan da Biltzar Konstituziogilean eskuinarekin lan egitea?

Gutxiengo bat dira, baina zarata handia ateratzen dute. Gorrotoa izan da haien diskurtsoaren ardatza, biolentzia arrazista eta misoginoarekin batera. Eta horrek zulatu egiten ditu aukera demokratikoak. Biolentzia politiko maila izugarriak jasan behar izan dituzte, batez ere, jatorrizko herrien ordezkariek, eta horien artean Elisa Lonconek. Eskuin muturrak duela urte batzuk ez zuen horrelakorik egingo Txilen. Niri alarma piztu zait.

Boricen gobernuaren zenbait erabaki kritikatu dira ezkerretik: Wallmapuren militarizazioa, Giza Eskubideen Institutu Nazionalak Piñeraren gobernuaren aurka kereilarik ez aurkeztea, karabineroen inpunitatea... Babesa kendu diezaioke horrek konstituzio berriari?

Gai zentrala da hori une honetan. Gobernua ez dator bat prozesu konstituziogilean egiten ari garen bidearekin. Beste bide bat hartu du. Zorionez, hori penagarria izanagatik, ulertzen da konstituzio berria babestea ez dela gobernuaren jarrera babestea. Arazo bat da gobernuaren jarrera, bai, eta, horregatik, guretzat autonomia mantentzea garrantzitsua da.

Kanpaina egitea zailduko du.

Bai. Gobernu progresista hori babestu genuen faxismoaren aurrean, eta, orain, egin behar duenaren kontrakoa egiten ari da. Desmilitarizazioa kanpainako konpromiso bat izan zen, eta salbuespen egoera ezarri du Wallmapun. Mugimendu maputxe guztiak horren kontra altxatu dira. Baita mugimendu sozialak ere. Giza Eskubideen Insitutu Nazionalak erabaki du Piñeraren gobernuaren aurka gizateriaren kontrako krimenengatik kereilarik ez aurkeztea, argudiatuz ezin dela frogatu giza eskubideak nahita urratu zirela. Migrazioaren arloan ere Piñeraren politiken jarraipen bat dago. Eta horri gehitu behar zaio narkotrafikoarekin lotutako talde armatuak agertu direla langile klasearen aurka, eta horiekiko konplizitatea erakusten ari direla karabineroak. Horrela hil zuten Francisca Sandoval kazetaria. Poliziak ez du jarreraz aldatu kalean. Gobernu progresista hau aurrekoa bezala ari zaigu botatzen negarra eragiteko gasa manifestazioetan, ura botatzeko tanketa berberekin ari zaigu jazartzen. Poliziaren biolentzia erabat neurrigabea da. Piñerak izendatu zuen jenerala da oraindik ere karabineroen buru. Guretzat ezinbestekoa zen hori aldatzea.

Ikusi gehiago:«Abortua konstituzioan egotea eredu izango da nazioartean»

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.