Felix Zubia.
Koronabirusa. OSASUNA PENTSALDIAN

Zer eta nola azaldu gauzak

2020ko abenduaren 20a
00:00
Entzun
«Nork dio pandemiaren datuak ez direla onak Euskadin?» / «Egoera oso delikatua da, eta ezin da zaintza jaitsi». Bi adierazpen horiek pertsona berak eginak dira, eta haien artean sei eguneko tartea baino ez dago. «Kutsatzeen igoerak Gabonetako planaren neurriak gogortzeaz hausnartzera darama Euskadi» / «Euskadi transmisio altuko eremutik irten da, egindako ehun probatik hiru positibo baino ez izatean». Egunkari berak argitaratutako bi notizia dira, eta gezurra dirudien arren, zazpi orduko tartea baino ez dago beraien artean.

Adierazpen eta egunkarietako berri horiek irakurrita, nik ez nuke jakingo benetan egoera ona ala txarra den. Eta, hain kontraesanezkoak izan arren, bien bitartean ez da ezer berezirik gertatu. Nik, bestelako irizpiderik ez banu, ez nuke jakingo egiaz zein den egoera, eta noraezean egongo nintzateke.

Pertsonen arteko harremanak eta haien jokabidea hain garrantzitsuak diren gaixotasun batean, ezinbestekoa da iritzi publikoari mezu garbi eta sinpleak ematea. Argi izan behar dugu zein den egoera une bakoitzean, eta zer egin beharra dagoen, kontraesanetan ibili gabe, eta datuen zorabioa albo batera utzita. Komunikazio egoki bat lortu ezean, jai daukagu.

Pandemia honek, gaixotasunaz gain, etengabeko notizia, titular ponposo eta datu salda ekarri dizkigu. Agintari, aditu eta kazetariak hizketan, atsedenik gabe. Estatistikak, kopuru absolutuak eta ehunekoak. Nazka-nazka eginda bukatzeraino.

Koronabirusaren dinamikak egun batzuetako tartea eskatzen du joera zein den jakiteko. Haren inkubazio tartea bost-zazpi egunekoa da, okerraldia zazpi-hamalau egunera gertatzen da—eta, beraz, ospitaleratzea—, eta heriotzak, hogei bat egunetara. Horregatik, bilakaera egunero begiratzeak ez du zentzu handirik, baheketa edo agerraldi batek kopuruak asko aldatu litzakeelako 24 ordutan. Tartea emanda, joera askoz hobeto ikus daiteke. Horregatik, ez naiz datuak ezkutatzearen aldekoa, baina ez nuke egunero titular potolo bat egingo, esaldi eta hitz handiak erabilita. Askoz argigarriagoa litzateke asteroko azalpen xume baina garbi bat.

Koronabirusa luzaz egongo da gure artean. Mendebalde guztian intzidentzia tasak altuak dira, eta osasunaren ikuspegitik, neurriak arintzeko motiborik ez dago, eta ez da izango aste luzeetan. Txertaketa zabal bat lortu arte, egoera ez da aldatuko, eta tarteka larriagotzeak izango ditugu, osasun sistema arriskuan jar dezaketenak.

Gainontzeko guztia kea besterik ez da. Ez gaitzala itsutu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.