Bozak Euskal Herrian

Idoia Mendiak dio ez duela ekarpenik baztertzen, zabalik daudela itunetara

EPk Jaurlaritzarako hiru aldeko akordio baten alde egin du. EH Bilduk ez du posible ikusten, oraindik «egiteke dagoen bide bat baitago»

Paulo Ostolaza.
2020ko maiatzaren 28a
00:00
Entzun

PSE-EEk, Elkarrekin Podemosek eta EH Bilduk osa dezaketen hirukoa gai zentraletako bat izango da Eusko Legebiltzarrerako bozetarako kanpainan. Hiru alderdi horiek joan den astean aurkeztu zuten Madrilen 2012ko lan erreforma indargabetzeko akordioa, eta ikusteko dago adostasun hori gai gehiagotara zabalduko den ala ez. Horretaz jardun zuten atzo hiru alderdietako lehendakarigaiek.

 

PSE-EEko Idoia Mendiak «akordioetarako prest» daudela esan zuen atzo, «Euskadiren berreraikuntza sozioekonomikoan ezin baita inoren ekarpenik baztertu». Horretarako, gobernua osatzeko gehiengoez gain, bestelako akordioak adostearen aldeko jarrera erakutsi zuen: «Guk proposamenari erreparatzen diogu, ez proposamena egiten duenari». Mendiak bilera telematiko bat egin zuen atzo goizean Bilboko, Donostiako eta Gasteizko alkateorde sozialistekin, eta bertan esan zuen sozialismoa, besteak beste, «komunitate osoari mesede egiten dioten akordioetarako prest egotea» dela.

Miren Gorrotxategik, Elkarrekin Podemoseko lehendakarigaiak, erakutsi zuen hiruko itunaren aldeko jarrera argiena. Haren iritziz, gobernu hipotetiko hori osatuko luketen alderdiak bat etortzen dira lan erreforma deuseztatzeaz harago doazen helburuetan: «Hirurotako inork ez dugu nahi Confebasken neurrira eginiko irteera bat datorren krisiarentzat». Azken krisi ekonomikoan EAJk Mariano Rajoyren gobernuarekin batera hartu zituen neurriak ere gaitzetsi zituen.

Gorrotxategik azaldu zuenez, hiru alderdiek bat egiten dute aurrerantzean «gakoak» izango diren hainbat gaitan: «Sektore publikoa babestu nahi dugu, baita murrizketak eta desindustrializazioa baztertu ere. Trantsizio ekologikoa ez dugu gehiago atzeratu nahi, eta ez dizkiegu kontzesio gehiago egin behar bankuei eta oligopolio energetikoari». Azaldu zuenez, helburu horiekin ez dute alderdiek soilik bat egiten, baizik eta baita «euskal gizartearen gehiengoak ere, zeina aurrerakoia eta solidarioa den».

«Bidea dugu egiteko»

Maddalen Iriarte EH Bilduko lehendakarigaiak, ordea, ez du Gorrotxategik bezain argi ikusten hirukoa osatzeko aukera. Lan erreforma indargabetzeko akordioa ontzat jo zuen atzo, eta azpimarratu zuen akordioak «gizartearentzat onak diren edukien arabera» sinatzen jarraituko dutela. Dena den, ez du posible ikusten «aurrerakoien gobernu bat» Eusko Jaurlaritzan, haren iritziz, oraindik «egiteke dagoen bide bat» baitago.

Halere, Iriartek argi du «ideia aurrerakoiak dituzten alderdiek» bat egiten dutenean «euskal gizartearen bizi kalitateak hobera» egiten duela. Adibide gisa jarri zituen Nafarroako Gobernua osatzeko akordioak, Irungo Udalean (Gipuzkoa) aurrekontuak onartzeko erdietsitako ituna, eta joan den astean Madrilen sinatutakoa: «Horien guztien oinarria gizartearen ongizatea helburu duten eduki batzuk dira».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.