Albistea entzun
Emakumeen aurkako indarkeriari ez
Emakumeen aurkako indarkeriari ez
Emakumeen aurkako indarkeriari ez

DARWIN ETA GU

Sevillan zubereraz

Jose Mari Pastor -

2021eko martxoak 27

Gaur zortzi izango da eguna. Egun historikoa. Horixe esaten ari zaizkigu hainbat zaletu eta jende; horixe saltzen zenbait hedabide. Bizkaian eta Gipuzkoan gehien zabaltzen diren bi egunkariak horretan ari dira, jo eta fuego, batzuetan probintziakeria itsusiena bultzatzen. Eta gutako asko, porrua irensten, gustura irentsi ere.

Egun historikoa. Zeren arabera ikusten dugun. Espainiako futbolaren historian data anekdotikoa da: bi euskal taldek elkarren aurka jokatuko dute Kopako finala. Garrantzitsua? Garrantzia geuk eman diogu. Euskal Herriko ikuspegitik begiratuta, egun historikoa beste bat izan zen, nire ustez: Kortabarriak eta Iribarrek ikurrina atera zutenean Atotxan. Ikurrina artean debekatuta zegoenean. Vocento taldeak beste argazki historiko bat nahi luke, bere ildo ideologikoak sustatzen duena: noizbait bi taldeetako kapitainak bandera espainiarra eskuetan dutela zelairatzea. Horixe da haien ametsa: ikurrina bai, baina, funtsean, bandera eta nazio bakarrak. Badakizue zeintzuk.

Ez dut esango partida ikusiko ez dudanik edo talde baten alde egingo ez dudanik, baina burua galdu barik. Bizitzan badira gauza askoz eder, gozagarri eta garrantzitsuagoak 22 lagun baloi baten atzean korrika ikustea baino. Jokalariek beraiek ere badakite: 2015eko Superkopako finalean hauxe galdetu zion kazetari gazte batek Aritz Adurizi —gola sartu zuen Camp Nou-n—: «Gaur zure bizitzako egunik inportanteena da, ezta?». Eta Adurizek, harriturik: «Nire bizitzako egunik inportanteena nire alaba jaio zen eguna da».

Halakoxeak dira batzuk. Futbola, futbola eta futbola. Besterik ez buruan. Eta horrekin batera, estereotipoak: giputxis eta bizcochos, donostiar uzkurrak eta bilbotar harroputzak. Gero eta gesaldu, urtuago gaude autonomismoan. Iparra galduta. «Para pasar de Euskal Herria a Iparralde...», entzun genuen urtarrileko igande batean telebistako albistegian. Ez dakit, bada, Kazetaritzako ikasleei El País Vasco, Pío Baroja nazionalismoaren kontrakoaren liburua, irakurrarazi egin beharko litzaiekeen Euskal Herria zer den ikas dezaten.

Hala ere, dena ondo doa, ez kezkatu. Athleticeko jokalariek euskaraz egiten ei dute zelaian, talde aurkariek ez ulertzeko. Horixe esan zuen kazetari espainiar batek, luze ez dela. Eta gu asaldatu egin ginen, «fatxa horrek ez du euskara maite». Hala ere, badakigu komunikazioa erdaraz dela, eta jokalariek euskara arma moduan erabiltzen dutela partidan, besterik ez. Argiako Beranduegi umorezko atalak zorrotz azaldu zuen, ironiaz: Iker Muniain: «Athleticen beti euskaraz egiten dugu, eta Realaren kontra, zubereraz».

Baina tira, logikoa da. Gizartean bezala, kirolaren arloan ere agertzen ditu euskarak bere gabeziak. Ez esan buenos días basko autonomista erdaldun bati, urkatu egingo zaitu eta. Egun on esan behar da, nahiz eta gero erdaraz segitu. Gure euskarakada folkloriko horietan ere diferentzia: Bilboko erdaldunak espainierazko moldean esaten du aita —mi áita—. Donostiako erdaldunaren ahoan nabarmenagoa da euskararen arrastoa: el aitá. Gure talde bateko kapitainetako batek hori ere ez: papá idatzi du semearen kamisetako dortsalean. Erdaraz. Eredugarria izan behar omen du, eta hara! Behintzat, ez da plantak egiten ibili.

Zuberera entzungo dute Sevillan. Pentsa! Eraman borthala artino, Iñaki! Tziauste fitexka gibel, Iker! Goiti bürüz urthuk, Unai!, hedatuko da, ozen, Andaluziako hiriko estadioan —eskerrik asko, Allande, hitzok zure euskaran jartzeagatik—. Realeko jokalariek ez dute deus ulertuko zelaian, eta gure zapaltzaileek are gutxiago palkoan. «Zer hizkuntza arraio da hori?». «Frantsesa, errege jauna, frantsesa». Eta halaxe da haientzat: bizkaiera eta gipuzkera, espainiarrak; zuberera, frantsesa.

Egun historikoa gaur zortzi. Biharamuna ere, gaur bederatzi, egun berezia izango da, eta guk bezperan bezain zapaldurik segituko dugu. Baina horrek zer ardura digu? Egun historikoa Espainiako futbolak ezartzen digu euskaldunoi.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

EAJren burukideak, BECeko Batzar Nagusian ©Monika del Valle / Foku

«Entzute aktiboko» prozesu bat abian jarriko du EAJk datozen hilabeteetan

Gotzon Hermosilla

Jeltzaleak VIII. Batzar Nagusia egiten ari dira Barakaldoko BECen.

Igandean egin ziren kontzejuetako hauteskundeak. Irudian, Añuako herritarrak botoa ematen. ©ARABAKO KONTZEJUEN ELKARTEA

Arabako kontzejuen %24k izango dute emakume bat lehendakari

Edurne Begiristain

Kontzejuetako administrazio batzarretako ordezkariak aukeratu dituzte. Finantzaketa, digitalizazioa, emakumeen parte hartzea eta despopulazioa izango dituzte erronka nagusi

Maddalen Iriarte EH Bilduko bozeramailea, atzo, Eusko Legebiltzarrean. ©JAIZKI FONTANEDA / FOKU

«Aukera bat» aurrekontuei

Jon O. Urain

EH Bilduk ez dio osoko zuzenketarik jarri Jaurlaritzaren aurrekontu proiektuari, «elkarrizketarako borondate zintzoa» erakusteko. Eskertuta erantzun du Urkulluk: «Bide berri bat irekitzen da»

Olatz Garamendi Gobernantza Publiko eta Autogobernu sailburua ©Raul Bogajo / FOKU

Garamendik ez du parte hartuko Autonomia Erkidegoetako Presidenteen Konferentzian

Oihane Puertas Ramirez

Adierazi du Espainiako Gobernua hitzartutako «aldebiko akordioak behin eta berriz ukatzen» ari dela, eta Sanchezen Gobernuari eskatu dio bete dezala Eusko Jaurlaritzarekin «hitzartutakoa». Garamendik nabarmendu du ez dutela onartuko «Eusko Jaurlaritza gutxiestea».

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Izan BERRIAlaguna

Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu euskarazko kazetaritza independente eta kalitatezkoa egiten segitzeko.