Arma nuklearrik gabeko mundurantz

Atzo 75 urte bete ziren Ameriketako Estatu Batuek Hiroshiman lehen bonba nuklearra bota zutenetik II. Mundu Gerran. Bizirik atera ziren herritarrek eskatu dute gertatutakoa ez ahazteko.

Leherketatik bizirik ateratakoak lore eskaintza egiten, atzo. JIJI / EFE.
2020ko abuztuaren 7a
00:00
Entzun
Atzo 75 urte bete ziren Hiroshiman lehen bonba atomikoa bota zutenetik. Ameriketako Estatu Batuek (AEB) Japoniako hiriaren aurka agindu zuten erasoaren eta hiru egun geroago Nagasakin botatakoaren ondorioz, 200.000 hildako baino gehiago izan ziren. Horrez gain, hurrengo hamarkadetan beste 400.000 hildako utzi zituzten bi eztandek, erradioaktibitatearekin lotutako gaixotasunen ondorioz. Bizirik atera zirenek —Hibakusha izenez dira ezagunak Japonian— gogora ekarri zuten gertatutakoa, eta arma nuklearrik gabeko errealitate bat eskatu zuten.

Keiko Ogurak 8 urte zituen bonba nuklearra bota zutenean. Bere etxearen kanpoaldean zegoen, jolasean. «Aitak esan zuen susmo txarra zuela, eta eskolara ez joateko agindu zidan», dio Ogurak. Gurasoak, bi nebak eta bera bizi ziren etxearen teilatua txikitu zuen eztandak: «Ilun zegoen dena, eta isiltasun osoan. Ez nekien zer egin, lurrean geratzea beste. Nire nebaren negarrak besterik ez nuen entzuten». Ilundu zuenean, leherketatik hurbil egondako jendea heltzen hasi zen: «Aurpegia eta ilea erreak zituzten; azala zintzilik zeukaten. Ez zuten ezer esan... Intziri egin, eta ura eskatu zuten». Ogurak dio hasieran oso «mingarria» egin zitzaiola gertaerak gogoratzea; ez zituen bere bizipenak kontatu 40 urte pasatu ziren arte.

Michiko Kodamak dio bazterkeria sentitzen duela oraindik ere: «Horrexek du nire bihotzean pisurik handiena». «Hamarkadetan sufrimendua sortu» dieten arma nuklearrak oraindik badaude, eta, horregatik, Kodamarentzat «gerra ez da amaitu». Horrez gain, denbora amaitzen ari zaiola sentitzen du: «Bizirik atera ginenon artean krisi sentsazio orokortua daukagu; ez zaigu askorik geratzen bizitzeko». 82 urte ditu orain, eta «nola edo hala» haien historia «iraunarazi» behar dutela uste du.

Haien bizipenez gain, arma nuklearrak guztiz ezabatzeko beharra aipatzen dute biktimek. Koko Kondok 75 urte ditu orain, baina 8 hilabeteko haurra zen haren etxetik kilometro batera bonbak eztanda egin zuenean. «Ume guztiek bizitza luze eta oso bat bizi dezaten nahi dut, eta horrek esan nahi du arma nuklearrak debekatu behar direla oraintxe bertan», dio Kondok.

Akordioa eskatu dute

Urteurrenaren omenez egindako zeremonian, hiriaren berpiztea nabarmendu zuen Kazumi Matsui Hiroshimako alkateak: «Esaten zuten hurrengo 75 urteetan ez zela ezer haziko. Hala ere, Hiroshima suspertu eta bakearen sinbolo bilakatu da». Zeremoniara 800 lagun inguru joan ziren, hala nola Shinzo Abe Japoniako lehen ministroa, eta eraso nuklearretik bizirik atera zirenen ordezkariak. Bakearen Parkean egindako zeremonian, 08:45ean, bonba erori zen orduan, minutu bateko isilunea egin zuten.

Bonbardaketa gogoratzen duen monumentuan lore eskaintza egin ondoren hitz egin zuen Hiroshimako alkateak. Japoniako Gobernuari eskatu zion Arma Nuklearrak Ez Ugaltzeko Ituna sinatzea. Hain zuzen ere, akordio hori onartu zuen Nazio Batuen Erakundeak (NBE) 2017an, baina, abian jartzeko, gutxienez 50 herrialdek berretsi behar dute. Ez dute sinatu ez Japoniak, ez arma nuklearrak dituzten herrialdeek, eta 40 kidek bakarrik berretsi dute akordioa orain arte. Alkatearen ondoren hitz egin zuen Abe lehen ministroak. Ez zuen NBEren ituna aipatu adierazpenetan, baina, lehenago hainbat aldiz esan duen bezala, saiakera «nekaezinak» egingo dituztela berretsi du, arma nuklearrik gabeko mundu bat lortzeko.

Nazioartean ere oroitu zuten urteurrena. Esaterako, Antonio Guterres NBEko idazkari nagusiak arma nuklearren «guztizko ezabatzea» eskatu zuen, eta oraindik «helburu hori bete gabe» dagoela gogorarazi. Sergei Lavrov Errusiako Kanpo ministroak esan zuen «gerra nuklear bat izateko arriskua eragotzi» behar dela. Eliza katolikoko aita santuak, bestalde, adierazi zuen herrialde guztiek «batez ere arma boteretsu eta suntsitzaileenak» ezereztu behar dituztela bakea lortzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.