Lan gatazkak. Amazon

Trapagarango Amazonen, 20.000 pakete baino gehiago banatu gabe

Langileek salatu dute enpresak uko egiten diola edonola ere negoziatzeari. Langile guztiek egin dute greba 'cyber monday' egunean

Trapagarango Amazoneko langileak greban, atzo, biltegiaren sarreran. MARISOL RAMIREZ / FOKU.
Olatz Silva Rodrigo.
Trapagaran
2022ko azaroaren 29a
00:00
Entzun
Cyber monday eguna zuten saltoki teknologikoek atzo, eta greba eguna antolatu zuten Amazonek Trapagaranen duen biltegiko langileek (Bizkaia). LAB sindikatuak egin zuen deialdia, eta erantzuna erabatekoa izan zen. Fernando Ortega LABeko ordezkari sindikalak adierazi zuenez, «greba arrakastatsua» izan zen: «Lantalde osoa atera da kalera, aginte lerroak izan ezik». 05:30ean hasi zuten 24 orduko lanuztea, eta 20.000 pakete baino gehiago geratu ziren banatu gabe.

Ikusi gehiago:Bizkaiko metalgintza. Itsasoa bare dago, oraingoz

«Salatu nahi dugu enpresak uko egiten diola edonola ere negoziatzeari», kritikatu zuen LABeko ordezkari sindikalak. Bizkaiko metalaren sektoreko grebalariak biltegira hurbildu ziren 07:00ak aldera, elkartasuna adierazi nahian.

Hitzarmenik gabe, bakerik ez, Amazon ExPrime lelopean, langileek zentroko hitzarmen propioa aldarrikatu zuten biltegiaren sarreran. «Alderdi guztietan zentroaren errealitate eta ezaugarrietara egokituko den hitzarmen bat nahi dugu: soldatak, txandak, lanaldiak, lanbide kategoriak, atsedena eta abar», azaldu zuen Ortegak. Izan ere, gaur egun Bizkaiko garraio hitzarmena aplikatzen zaie. Eta biltegiko langileek mailaketarik txikiena dute: 1.040 euroko hamabost ordainketa.

Asteburuetako lanaldiak ere salatu zituzten. Gero eta larunbat eta igande gehiagotan egiten dute lan. Eta trukean ez dute inolako pizgarri edo saririk. «Bitartean, multinazional honek, urtero, etekin ekonomiko estratosferikoak sortzen ditu».

Argitara atera zuten langile askoren lan prekaritatea. Besteak beste, banaketa azpikontratetako lankideen egoera salatu zuten. «Amazoneko plantillakotzat hartu beharko lirateke», aldarrikatu zuen Ortegak. Hirurehun banatzailek baino gehiagok egiten dute lan bertan; autonomoak eta azpikontrataturiko sei enpresaren langileak dira. LABek banatzaileei subrogazio eskubidea aitortu diezaieten nahi du. Horrek ahalbidetuko luke gidariak Amazoneko lanari eustea, azpikontrata duen enpresa aldatuta ere.

Greba luzatzeko asmoa

2019an zabaldu zuten Trapagarango biltegia. Eta atzo egin zuten langileek bigarren greba. Aurretik, urriaren 17an, lau orduko lanuztea egin zuten. Ortegak gogorarazi zuenez, hori ere greba arrakastatsua izan zen. «Sindikatuetara ohituta ez dagoen enpresa bat da. Uste dute nahi dutena egin dezaketela nahi dutenean eta nahi duten bezala», leporatu zion Ortegak Amazoni, «baina ikusi behar dute gu hemen gaudela». Erantzunik jaso ezean greba egun gehiago ezartzeko prest daude. Gaur dute bilera enpresarekin. «Ikusiko dugu zein den haien jarrera, eta, gero, batzarrean baloratuko dugu», esan zuen Ortegak. Enpresak ez badu «ezer egiten», baliteke Gabonetan mobilizazio gehiago egitea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.