urtzirrutikoetxea
LEKU-LEKUTAN

Pekin Taipeira begira

2019ko irailaren 29a
00:00
Entzun
Nazio Batuetan ordezkaritza duten herrialdeen arabera, munduan 193 estatu independente daude; 195, behatzaile estatusa daukaten Vatikano eta Palestina gehituz gero. Hainbat ezaugarri dituzten herrialdeak dira: administrazioa, lurralde batekiko kontrola eta lurralde horretako herritarren gaineko agintea eta ardura, subiranotasuna azken baten. Baina badira baldintza horiek beteta ere NBEn ez diren estatuak: aitortu gabeko estatuak dira; hau da, beste inoren kontrolpean egon ez arren, subiranotasun osoz beren burua gobernatuta ere, NBEko aulki bat izateko baldintza bat falta dute: aitortza. Estatu baten bideragarritasunerako ezinbestekoa da gainontzekoek zure estatu izaera hori aitortzea. Kosovoko auziari buruz Hagako auzitegiak emandako erabakian nabarmendu zen horren ondorioetako bat: nazioarteko araudian «lurralde batasuna» azpimarratzen denean urratu ezin den printzipio gisa, ez dauka zerikusirik estatu baten barruan egon daitezkeen mugimendu independentistekin eta horien sezesio egitasmoekin ere. Lurralde batasuna errespetatzea, herrialde batek bestearen mugak aitortzea da, eta ondorioz, inork ez inbaditzea auzoa. Estatuaren lurralde bat bereizita beste estatu bat sortzea proposatzen duenak, beraz, ez du lurralde batasunaren printzipioa urratzen.

Hasierako gaira itzulita, badira inolako aitorpenik ez duten estatuak, baina urtetan modu independentean dihardutenak, Afrikako adarreko Somaliland, kasurako; Somalia gerra betean ibili denean ere, lanean jarraitu duten erakundeak izan ditu duela ia 30 urte bereizitako lurraldeak. Beste batzuek badute aitortzarik, lauzpabost estaturena asko jota, eta lotura handiagoa dute aldameneko estatu batekin, Abkhaziak Errusiarekin edo Ipar Ziprek Turkiarekin, esaterako. Kasu ezagunagoen artean dago Kosovo, 100 estatuk baino gehiagok aitortzen dute, baina ez herrialdearekiko subiranotasuna izan zuen Serbiarena ez eta haren aliatu Errusiarena, eta Moskuk beto eskubidea duenez, ez dirudi auzia konpondu bitartean NBEn egongo denik, bestelako kirol, kultur eta finantza erakundeek aitortuta ere.

Aitortza gabeko estatua paradigmatikorik bada, Taiwan da hori. 70 urteko ibilbidea dauka, horietako asko NBEn, harik eta Pekinen kontrolpeko Txina kontinentala onartu zen arte erakundeko ordezkari gisa. New Yorkeko egoitza nagusitik kanporatuta ere, aitortza zabala izan dute hamarkada askoan, lan diplomatikoagatik bezainbat potentzia ekonomia izateagatik, Afrikan, Latinoamerikan zein Pazifikoko herrialdeetan hainbat egitasmo bultzatu ditu babes horren truke. Sasoiak aldatzen ari dira, ordea, eta Taiwanen aliatuak astez aste murrizten. 2016tik bizkortu du Txinak presioa, Tsai Ing-wen independentista presidente hautatu zutenetik.

Irailean Solomon uharteek aldatu zuten lehendabizi aliantza: Taipei aitortzetik Pekin babestera pasa ziren. Handik gutxira, Kiribati estatu txikiak bide bera hartu zuen. Pekinek aurrera begira ere presioa handitzea espero da, Taiwanek eskaintzen ziena eta gehiago eskainiz aitortza aldatzen dutenei. Eta kontrakoa, egiten ez dutenak zigortuz: Palauk ezetz esan zion iaz, Taiwan aitortzen zuela txinatarren ordezkari demokratiko; erantzuna berehalakoa izan zen, Txinako Herri Errepublikak debekatu egin zien bere herrialdeko konpainiei eta bidaia agentziei Palaura joatea, eta kalte handia egin dio herrialdeari (2017ko turisten erdiak baino gehiago txinatarrak izan ziren).

Urriaren 1ean Txinako Herri Errepublikaren urteurrenerako lorpen gisa dauka Pekinek bere aitortza kopuru hori handitzea, eta Taiwanena inoizko murritzena izatea (hamabost herrialdek baino ez dute aitortzen orain bertan, Ozeania eta Latinoamerikako herrialde behartsuak dira, gehi Vatikano). Lorpen horrekin bidenabar, Hong Kongeko buruhausteak eta Trumpek piztutako merkataritza gerrarekiko arreta desbideratzeko asmoa ere izan lezake Xi Jinpingek. Eta azkenik, ezin ahaztu Taiwanek urtarrilean dituela hauteskunde presidentzialak, eta Txinak interes handiz jarraituko dituela ohi bezala, hautagai independentisten ordez bere proposamenetik hurbilen direnak nagusitu daitezen, Hong Kongeko estatu bakarra, bi sistema delako eredua proposatu baitio behin baino gehiagotan Taiwani.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.