Pastor
DARWIN ETA GU

Ama ezkongabea

2021eko martxoaren 6a
00:00
Entzun
Telebistako iragarkian irteten den emakumea kezkatuta dago: «Ama ezkongabea naiz, eta hainbeste lan egiten dut, ze ez dut beti astirik gimnasiora joateko». Horregatik, gimnasia egiteko tresna bat erosi du. Etxean aritzen da, gimnasiora joan barik.

Errealitatea islatzen du iragarkiak, baina beste aro batekoa izan litekeen terminologiaz. Ama dugu telebistako emakumea. Eta ezkongabea. Ama ezkongabea. Hala ere, duela 50 urteko ama ezkongabeak eta oraingoak ez dira berdinak ikuspegi soziologikotik. Lehen, pertsona ia baztertua zen ama ezkongabea, gaizki begiratua, gizartearen zati handi batek estigmatizatua. Egun, ez. Egun, emakumeen gaineko zapalkuntzak bizirik dirau, baina ama ezkongabea izateak ez dakar antzina zuen kutsu negatiboa.

Umetan, bazegoen ikaskide bat, aita «gerran» hil zitzaiola esaten ziguna. Bagenekien gerra urrun zegoela, hor nonbait, baina sinetsi egiten genion. Ez eskatu orduko sei urteko ume bati kontuak ateratzeko, haurrak bederatzi hilabeteren ondoren jaiotzen direlako. Mutiko hark ama ezkongabea zuela jakin genuen geroago, eta aita «ezezaguna». Emakumea «fina» zen, finegia omen, sasoi hartako moralaren arabera.

Horregatik, ama ezkongabea kontzeptuak garai haietara eramaten gaitu testuinguru hura ezagutu genuenok. Baina bada hori baino kontu garrantzitsuago bat: ez du ongi agertzen oraingo bizimodua. Mendebaldeko hainbat ama ezkongabeak dira gaur, baina ez daude bakarrik. Askok bikotekidea dute. Harekin bizi dira sarritan. Beraz, denbora izan beharko lukete gimnasiora joateko, baldin eta haien bikotekideek ere lan eta arduren zama beren gain hartuko balute. Zaintza eta zaintza ez dena. Iragarkiak indar handiagoa izango luke emakumeak hauxe adieraziko balu: «Ama naiz, baina bikotekideak nire bizkar uzten ditu etxeko eta zaintza lanak. Horregatik, ez dut astirik gimnasiora joateko. Aparatu hau erabiltzen dut, umea lagun taldearekin utzita, lapikoa berotzen jarrita, gizonak etxera iritsi eta dena prest aurkitu dezan».

Ama ezkongabea dela esateak desitxuratu egiten du XXI. mendeko gizartearen irudia. Alemanez inguruko hizkuntzetan baino hitz aproposagoa dute ama mota hori sailkatzeko: alleinerziehende Mutter, hau da, umea(k) bakarrik hezten ari den ama. Bere kabuz. Normalean ezkongabea da. Edo banandua da, baina ez da dibortziatu. Ezaugarri soil batek definitzen du: bakarrik dago. Frantsesez ere badago esamolde bat, egoera hori ondo definitzen duena: maman solo. Ama ezkongabea edo madre soltera baino askoz ere egokiagoa da.

Eskuarki, bakarrik dagoen amari konpainian dagoenari baino nekezagoa egiten zaio eguneroko bizitza etxean. Kanpoan ere bai. Hor beste emakumeek jasaten duten diskriminazioa pairatzen du hark ere: emakumezkoek gizonezkoek baino gutxiago irabazi ohi dute, batez ere umeak ekarri eta gero. Alemaniako ikerketa baten arabera, ama horien erdiek haurdunaldiaren aurreko urtean baino soldata txikiagoa dute haurra sortu eta hamar urtera. Beste alde batetik, gizonek baino andre gehiagok egiten dute lan jardunaldi erdiz. 2018an, adin txikiko umeen amen bi herenek modu horretan egiten zuten behar han. Portzentaje hori % 6 baino ez zen haur txikien aiten artean.

Berlingo Gizarte Zientzien Zentroko zuzendari Jutta Allmendinger-ek datu esanguratsu bat eman du lan-hierarkiari buruz, Die Zeit astekarian: enpresen zuzendaritza batzordeetako kideen %10 baino ez dira andrazkoak Alemanian. Hausnarketa egin du: «Sabaia ez da kristalezkoa, hormigoizkoa da; oso gogorra eta opakua. Sabaia kristalezkoa izango balitz, hor goian gertatzen denari buruz askoz gehiago jakiteko aukera izango genuke».

Umezaroa aspaldi utzia nuela, etxeko igogailutik irten zen neska batekin egin nuen topo. Elkar agurtu genuen, eta hura bere etxean sartu zen. Nirekin zegoen gizona adurra zeriola mintzatu zen: «Hori neska!». Eta begiekin keinu maltzurra egin, eta xehetasun itxuraz garrantzitsu bat kontatu zidan, isilka-misilka: «Ama ezkongabea da».
Gaiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.