Lan gatazkak. Bizkaiko metalgintza

Itsasoa bare dago, oraingoz

Lasaitasuna izan da nagusi Bizkaiko metalgintzak aste osorako deituriko grebaren lehen egunean. CCOOren, LABen eta UGTren arabera, %85eko erantzuna izan du, eta jendetza handia bildu da Portugaleteko manifestazioan. Ez dago FVEMekin biltzeko beste hitzordurik.

Berrehun grebalariz osaturiko pikete bat elkartu zen atzo goizean Tubos Reunidosek Trapagaranen duen lantegiaren aurrean. MARISOL RAMIREZ / FOKU.
Imanol Magro Eizmendi.
Trapagaran
2022ko azaroaren 29a
00:00
Entzun
Lasai. Bare. Tentsioarekin, baina kalapita handirik gabe. Bizkaiko metalgintzako sindikatuek aste osoko grebara deitu dute lan hitzarmenaren negoziazioa desblokeatzeko, eta lehen egunean ez zen egon aurreko grebaldiko azken egunekoen moduko istilurik. Ordukoan, Ertzaintza bortitz oldartu zen grebalarien aurka Zamudion (Bizkaiak); atzo, aldiz, ez zen indarkeria fisikorik izan. CCOOren, LABen eta UGTren arabera , grebak %85eko erantzuna izan zuen, udazkeneko beste deialdietan adinakoa. Eguneko manifestazioaren irudia bultzada izan zen haientzat, jendetza batu baitzen Portugaleten (Bizkaia). Mila lagunetik gora egin zuten Santurtzirainoko bidea (Bizkaia).

Ikusi gehiago:Trapagarango Amazonen, 20.000 pakete baino gehiago banatu gabe

Grebalari multzo handiena Trapagaranen (Bizkaia) esnatu zen. Productos Tubulares (PT) enpresak bertan duen altzairutegian antolatu zen eguneko informazio piketerik handiena. Lantegi handia da, eta 450 langile ditu. 05:00etan, 200 bat grebalari bertaratu ziren. Pikete handia osatu zuten, eta goizeko ekoizpena etetea lortu zuten. Geroago, bulegoak ireki zituzten, baina altzairutegian ez zen inor ageri.

Grebalariek hesi bat altxatu zuten PTko sarrera nagusirako bidean. Herri lanak egiten ari dira inguruan, eta nahi beste material zuten. Ertzaintza berehala bertaratu zen, istiluen aurkako agenteekin zein patruila arruntekin. Urrun mantendu ziren, baina. PTren alboan Amazonen biltegia dago, eta bertako langileek ere greba eguna zuten. Bi multzoek bat egin zuten, eta hainbat elkartasun oihu partekatu zituzten.

Goiz euritsua izan zen, eta piketea zaparrada mardulen azpian mugitu zen inguruko industrialdeetan barrena. Alstomen lantegira jo zuten lehenbizi, eta han ere ekoizpena geldirik zen. Tarte hartan, askoz ertzain gehiago bertaratu ziren. Zortzi bat furgoi elkartu ziren, eta, hortik aurrera, istiluen aurkako ertzain askok jarraitu zion grebalarien arrastoari.

Tartean zen Xabier Fernandez Igorreko grebalari beteranoa. Pozik zegoen multzoa ikusita: «Jende asko bildu gara; poztekoa da. Zazpi greba egun egin ditugu dagoeneko, eta nekeak ez dio erasan jendeari». Urriko grebaldian Zamudioko istiluetan egon zen, eta ez zuen ezkutatu urduri samar zegoela: «Zalantzan nengoen nola jokatuko zuten ertzainek. Nik denetarik ikusi dut. Lasai antzean dabiltza; tira, ulertzekoa ere bada. Aste osorako greba deialdia, eta ezin dira lehen egunetik hasi oldartzen».

Ondoren izan ziren tentsio une bakarrak: irekita zeuden lantegi batzuetako arduradunei ixteko eskatu zietenean. Baten aurrean obra-zakar zaku batzuk ireki zituzten, eta beste bateko ugazabak Polizia bertaratzeko eskatu zuen. Salbuespena izan ziren, baina. Gaur Durangaldean deitu dituzte mobilizazioak. Beste deialdi batzuetan, istiluak egon izan dira eskualde horretan. Ikusteko dago atzoko itsaso barea ekaitzaren aurrekoa izan zen ala ez.

FVEMen «irainak»

Piketea 09:00etan desegin zen. Grebalari gehienek mokadutxo bat egiteko baliatu zuten Portugaleteko manifestaziora joan aurretik. CCOOk, LABek eta UGTk eginiko deialdia zen —%59ko ordezkaritza dute sektorean—, eta mila pertsonatik gora bildu ziren. Sindikatuak FVEMekin haserre agertu ziren, langileak «iraindu» dituelako. Iratxe Azkue LABeko ordezkariak egin zuen salaketa: «Milioika euro irabazten ari diren enpresen jabeek zikoizkeria leporatu diete metalgintzako langileei. Sinestezina da».

Sindikatuek ukatu egin zuten FVEMen azken eskaintzak urtez urteko KPI osoa bermatzen duela. Txema Rojo UGTko ordezkariaren iritziz, patronala «azpijokoan» ari da. Unai Orbegozo CCOOko kideak, berriz, berretsi zuen «negoziatzeko prest» daudela «eskaintza duinak» jasotzen badituzte. Gaur-gaurkoz ez dago datarik hurrengo bilerarako, baina ez litzateke harritzekoa FVEMek saiakeraren bat egitea aste honetan. Dagoeneko hogei aldiz elkartu dira bi aldeak. Bizkaiko metalgintzako ituna 52.000 langileren baldintzen oinarria da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.